GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Mikel Otero
EH Bilduko parlamentaria

«Ikuspuntu ekosozialista daukagu, justizia soziala eta ingurumen defentsa batuz»

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea da Gasteizko Ganbaran. Herri mugimendutik dator eta ingurumenarekin zerikusia duten gaien eztabaidetan espezializatuta dago.


Ni neu Alkizan 1972an jaiotakoa naiz. Ama baserritarra eta aita etorkin galiziarra izanik, aniztasuna jaiotzatik bertatik jaso nuen. Lehen sektorea eta natura amaren eskutik ezagutu nituen, eta, langile klasearen kontzientzia, aitarenetik. Hainbat mugimendutan ibilitakoa naiz, intsumisioan, okupazioan eta batik bat lurraren defentsan; azken urteetan fracking-aren aurkako mugimenduan murgilduta izan naiz. Bi alaba ditut, nagusitxoak jadanik, eta azken hogei urteotan Araban aritu naiz lanean, azken hamahiru urteotan suhiltzaile gisa. Filosofia eta Historia ere jorratu ditut, eta pilota munduan ere badut nire istorio txikia. Politika beti pasioz jarraitu eta praktikatu dut, baina orain arte alderdien hondarrera jaitsi gabe». Hala erantzun zion Mikel Oterok pasa den urtean herritar bati EH Bilduren webgunean egindako solasaldi batean.

Garai hartan, EH Bilduren Kongresurako Arabako zerrendaburua zen. Hauteskunde kanpainan betean sartuta, leku batetik bestera ibiltzen zen jendearekin eta kazetariekin hitz egiteko, tartean GARA egunkaria. Hauteskunde horietan Oterok ez zuen lortu eserlekurik Madrilgo Kongresuan. Pixka bat itxaron behar izan zuen erakundeetara iristeko. Ez asko, izan ere, iraileko Gasteizeko Legebiltzarreko hauteskundeetan herritarren babesa jaso zuen. Eta ordutik bertan egiten du lan, herritarren eskubideak defendatzen, estilo berri batekin, aldarrikapen sozialen bozgorailu diren kamisetak soinean. Bera herri mugimenduetatik dator eta zainetan darama aldarrikapena.

Duela bi aste, GAUR8k egindako deiari erantzunez, mahai baten bueltan eseri zen erakunde batean zaudenean gauzak nola aldatzen diren azaltzeko. Legebiltzarrean bere egunerokoa nolakoa den azaltzeko. Bada, Oterok nabarmentzen duenez, herri mugimenduetan egindako lana baliagarria izan zaio erakundeetan egiten duen lana aurrera eramateko. «Adibidez, ni Fracking Ez plataformaren bozeramailea nintzen, eta, ondorioz, foroetan eta komunikabideen aurrean hitz egin beharra nuen. Bada, horrek esperientzia pilatzeko balio izan dit. Legebiltzarreko atrilera ateratzen zarenenean publiko bati hitz egin behar diozu, eta, zentzu horretan, sentitzen dut prestakuntza bat egon dela aurretik», azaldu du lehenik eta behin.

Hori bai, erakundeetan sartu denetik gauzak asko aldatu direla ohartarazi du segidan. «Hasteko, errutinak aldatzen dira; herri mugimenduetan zaudenetan denbora librea duzu eta zuk erabakitzen duzu nola erabiltzen duzun zure militantziari dedikatzen diozun denbora. Hemen, berriz, Legebiltzarrean, gauzak oso ezberdinak dira. Ardura bat daukazu; nik behintzat ardura sentsazio bat daukat hona heldu nintzenetik, izan ere, alderdi politiko batean nago eta orain herritar askoren bozen ordezkaria naiz. Erantzukizun bat daukat», dio haustura hidraulikoaren aurkako borrokan tinko aritutako legebiltzarkideak. Horregatik ezagutzen du jendeak. Eta orain ere ingurumenarekin zerikusia duten gaiak jorratzen ditu: abiadura handiko trena, energia, kutsadura, lurralde antolamendua... Gai guztiok jorratzen ditu, horrek suposatzen duen zailtasunarekin.

