GAUR8 - mila leiho zabalik

Sanferminen ikuspegi paregabea


Sanferminetako entzierroen irudiak hedabide guztietako lehen orrietara iristen dira. Euskal Herritik Japoniara, Australiatik eta AEBetatik igarota. Jai horretan milaka irudi sortzen dira, batzuk sarituak, beste batzuk polemikoak. Batzuetan enkoadraketa desberdinak, ezinezkoak, bilatzen dira, argazki ikusgarriak, Estafetako bihurgunea, harrapaketak, plazaren sarrerako anabasa… Nicolas Ardanazen argazki honek entzierroaren beste ikuspegi bat du. Argazki paregabe, xume, desberdin eta aldi berean ikusgarria da Iruñearen panoramika hau, joan den mendearen erdialdera San Zernin elizatik egina. Oso lagun gutxi ageri dira zuriz jantzita. Beharbada, saritu gabeko argazki hau sanferminetan egindakoetan interesgarrienetako bat da, argazkilariaren ikuspegi desberdina dela eta.