Iratxe Urizar

Amak

Bihar Amaren Eguna da. Igandea, jaieguna merezi duten edo ez eztabaida desatseginean sartzeko beharra ez izateko. Ez litzateke ezohiko zerbait izango, izan ere, Aitaren Eguna jaieguna izaten da askotan, San Jose eguna, horrek daraman ironia guztiarekin. Maiatzeko lehenengo igandea. Egunak berak loreak, arrosa kolorea, blingbling, irabiagailuak, hauts xurgagailuak… ekartzen ditu berarekin, eta telebista jo eta su ibiltzen da makinaria kapitalista guztia abian.

Egia da ama izatea oso polita izan daitekeela, baina ezta urrunetik ere ez da ez arrosa ez blingbling. Gogorra da, zalantzarik gabe. Haurdunaldi edo adopzio prozedura luzeak izatea gerta daiteke, nekagarriak, mingarriak askotan. Ondoren, bizitza osorako amatasuna: pazientziaz, maitasunez, erantzukizunez betea. Polita bakarrik ez, oso polita askotan, baina gogorra ia beti.

Egun hauetan beste amatasun mota baten ospakizuna ere eman da. Madre de Plaza de Mayo elkarteak 40 urte bete zituen aurreko astean. Ezin hobeto gainera, 122. biloba aurkitu berri dute eta. Biloba; euren seme-alabak bilatzen zituzten horiek orain euren seme-alaben haurrak bilatzen dituztelako. Gaur egun, ume horiek nagusi egin dira, azkeneko gizonak bere familia propioa osatua zuen jada. Borrokan daramate 40 urte borrokan eta behar diren urte guztiak borrokatzen jarraitzeko prest daude, gainera. Euren senide desagertuekin zer gertatu zen argitzea exijituko dute nekatu gabe, erantzuleak markatuko dituzte behar den aldiro eta ez dute inondik inora onartuko «desagertu egin ziren» azalpena. Ez dira etxean bakarrik negarrez geldituko; antolatu egingo dira, borrokatu egingo dute eta behar denaren aurrean tinko eutsiko diote: berdin da pareko hori militarra, politikaria, epailea edo sistema politiko oso bat izatea. Berdin da demokratikoa den estatu batean edo ez den batean izatea. Segi egingo dute.

Besarkada eta muxu handi bat Noritari, munduko beste punta horretan borrokan dirauten emakume horiei guztiei. Baita munduko beste toki askotan borrokan ari diren emakumeei ere. Baina, noski, baita hurbil ditugunei ere: Celes, Fina... euren seme-alabek pairatzen dituzten eskubide urraketak salatzen dituzten guztiak.

Batzuetan desagertuta daude eta beste batzuetan ez, baina kasik: sentsazio hori izan baitezake Murtziako espetxera (adibide bat jartzearren) bisitan doan inork.

Kalkulu akats larria

Baina gure seme-alabak desagerrarazteko antsia horrek kalkulu akats larria egiten du; ama horiek infernura ere jaitsiko baitira eta deabruari berari aurre egingo baitiote, une batez ere zalantza egin gabe, deabru horrek –uniformea eraman edo ez– euren umeak eraman nahi baldin baditu. Beste muxu erraldoi bat etxe giroan euren txikiak mindu nahi dituzten horien kontra borrokan ari direnei, amaigabeko prozesuetan sartuta. Mehatxuz jositako prozesuak, non inoiz ez den amaren kontra jotzen –ederki dakitelako amak ez direla kikiltzen kartzela mehatxuekin edo isunekin–. Aldiz, Damoklesen ezpata beti egoten da euren haurren aurka. «Ondo portatzen ez bazara, min egiten dion horrekin bidaliko dugu seme-alaba». «Ez zaitez antolatu, ez zaitez errebelatu, ez ezazu borrokatu. Ez zaitez mobilizatu, ez ezazu zaratarik atera». «Errenditu, behingoz! Emakumezkoa zara, bete ezazu dagokizun rola, erostari pasiboarena. Horrelakoak dira gauzak, onar ezazu».

Kalkulu akatsa. Gure haurrek euren ondoan izango gaituztela badakite. Kontrakoa pentsatzen duenak ez daki amatxo bat zertarako gai den. •