Azaltzen duenez, Legebiltzarra «inbutu» bat da, gai ugari heltzen dira bertara. «Gauza batzuei buruz ezagutza bat badaukat, baina beste batzuei ez, eta, hala, estres puntu bat nabaritzen dut. Gai bat menderatzen ez badut, niri asko kostatzen zait publikoki horretaz hitz egitea, eta politikaren abiadura izugarria da; ez daukat epeen kontrola eta horrek deserosotasuna eragiten dizu. Eta zure buruari ezartzen dizkiozun helburuak altuak dira. Orduak sartzen dituzu egunero, eta lana ez da amaitzen etxera joaten zarenena, gaiak buruan dituzu denbora guztian. Zerbaiten aurka zaudenean eraginkortasunez nola jokatu pentsatzen duzu, zer proposatu eta nola proposatu. Politika etxera eramaten duzu», onartu du.

Legebiltzarrean erreferente

Mikel Otero erreferente bilakatu da herri mugimenduentzat, Legebiltzarrera heltzeko duten bitarteko. Oraindik ere harreman estuak mantentzen ditu zenbait eragilerekin, fracking-aren aurkako mugimenduarekin esaterako. «Esaten diet ze aukerak dituzten Legebiltzarrean eta gaiak bideratzen saiatzen naiz», nabarmendu du «harreman sare bat» osatzen ari den legebiltzarkideak. «Legebiltzarkide bakoitzak sare bat egin behar du bere arloko eragileekin, sindikatuekin, eta abar. Nire kasuan, lan handia eginda zegoen ni hona iritsi baino lehen. Dani Maeztuk zortzi urte pasa zituen nire aurretik ingumen gaiak jorratzen, eta berak ere sare bat zeukan osatuta», dio eskertuta.

Oterok Maeztuk eraikitako sarea baliatzen du, «aurretik eragile horiek EH Bildurekin sortutako konfiantza mantentzeko». «Eta gai berriak sortzen eta sarea handitzen doa. Denbora asko eskatzen du, toki ugaritara joan behar duzu, dituzten arazoak ezagutu.... baina lan polita da eta asko ikasten da», gaineratu du legebiltzarkide izan aurretik harreman sarearen beste aldean zegoen Oterok.

Egun ez dauka argi zer den errazagoa, herri mugimenduko kide izanik erakundeekin harremanetan jartzea eta eskaerak bideratzea edo Ganbaran zaudenean gainontzeko taldeen sostengua bilatzea. «Kanpotik zatozenean, zure alde izan ditzakezun alderdi politikoek zein kontra izan ditzakezunek ere borondate onenarekin hartzen zaituzte. Batzuetan kritikak ere jasotzen dira, baina errazagoa da erakunde batean sartu eta alderdi guztiekin hitz egitea. Jada politikaria zarenean, aldiz, beste alderdien jarrera askoz bortitzagoa da. Gobernua sostengatzen duten alderdiak beti saiatuko dira Lakuak egiten duena defendatzen; alderdi politikoak lehiaketa elektoral hutsean sartuta daude beti, nahiz eta hauteskunderik ez izan. Beti saiatzen dira bere esparrua mantendu eta zabaltzen», azaldu du.

Baina Legebiltzarrean egoteak baditu alde onak ere. «Hemen barruan egoteak erreminta batzuk eskaintzen dizkizu, noski: Gasteizko Gobernua osatzen duten kideei galderak egin ahal dizkiezu, legez besteko proposamenak aurkez ditzakezu, legeak proposa ditzakezu, informazio eskaerak egin... Erreminta praktikoak eskura dituzu, baina, aldi berean, legebiltzarkideen jarrera askoz ere bortitzagoa da alderdi politiko baten barruan zaudelako», nabarmendu du Oterok.

