Ula Iruretagoiena Busturia
Arkitektoa

Lurraldearen generoaz

Lurraldearen euskarri fisiko-biologikoak ez du generorik. Baina lurraldearen gainean egin izan den eta egiten den politikak aparteko irakurketa du generoaren betaurrekoen bidez egiten denean, eta orduantxe antzematen zaio bere sexualitatea. Lurraldearen antolaketa pentsatu, teorizatu edo bere praktika erabakitzen den esparruetan emakumearen presentzia eta ikuspegiak ez du eragin handirik izan –edo emakumea egon bada, ez du adina oihartzun izan historiako kontakizunean txertatzeko–. Hiriaz eta lurraldeaz gogoeta egin duten emakumeak egon dira, eta zenbaitzuk funtsezko ekarpenak egin badituzte ere, diskurtso nagusiaren ahotsa gizonarena izan da eta lurralde antolaketaren praktika ikuspegi maskulinoaren herentzia da. Arkitekto hirigileak gizonezko jantzia janzten du eta gaur egun gure lurraldeak erakusten duen bizitza ereduaren pentsalari eta sortzaile da. Lurraldearen antolaketa eredu hegemonikoa, patriarkala dela jo dezakegu.

Mugimendu modernoari egozten zaio XIX. mendeko hiri ereduarekiko haustura: hiriarenak berezkoak ziren funtzioak hiritik atera eta lurraldetik zehar sakabanatzen hasi zireneko unea. Funtzio hauek bizitzaren aktibitateei dagozkionak dira: loa, lana, erosketak, aisialdia, kirola, giza harremanak... Operazio urbanistiko horren hitz teknikoa “erabileren zonakatze espaziala” da, eta hiria eta lurraldearen antolaketa bateratzen dituen planteamendua da. Egunerokotasuna osatzen duten funtzioak espazialki banatzeak –loaren gunea, lanaren gunea, aisiaren gunea...– eta beraien artean distantzia artifizialki sortzeak –gune desberdinak errepideekin josiz–, hiriko bizitza organikoa suntsitzea ekartzen du. Lurraldearen eta hiriaren antolaketa errazten eta sinplifikatzen duen eragiketa da, berorren sorrerak herritarren bizitza kalitatea hobetzearen aitortza badu ere.

Emakumeari, historikoki, bizitza osatzen duten aktibitate desberdinetan aritzea esleitu zaionez geroztik, funtzio banaketa eta urrutiratze horrek bere egunerokoaren bizipena estrukturalki zatikatzea ekartzen du. Hau da, ez dio bere beharrei erantzuten. Bizitza aurrera eramateko beharrezko ibilbideak sakabanatzea, “kalearen heriotza” dela esan ohi da, baina are gehiago, sortu diren distantziak ibili behar dituenaren bizitza desegitea da. Hau da, emakumearena eta distantzia luzeak azkar eta eroso egiteko erraztasuna edo aukerarik ez duen ororena. Mugikorkeria horrek eta bizitzako aktibitateak oinez egingarriak ez diren distantzietara kokatzeak, egunerokoaren zailtasunen berri ez jakitea –edo aintzat hartu ez izana– agerian jartzen du. Aldebakarreko ikuspegi horrek biztanleriaren atal baten gain ondorio latzak izan ditu. Beraz, arkitekturaren akademiak kontatzen digun historiari zuzenketa bat egin beharrean gara, ñabardura bat ahaztu baitzaio: kalearen hausturaren ardura mugimendu modernoaren maskulinitateak duela hain zuzen ere.

Arkitekturan eta hirigintzan, gizartearen beste alorretan bezalaxe, iraultza feminista egiteke dago. Izan ere, espazioa eta, beraz, lurraldea “gizaki unibertsalarentzat” eraikia dago, funtzionaltasunaren arkitektura-manifestu nagusietan aitor den bezala. Funtzionaltasunaren apologiak gorputz “estandar” baten aldeko hautua egiten du desberdintasunak ezabatzeko aitzakian eta eraikitzen denaren gainean legitimitatea eskuratzeko bidean. Gizaki unibertsal baten aldeko eraikuntzak espazioaren produkzioa lan objektibo bilakatzen du, balio funtzionalak arrazionalak eta berdintasunekoak balira bezala. Generoaren irakurketa sakon batek lurraldean inposatzen den bereizkeriaz jarduteko parada eskainiko liguke, ikuspegi desberdinek sortzen duten gatazkak mahaigaineratzeko eta hauekin bizikidetza baten prozesua abian jartzeko, lurraldea antolatzen duten dogmatismoen zurruntasunetik mugitu eta berrikuntzak aplikatzeko. •