Nagore Belastegi Martin
KONTU KONTARI SAREAN

Denbora pasa huts baino, blogak diru sarrera bilakatzen direnean

Blogari asko gustuko dituzten gaien inguruan aritzen dira, dirua irabazteko inolako asmorik gabe. Baina, publizitateari esker, posiblea da jarduera horrekin ere sos batzuk ateratzea. Horrez gain, blog profesionalak ere egin daitezke, eta, orduan bai, orduan enpresa baten antzera aritzea komeni da, Interneteko LSSI legea errespetatuz betiere.

Luis Jauregialtzo/ Argazki Press
Luis Jauregialtzo/ Argazki Press

Mahai gainean pantaila bat, lanerako tresna ezinbesteko gisa; komunikatzeko bitarteko aparta, entziklopedia digitala, milaka istorio berri irakurtzeko leiho... Ordenagailuaz ari naiz, noski, eta, zehazki, Internetek egun ematen dizkigun aukerez. Hasierako pausoak lotsatiak izan baziren ere, mundura zabaldu eta azkar egin du bidea. Laster agertu ziren lehen blogak, non erabiltzaileek euren istorioak edota interesak elkarbanatzen zituzten. Batzuek irakurle ugari lortu zituzten eta horrela sortu zen negoziorako aukera berri bat. Blogen hizkuntzak munduko hizkuntzak bezain anitzak izan daitezke, baina, Internetek mugarik ez duenez, askok hizkuntza handiak erabiltzea erabakitzen dute. Hala ere, erabiltzaileak gero eta gehiago direnez, hizkuntza gutxituek ere badute euren publikoa. Eta, nola ez, baita euskarak ere.

Hori kontuan izanik. Azkue Fundazioak “Blogetan! Euskal blogariak lehian” norgehiagoka asmatu zuen. Bada, ostegunean, bigarren edizioa egin zuen. Aurtengoan 129 blogek eman zuten izena lau kategoria hauetan sailkatuta: kultura, aisialdia, gizarte eta politika, eta zientzia eta teknologia.

Lehenengo bozketa batean kategoria bakoitzeko hiru finalista hautatu zituzten, eta, ondoren, ostegunean Bilboko Euskararen Etxean egindako jardunaldian, irabazleak nortzuk izan diren iragarri zuten. Hala, kultura kategoriako euskal blogik onenaren saria “Iparraldeko neska” blogak eskuratu zuen, Castillo Suarezena. Bertan hainbat idazleren testuak argitaratzen ditu, gehienak emakumeak. Testuak zaharrak zein berriak izan ohi dira, gertukoak zein urrunekoak, jatorrizkoak zein itzulpenak.

Gizarte eta politika kategorian, irabazlea “Etzi pm” talde bloga izan zen. Talaios Kooperatibaren bloga, eztabaida eta hausnarketarako proiektua da.

Hirugarren kategoriari, aisialdiari, dagokionez, hautatua “Game Erauntsia” izan zen, talde bloga honakoa ere. Bideo jokoak gustuko dituen erabiltzaile batek sortu zuen bloga. Berez, webgune bat da, eta horren baitan blog bat dago, non bideo jokoen inguruan sortzen diren albisteak zabaltzen dituzten.

Azkenik, zientzia eta teknologian saritua “Iparra” bloga izan zen, Xabier Martinena. Euskaraz sortzen diren baliabide teknologikoen berri ematen du bertan, eta horien aldeko kanpainak ere abiarazten ditu.

Lau sarioz gain, “Argia” aldizkariak blogari berriaren saria ere banatu zuen. Ainara Berges eta Josune Gil izan ziren sarituak “52 milimetro” argazki blogarengatik.

Adi legediarekin!

Gaiarekin lotuta, Euskararen Etxeko ekitaldia blogen inguruko arratsalde oso bat prestatzeko baliatu zuten. Bertara hainbat aditu gerturatu ziren, tartean Ion Turrillo, Biantik kooperatibako abokatua eta Internet arloko aholkularitza juridikoan aditua.

