GAUR8 - mila leiho zabalik

Eros ahalmena


Hitz larriz irakurri nuen azken bi urteetako erradiografia ekonomikoaren berria: «EAEko langileen soldaten eros ahalmenak batez beste 704 euro galdu ditu». Beste behin, latexezko eskularru zuriz eginiko lapurreta bizia. Agintarien esanetan ekonomia ari omen da bere onera etortzen, eta beharginen egoera ere hobetuko omen, nonbait ezkutuko ente abstraktu batek sortu krisi larritik. Iraingarria egiten zait sortu kalte eta sufrimenduekiko arduradunik gabeko erretolika. Bada garaia “lapurtu” aditzari subjektuak zehaztekoa eta urteotan guztiotan langileei kendutakoa itzultzen hastekoa.

Azkenean egia izango da politikak baduela bere alde erotikoa. Nola ulertu bestela hainbeste agintari aritzea handik eta hemendik herritarroi popatik ematen. Ez dut azken ariketa sano horren aurka azaltzeko inolako asmorik, bedi betiere kideen artean gogoz praktikatutako hartu-emanetan. Baina, ez al da ba jazarpena gainontzean?

Buruko mina kolpeka datorkit borondatearen kontra uzkiko giharrak behin eta berriz urratu dizkidatela gogoratzen dudanean. Bereziki mingarriak zaizkit inolako miramendurik gabe popatik bortizki sartu dizkidaten lehendakari Urkulluk AHTa, ahaldun nagusi Olanok erraustegiaren tximini beltz erraldoia eta Ignacio Sanchez Galanek (Iberdrola) Garoñako supositorio nuklearra.

Jazartzen zaizkigu apaizak Jainkoaren izenean bere egiteko, bankari errukigabeak akaina lez xoxa guztiak zurrupatzeko eta politikari-lapurrak denona dena patrikaratzeko edo enpresari lagunak aberasteko. Besteena baimenik gabe hartzearen ariketak asko izan behar du boterearen erotikatik.

Eros ahalmena kenduko didate. Baina ez didate berehalakoan kenduko greziar mitologiako Erosen eraginpetik jasotako sexurako ahalmena eta aitortzen dut Urkullu, Olano edo Sanchez jaunen popek trena, tximini beltza edo supositorioez osatu tresna erotikoek barneratu dituzten berriak orgasmo nuklearrak sorraraziko lizkidakeela. •