GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
EdgarDe Leon
abokatu maia

«Goazen politikoki formatzera, hazitegia sortzera, etorkizunean fruituak izan daitezen»

Mugarik Gabek gonbidatuta etorri da Guatemalatik Euskal Herrira, eta, bere herriko erronken berri eman digunean, ezagun egin zaizkigu hainbat ezaugarri.


Mugarik Gabe, CEAR Euskadi eta Ekologistak Martxanek “Bizitza jokoan: kriminalizazioa eta giza eskubideen defentsa” izenburuarekin antolatutako mahai inguruetako batean parte hartu du Edgar de Leon abokatu maiak, Latinoamerikako eta bertako hizlariekin batera. Lehenago egunkarian izan dugu bisitan, eta bi antolakunderen lana ekarri digu.

Lehena prozesu juridikoetan sartutako pertsonak defendatzeko espazio bat da. Juxtu orain eraikitzen ari dira. Bigarrena Uk' ux B'e Elkarte Maia da. Honek bide bat egina du jada Guatemalan formazio politiko maia ematen. «Legalki duela hamabi urte baino gehiago sortu zen, baina borroka aunitzez lehenagotik dator. Formazio politiko maiako prozesuen alde egiten du apustu, Guatemalan herri indigenek dugun hutsuneetako bat delako. Formazio falta horrek edozein bandera politiko eustera eraman gaitu, bizi dugun egoeratik aterako gaituela sinetsiz. Banderak gurea izan behar duela ikusi dugu, ezkerrak bere ideologia duelako, eskuinak berdin, eta herri indigenok ere gure jarrera politikoa dugulako».

Epe luzera proiektatu

Agertu duenez, Latinoamerikan herri indigenen proposamen politikoak sortzen dira bizitzak nolakoa izan beharko lukeen ulertzeko, etengabe gatazka eta gerretan sartu gabe, baliabideak arrazoirik gabe suntsitu gabe… «Mundua aunitz azkartu da eta herri indigenok, gure elementu filosofiko eta ontologikoetatik, gure izatetik abiatuta, batek ez duela bertzearen aitzinetik joan behar diogu. Komunitate sentimendua badago Guatemalan. Badira elementu komun aunitz elkartzen gaituztenak. Gertatzen dena da ez ditugula epe luzera proiektatu».

Adibideren bat jartzeko eskatu diogu. «Iaz hainbat enpresa eta politikariren ustelkeria agerian gelditu zenean herria arrazoi komun batekin identifikatzen hasi zen. Analisi politikoa falta zenez, ustelkeriaren kontra jo zuen bere horretan. Baina hau hezkuntza eta osasun faltarekin lotu zuenean, zentzua aurkitu zion borrokari».

Jendearengan aldaketa kualitatiboak eragiten saiatu da elkartea, egunerokotasunean gauzak aldatzen. «Hori sustatu nahi diren jarrera eta jokaera politikoak formatzaileek beraiek izanda lortzen da». Bestalde, haur eta gazteengan jarri dute arreta, hazitegi politiko bat sortze aldera.

Eskola bat dute formazio politiko maia ematen duena. Jakina, Estatuko curriculumarekin, ezin delako bazterrean utzi. Biak uztartzen dituzte eta hizkuntza, arte eta musika maia jasotzen dute haurrek, bizi den bertze errealitatea alde batera utzi gabe. «Hezkuntza elebiduna ematen da. Aunitz zaindu dugu eskolarekin ez aberastea. Zerbitzu bat da eta ikasle kopurua mugatu da, sobera ez izateko, orduan ez baita ikasten. Ezaugarri horiek bertze eskoletatik ezberdintzen dute. Balio propioak sortzen eta hezkuntza propioa ematen saiatzen da eta, hala, nortasun maia indartzen».

Eraso juridikoak, geldiezinak

Eraikitzen ari diren defentsarako elkartera bueltatuz, beharrezkoa dela ikusten dute, autoritate eta lider indigenak zigortzen ari direlako prozesu juridikoekin. «Hori ez da geldituko. Azkenaldian atzemate agindua duen lider komunitario bat babesten ari gara. Bi enpresa hidroelektriko handiren kontrako ekintza legal bat sinatu du».

Abokatuak baieztatu du herri indigenen eskubideen formazio juridikoa beharrezkoa izanen dela beti. Autoritate indigenen jarduna juridikoki sendotzeko lan egitea ere bai. Baina erasoa ez denez soilik juridikoa, espazio berria ere zabalagoa izanen da. «Abokatuez gain, psikologoak, soziologoak, antropologoak, hezitzaileak… ere behar dira egoera era osoagoan ulertzeko». Elkarteak Uk' ux B'eren plataforma politikoa ere izanen du.

Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, Guatemalako herritarren %40 inguru dira indigenak, baina, aldiz, De Leonek ohartarazi duenez, datu hori ez dator errealitatearekin bat, «Estatuak herri indigenak ikusezin bilakatu nahi baititu. Badaude azterketa alternatiboak eta horien arabera herritarren %65-70 gara indigenak. Hiru herri gara: maiak, xinkak eta garifunak».

«Bertze kultura batzuk etorri direnez, euren eta indigenen arteko mestizajea sortu da. Pertsona mestizo horrek ez du indigena izan nahi, bertze aldean egon nahiko luke baina han ere ez dute onartzen. Norbait sentitzeko edo izateko paper sozial bat behar du eta paper hori bertzeak baztertzea da».

Bildu soilik ez, antolatu

«Gure sustraiei berriro heltzea erabaki dugunok ulertzen dugu jendartean erlazionatzeko bertze modu bat sortu behar dugula. Han erraten dugun bezala, ez diogu tortillari buelta eman nahi. Ez du zentzurik. Herri maien filosofia da zerbaiten osagarri garela. Orduan, zergatik ez harmonia gehiagoko jendarte bat sortu?». Defendatu duenez, beren nortasuna indartu behar dute, eta, hortik abiatuta, eraiki. «Hori da Guatemalan ulertu eta onartu nahi ez dena, kultura eta instituzioak monojuridikoak eta monopolitikoak direlako».

Aipatu duenez, herrialdearen iparraldeko indigenak proposatzen ari dira Estatua plurinazionala izatea. Eurek hala izendatu dute beren gobernua. Badaude bertze ekimen batzuk. Botere ekonomikoa eta ideologikoa beldur da eta ikusten ari da nola atomizatu, nola zatitu. Uk' ux B'e Elkarte Maian antolatzeko gaitasuna gakoa dela ikusten dute. «Komunitate indigenek 60.000 pertsona bilduko dituztela erran eta egin egiten dute. Baina herritarrak biltzeko gaitasunarekin batera antolatzekoa ere behar dugu». Erantsi duenez, gaitasun estrategikorik ere ez dago. «Hau guztia sostengatzen duena formazio politikoa da. Eta epe luzeko erronka da hori», berretsi du.

Honakoa ere azpimarratu du: «Ezin gara bizi osoan bizirauten eta defendatzen egon; herri indigenok proposamenak ere egiten ditugu. Estatuak protestatik proposamenera pasatu behar dugula dio. Egin dugu. 2015ean 165 elkarte biltzen dituen antolakunde batek proposamen bat egin zion Gobernuari eta lehenbizikoz halako elkargune batek Estatuaren hiru organismoak biltzea lortu zuen, exekutiboa, legegilea eta juridikoa. Eseri eta entzun egin gintuzten».

Elkarrizketa baino, distrakzio

Indigena gisa herria eraikitzeko beren proposamenak dituztela azaldu zieten. Dokumentu bat osatu eta eman zieten. «Guatemalako arazoa da beti deitzen gaituztela elkarrizketara. Baina herri indigenentzako elkarrizketa mahaiak ez dira benetan hala. Distrakziorako eta gure erresistentzia gutxitzeko espazioak izan dira beti. Ez dago funtsezko soluziorik. Nekazarien borroka, adibidez, nekatuta dago hainbertze elkarrizketa mahairekin. Azkenean kafea hartzeko mahai bilakatzen dira. Bertze bilera bat jartzen da segitzeko, baina ez da aitzinera egiten».

Gobernuari beren proposamen politikoa helarazi ziotenean han gelditu zen. Bi urte eta erdi igaro dira eta ez dute erantzunik jaso. Zer egin egoera honetan? «Denbora pasata herri indigenen egoera zailtzen doa. Transnazionalek iristen segitzen dute. Lehen aipatutako bi enpresa hidroelektriko handien kontrako ekintza legalean, Gorte Konstituzionalak enpresoi eman die arrazoia. Segitzeko erran die, eta, Estatuari, kontsulta egiteko. Baina lanek segitzen dute. Zertarako balio du galdeketak?». Desesperazioa eta frustrazioa sentitzen ditu Edgar de Leonek halako epaiekin. Baina abokatu gisa ez dute hainbertze harritzen «legea boterea duenarentzat diseinatua dagoelako».

Orduan, zein bide jarraitu? Berak argi du: «Goazen formatzera. Tresna politikoa sortzera. Denon artean espazioa eraikitzera etorkizunean fruituak izan daitezen».