Pasa den legealdian, Fracking Ez plataformako bozeramailea zenean, teknika arriskutsu horren kontrako legea bultzatu zuen Oterok Gasteizko Legebiltzarrean. Plataformak milaka sinadura bildu zituen Herri Ekimen Legegilea (HEL) aurrera eramateko. «Hona heldu aurretik fracking-aren kontuan ibili nintzen buru-belarri, eta egindako ekimenei esker asko ikasi nuen», azaldu du, herri mugimendua «eskola interesgarria eta kolektiboa» dela nabarmenduz. «Horrek bagaje bat ematen dizu, motxila bat ematen dizu», gaineratu du haustura hidraulikoaren arloan egindako lanari esker energiarekin eta ekonomiarekin lotutako gaiak hobeto ulertzen dituela azaldu ostean. Horren erakusle dira azkenengo hilabeteotan Oterok Gasteizko Legebiltzarrean egindako hainbat hitzaldi, Iberdrolari buruz egindakoa esaterako. Egun hartan enpresaren aurkako isunak banan-banan aipatu zituen, izandako ustelkeri kasuak gogora ekarriz.

Argudio teknikoak

Mikel Oteroren hitzaldiak nahiko teknikoak izan ohi dira. Hala izaten ziren fracking-aren aurkako mugimenduan zegoenean eta hala dira Legebiltzarrean hitz egiten duenean ere. Eta nola egiten du suhiltzaile honek energia, enpresa eta sistema kapitalistari buruzko jakintza pilatzeko? Kazetariek egiten duten bezala, bera ere dokumentazio «lan hoberena» egiten saiatzen da. «Enpresa multinazional pila baten arazoak, CETA Ekonomia eta Merkataritza Itun Globalaren baitako merkataritza hitzarmenak, horiei buruz herri mugimenduek egindako hausnarketa eta ekarpenak... kontuan izaten ditut», dio, hainbat eragilek egiten dituzten txosten eta ikerketak oso interesgarriak direla azpimarratuz.

Dioenez, garrantzitsua da dokumentazio lan hori egitea atrilera ateratzeko, «egunero egiten duzun lana defendatu behar duzulako eta emaitzak lortu behar dituzulako». «Guk hemen egiten dugun lana besteek guregan duten konfiantzan oinarritu behar da, eta konfiantza hori publikoki zure lana erakusten duzun unean agerian geratzen da. Orduan jokatzen duzu dena, eta hori nekagarria da», onartu du. «Ez duzu txalorik jasoko, baina zure alderdiak eta kanpoan den jendeak zure lana ebaluatzen du eta horrek presioa sartzen du».

Bere alderdian, edo hobe esanda koalizioan, Dani Maezturen laguntza du, bera hautatu baitute Ingurumen idazkari gisa EH Bilduko militanteek. Oterok berak Durangoko zinegotziaren hautagaitza babestu zuen. «Urte asko daramatzat Dani Maezturekin lanean, EH Bilduren barruan energia ereduari buruzko lantalde bat egon da funtzionatzen eta bertan ibili gara biok lanean. Eta lana emankorra izan da», nabarmendu du. Biek duten ikuspuntua antzekoa da; «planteamendu berdina defendatzen dugu, nahiz eta koalizio zabal baten barruan egon. Guk esaten dugu gure ikuspuntua ekosozialista dela, lurraldearen defentsa eta justizia soziala batzen ditugulako».

«Indarrean dagoen sistemarekin ez dago justizia sozialik eta muga ekologiko batzuetara heltzen ari gara. Eta uste dugu kontrolik gabeko hazkunde hori babesten duen mentalitatearen gaineko hausnarketa egin behar dugula, horrela jarraitzen badugu ez daukagulako etorkizunik. Gauza askori buelta eman behar diegu», gaineratu du. Jarraian, desazkundearen aldeko mugimenduak defendatzen dituen teoriei buruz hitz egin hasi da: «Sistema kapitalista hazkunde mugagabean oinarrituta dago, eta hazkunde mugagabe bat behar du bere makinaria ondo koipetuta izateko, eta hori errotik aldatzen ez badugu oso konplikatua izango da gelditzea».

