GAUR8 - mila leiho zabalik

Igo zuhaitzera!


Heziketa txarraz idatzi nuen aitzinekoan, eta horri helduko diot berriro, bertze ikuspegi batetik, aunitz pentsatzen dudan gaia delako, kezkatzen nauena eta ingurukoekin komentatzen dudana. Zenbatez zoriontsuago izanen ginen bakoitza garen bezalakoa izanez, eta ez bertze inor, ez bertzeek nahi edo espero dutena.

Ideia hori etorri zait Hazte Oír plataforma ultrakatolikoaren autobusa geldirik ikustean, eta Munilla eta enparauak sutan (Eliza katolikoak gugan duen pisu itzelaz bertze batean idatziko dut). Chrysallis EHk ume transexualak kontent bizitzearen alde egindako kanpaina entzutetsuari erantzuten dio “Háztelo Mirar”-ekoen autobusak. Baina jendeak eta honekin batera instituzioek gasolina kendu diote.

Haur transexualen familien elkartekoak pozarren daude horrekin. «Jendartea prest dago. Paradigma aldaketa historikoa da: diren bezala biziko diren transexualen lehen belaunaldia izanen da. Zinez hunkigarria da», adierazi du Bea Server kideak. Eta aniztasuna onartzean norbere buruari, eta guztiei, on egiten diegula erantsi du. Hala dela iruditzen zait bete-betean. Askatasuna irabazten dugu, izugarrizkoa. Txikitatik norbera den bezala tratatzeko sentsibilitatea aldarrikatzen dut, oraindik kalean haurrek «maricón» oihukatzen duten garaian, oraindik desberdina seinalatu eta epaitzen den garaian, oraindik gure irudimenari eta izaerari mugak jartzen dizkion heziketa jasotzen dugun garaian (ez soilik eskolan, toki guztietan, denok baikara hezitzaile eta hezitako).

Eskolako heziketaren giltza den ebaluazioaren inguruan lanketa zabal bat egiten ari diren LABeko kideek azaldu didaten bezala, ez du balio elefanteak, tximuak, krokodiloak eta mota guztietako animaliak dauden oihanean honako azterketa jartzeak: igo zuhaitzera! •