&zeroWidthSpace;Bertaratuen zalantzak argitu aldera, blog bat zabaltzerakoan kontuan izan behar diren legeak azaldu zituen Turrillok. Izan ere, bloga zabaltzearekin ez da nahikoa: badaude errespetatu beharreko arauak. Egin behar den lehen zehaztapena blogak irabazi asmoa duen edo ez da. Irabazi asmoa duten blogek ezinbestean bete behar dute LSSI legea, “Interneteko legea” bezala ezaguna. «Blogaria identifikatu egin behar da; autonomoa edo enpresa den, zein helbide fiskal duen…», aipatu zuen adituak. Datuak babesteko legea ere derrigor bete behar da. Argazkiei dagokionez ere, jabetza intelektualari arreta jarri eta argi izan behar da zein argazki argitara daitezkeen eta zeintzuk ez.

Esan bezala, irabazi asmoko blogen kasuan blogaria nor den identifikatzea ezinbestekoa da, zerbitzu bat eskaintzen delako. Turrillosek adibide bat jarri zuen: «Eroskik badu blog bat, oso ospetsua. Bertan irabazi asmoa badago, Eroski enpresa bat baita. Kontsumitzaileek badute eskubidea jakiteko bloga norena den, bai iradokizunak jarri nahi badituzte, bai blogaren idazlearekin harremanetan jartzeko...».

Irabazi asmorik gabeko blogen kasuan, LSSI legea ez da aplikatzen, baina bai datuak babesteko legea. Izan ere, besteak beste, iruzkinak uzten dituzten erabiltzaileen datuak jasotzen dituzte blogok.

Baina nola dakigu blog batek irabazi asmoa duen edo ez? Bada jarduera profesional batekin zerikusia badauka, irabazi asmoa izango du. «Demagun medikua naizela eta galderak egiten dizkidatela. Hori bai, blogean nire kontsultaren berri ematen ari naiz. Bada, bloga amua da. Kasu horietan bloga webgune baten parekoa da: zeharka gauzak saltzeko erabiltzen da». Aldiz, zozketa bat egiten badugu eta zozketa horren bidez dirua lortzen badugu baina dirua kausa bati emateko bada, ez dugu irabazi asmorik izango.

Bestalde, blogetan publizitatea jarriz edota produktu edo enpresa zehatzei buruz hitz eginez dirua irabazten duten blogariak ere badaude.

Ogibidea sarean

Blogak ogibide ditu, adibidez, Antonio Ortiz malagarrak. «Euskal blogintzari buruzko jardunaldi batera malagar bat ekarri dute. Hori oso originala da!», esan zuen barrez. Weblogs enpresaren sortzailea da eta hedabide-talde moduan funtzionatzen du. Izan ere, 40 blog baino gehiago kudeatzen ditu, tartean oso ezagunak diren batzuk: Xataka, Genbeta, Applesfera, Trendencias, Directo al Paladar, Bebés y más, Vitónica edo Motorpasión. Horietan elkarrizketak, albisteak, gidak, probak, aholkuak... argitaratzen dituzte.

«Duela hamabi urte blogen munduan hasi ginenok ‘zahar digitalak’ izaten hasiak gara. Badago jaiotzez digitalak garen ideia, baina, egia esan, Interneti buruz dugun ideia gainbeheran dago, eta, berriz, belaunaldi berrien narratibak gorantz egiten ari dira. Esan genezake blogen mundua, gauzak testu eta argazki batekin kontatzearen ideia, krisian dagoela. Hedabide tradizionaletan papera iraganera lotzeko aingura den bezala, belaunaldi digitalaren aingura blogak dira», aipatu zuen.

Ortizen hitzetan, lehen blogariei «40 urteen krisia» sortzen zaie belaunaldi berriek beste interes batzuk dituztela ikustean. «2004. urtean hasi ginen. Mundu amateur batean, zaletasun moduan sortu zen mundu batean, aitzindariak izan ginen. Blogosferan zegoen talentua ikusirik, negoziorako baliagarriak izan zitezkeen hedabide berriak sortzeko aukera ikusi genuen. Ideia hedabide tradizionalen kontrakoa zen: hauetan titulu akademiko bat duen jendea bilatzen da, ondoren hedabidean lanean komunikatzen ikasten dute eta pixkanaka espezializatu egiten dira. Guk alderantziz egin genuen: komunikatzeko gaitasuna edo titulazioa ez zen hain garrantzitsua, euren blogetan gustuko zituzten gauzak kontatzen zituzten pertsonak bilatzen genituen», azaldu zuen.

