Iker Barandiaran

Belaunaldi batek apo tematiei

Orriotara El Corazon del Sapo taldea ekarri du Amagoia Mujikak. Aragoiko jatorria duen taldeak bere ibilbidea eten zuenetik hamazazpi urte pasa dira eta ezustean bueltan dira Hatortxu Rock-en alde beraien alea emateko. Iraganean taldea bere horretan ezagutu genuenok horrekiko oroitzapen ederra daukagu; eta han egoterik izan ez zutenetako askok –momentuan momentukoa barik bizi gabekoa miresteko joerak– esperientzia hori nolabait bizi izateko irrika. Ia hogei urte pasa dira taldea indarrean zegoenetik, baina inongo zalantzarik ez daukat indar betez izango dela bueltan: musika zaletasun amorratuaz harago, konpromisoak eta koherentziak batu ditu beti proiektu honetako kideak, eta ez dute inoiz taldearekin txantxetarako betarik hartu; aragoiar hauek halako tematiak dira.

90eko hamarkada bete-betean bizi izan genuenontzat kuttuna izan zen garai hori eta horren parera gordetzen dugu El Corazon del Sapo ere, garai horrekin estu lotzen duguna gainera. Ipar gabe edo ideia faltan zegoen Espainiako Estatuko hardcore-punk eszenari freskotasun itzela gehitu zion, musika eskaintza energetiko, konprometitu eta irudimentsua eskainiz. “La imaginación contra el poder” estreinako lanetik abiatuta taldeak begi eta belarri asko zabaldu zituen. Eta, jakina, azkar baino azkarrago Estatu osotik musika eszena indartsuena eta underground azpiegitura sendoena zuenak, Euskal Herrikoak, besoak zabalik hartu zuen taldea. Haiek ere etxeko sentitu ziren eta askotan izan zen taldea gure artean; poliki-poliki hemengo egin zen hein handi batean.

90eko hamarkadako lehen erdiaz hitz egiten ari gara, eta 80ko hamarkadan izandako eztandatik kimu asko zeuden sasoi hartan gurean autogestio, kontrainformazio eta asanblearismoaren alorrean. Herri ia guztietan gaztetxeak zeuden, lan egiteko gogoa eta moduak kontzienteagoak eta eraikitzaileagoak ziren eta azpiegitura sendo samarrak eraikita zeuden: irrati libreak, fanzineak, diskoetxe independente batzuk, banaketa alternatibo sareak, antidesarrollismo izaera, sormena barra-barra eta musika zale ugari, besteak beste. Are gehiago, 90eko hamarkadak iraganeko punk vs heavy dikotomia (jada antzua zena) apurtu eta musika estilo zein gustuen irekiera itzela ekarri zuen berarekin batera. Hala, estilo askoren arteko mugek eztanda eginda irekierak fusio aberatsa ekarri zuen, musikari ere on egin ziona. Hemen aipatutako taldea ere horren adibide argia izan zen. 

Ez dut El Corazon gurtu nahi, bere taldekideen izaerarekin inola ere bat ez datorrelako, baina ezin da ukatu Aragoiko taldeak kantu indartsu, itsaskor eta mezuz betetakoez gozarazteaz gain, gauza asko ekarri eta gogorarazi zizkigula: kontzertuetan guztia eman beharra zegoela, zabaldutako mezua egin edo eskainitakoaren erdia baino gehiago dela, eta konpromisoa zein koherentzia, agertokian zein azpian ezinbestekoak direla, hain zuzen ere.

Ez zuten bolbora beraiek bakarrik asmatu, baina egia da ere Estatuko beste herrialde batzuetan ematen ari ziren problematikei buruz begiak zabaldu zizkigutela, eta gaztetxe zein etxe okupatuen azpiegitura horretan barrena kausa txiki horiek bata besteari lotuz saretzeko bidea ere erraztu zutela. Garai hartan hein handi batean hemendik harat behatzea falta zitzaigun eta beste borroka eta langintzei ere erreparatzea. Haiek moduko talde gutxi batzuei esker hemen bizi genuen burbuilatik burua atera zuen jende gehiagok eta herrien arteko parekotasunak antzeman.

Hori horrela, orain hamazazpi urte pasata, aurretik eskaintza ugariri uko eginda, Hatortxu Rock-en helburu eta izatearekin bat egiteko batzea erabaki dute, horretan sinisten dutelako; eta, gainera, itzulera honen harira batuko duten diru apurra –baina duina erabatekoa– errefuxiatuen alde lan egiten duen Zaragozako plataformari emango diote. •