Dioenez, EH Bildu osatzen duten lagunek «herri oso bat aurrera eraman nahi dugu, enplegua sortu, industriak martxan jarraitzea bermatu. Baina argi izan behar dugu gaur egungo eredua aldatu behar dugula muga energetiko bat dagoelako. Energiari dagokionez, ekoizpen gailurrera heltzen ari gara. Petrolioaren gainean igota dabilen gizarte batean bizi gara eta adituek diote horrek ez duela iraungo. Epe luzera begira ez dauka etorkizunik, kontrakzio prozesu bat etorriko da eta oso zaila izango da politikoki aurre egitea. Edo egiten dugu modu kolektibo eta kontrolatu batean, mentalizatuta, edo bestela amildegira joateko izugarrizko arriskua dugu».

Dena den, argi du Oterok koalizioaren nahia ez dela langabezia eta pobrezia sortuko dituen prozesu bat martxan jartzea. EH Bilduk herritar guztien eskubideak babestuko dituen sistema bat eraiki nahi du, ez bakarrik diru gehien duten pertsonenak. Hori esanda, mezu argi bat laga du herritar ororentzat: «Energia gutxiagorekin bizi beharko dugu etorkizunean». Bestela guztiz ezinezkoa da fracking-ari aurre egitea, Garoña ixtea edota klima aldaketaren ondorioei aurre egitea. «Epe ertain edo luzean zalantzarik ez daukat», gaineratu du Oterok, Gasteizko Legebiltzarrera bertara egunero bizikletaz joaten den politikari subiranistak.

Etorkizunera begira oraindik ez daki zer egingo duen, politika arloan jarraitu edo herri mugimenduetara itzuliko den. «Konpromiso irmo bat hartu nuen EH Bilduk hauteskundeetara aurkezteko eskaintza egin zidanean, eta niretzat ez zen erabaki erraza izan, astebete egon nintzen tripako minarekin», gogoratu du. Azkenean baietz esan zuen eta bere konpromisoa legealdi baterako zela adierazi zuen, izan ere, «herri mugimenduko kidea bezala irudikatzen dut nire burua, baita suhiltzaile bezala ere. Lagunen batek adarra jotzeko ‘politiko’ deitzen didanean konturatzen naiz politikaria naizela. Nire bokazioa ez da hona etorri eta hanka aulki batera lotzea. Hemendik hiru urtera erabaki beharko dut berriro nire etorkizuna zein den», azaldu du.

Oterok azpimarratu duenez, gauza asko ikasi ditu Gasteizko Legebiltzarrean bizitzen ari den esperientziari esker: legeak eta akordioak nola ixten diren eta politika nolakoa den ikusi du. Eta, bere ustez, «sanoa» da Ganbaratik pasatzea.

Ingurumen auzi ugariko legealdia aurretik

Mikel Oteroren lana ez da erraza izango legealdi honetan. Gaur egun fracking-aren arriskua ez dago mahi gainean, baina badago gas konbentzionala ustiatzeko putzuen mehatxua. Lakuako Gobernuak Subila Gasteizen egin nahi ditu gas putzuak, haustura hidraulikoa erabili nahi zuen tokian.

Eta EH Bilduko legebiltzarkideak Garoñaren etorkizunari buruz ere hitz egin beharko du. Izan ere, Madrilgo Gobernuak eta Nuclenor osatzen duten enpresek –Endesa eta Iberdrola– ez dute erabaki bat hartu, eta oraindik ere ez dago argi zer gertatuko den Euskal Herritik gertu dagoen zentral nuklearrarekin.

Abiadura handiko trenaren gaia ere jorratuko da datozen urteetan. Madrilgo Gobernua badirudi prest dagoela Gasteiz-Burgos tartea eraikitzeko, eta trena EAEko hiru hiriburuetan sartzeko, Gasteizko kasuan lur azpitik.

Halaber, Oterok legealdi guztietan ateratzen diren ingurumen arazoei buruz hitz egin beharko du, askotan eztabaidatzen direlako Gasteizko Legebiltzarrean Petronorrekin edo lindanorekin zerikusia duten legez besteko proposamenak.

Azken gai horrek harreman zuzena dauka Arabako ibaien egoerarekin, lindanoa topatu baitute Zadorra ibaian. Eta auskalo zer dagoen Bilboko itsasadarrean ere; agian Legebiltzarreraino helduko da eztabaida... Bada, horiek izango dira Oterok jorratu beharko dituen gaiak.