Hedabide-talde bat bezalaxe egiten du lan Weblogs enpresak, baina blog kultura bizirik mantentzen jarraitzen dute. Jendea kontratatu, lantaldean sartu eta hedabide berria sortzen dute; ostean, hedabide horren diseinua erabakitzen dute, edukiak aztertzen dituzte eta publikatu aurretik zuzendu egiten dituzte.

Ospetsu izateko aukera

Internet lanbide bihur daitekeela argi dago jada, sarean sortzen ari diren joerei begiratzea besterik ez dago. Fenomenorik deigarriena youtuberrena da. Asko filmetako izarrak bezain ospetsuak bilakatu dira, marken irudi, moda sortzaile... Euskaraz aritzen diren youtuberrak, gutxi izanagatik, pixkanaka muturra sartzen ari dira bideo-blogen munduan. Horrela ezagutu genuen Supertxope, epe baterako sortutako pertsonaia satirikoa, edota Aiora “Probatxoa”, duela gutxi oihartzun handia izan duen estreinatu berri den youtuberra. Gabi de la Mazak, berriz, karaokeak prestatzen ditu euskal kantekin, eta, Maitane Segurolak, tutorialak eta elkarrizketak. Iban Garciak, bere aldetik, umoreari heltzen dio egunerokotasuneko istorioak kontatzeko, eta “Sleeptak” kateko Zurik haurrentzako edukiak eskaintzen ditu.

Euskaldunei oraindik bultzada bat falta zaie mundu mailan ospetsuak diren youtuberren pare jartzeko, baina ibiliaz egiten da bidea. Osperako bidea jada ibili duena Barakaldoko Esty Quesada da, gaztelerazko “Soy una pringada” kateari esker oso ezagun bihurtu dena. Dena gorroto du, ez du iritzirik isiltzen eta drag queen-ak bezala makillatzea gustuko du.

Mundu mailan ezagunak diren Youtube atariko izarrei dagokionez, badaude benetako dirutzak egiten ari direnak: bere kabuz kozinatzen ikasi duen Rosanna Pansino; makillajea eta jostailuak probatzen dituen Bunny Meyers (Grav3yardgirl); Roman Atwood umorista; umorezko bideoak egiten dituen Rhett eta Link bikotea; Lindsey Stirling biolinista; Benny eta Rafi Fine anai-arrebak; El Rubius malagarra; edo bideo batean ezkon-hitza eman zuten RoEnLaRed eta JPelirrojo. Justin Bieber abeslaria bera youtuberra zen eta bere burua kantatzen grabatzen zuen norbaitek bere trebezia sumatu zuen arte. •

 

Euskal blogariak zenbakitan

Bilboko ekitaldian euskal blogosferan egin duten inkesta baten emaitzak ere ezagutzera eman zituzten. Hala, 1999tik hona blog kopurua asko hazi dela jakinarazi zuten. 2008an beherakada sumatu zuten, baina gero pixkanaka blog kopurua handituz joan da berriro. Igoera nabarmenena 2016an eman zen.

Blogen erdiak profesionalak dira eta gainontzekoak aisialdikoak edo pertsonalak. Horietatik %21,4 euskara hutsean daude, eta %74,5ek euskara eta beste hizkuntza bat nahasten dituzte. Gainontzekoak euskara ez den beste hizkuntza batean daude. Euskaraz ez idazteko arrazoi nagusia bloga Euskal Herritik kanpo zabaltzeko nahia da, baina publiko gutxi dagoela eta idazteko trebezia ere eskasa dela aipatu zen. Bestalde, blogarien %35,7k .EUS domeinua erabiltzen dute. Erabiltzen ez dutenek nola egin ez dakitelako edo ez dutelako aukera horretan pentsatu ez dute egiten. Batzuek garestia dela uste dute eta beste batzuek etorkizunean erabiliko dutela erantzun dute. Inkestaren arabera, blog gehienak zaletasun bati buruz hitz egiteko, lan tresna moduan edo egileak idaztea gustuko duelako sortu dira. Edukiari dagokionez, gehienek iritziak eta hausnarketak biltzen badituzte ere, sormenak eta formakuntzak ere badute lekua.