Pello Otxandiano

Datozen bi urteen ikusmiran

Sanferminak hurbil ditugu, uda garai betean sartzen gaituen festa nazionala. Zurrunbilotik irten eta gogoeta pausatuagoak egiteko tarte polita da uda sasoia, dinamika politikoak behera egiten baitu nabarmen, denbora moteltzen dela irudi luke termometroak gora egin ahala. Kasu, ordea, uda honi, epizentroa Katalunian izango duen lurrikara batek astinduko gaitu eta. Badator trenen talka, hemen da.

Katalunian zernahi gertatuko dela ere, olatu bat iritsiko da Euskal Herrira udagoienean, erabakitze eskubidearen, demokraziaren, burujabetzaren eta herri-duintasunaren olatu katalana. Planifikazio politikoari heldu orduko, uste dut, argi izan behar dugula zeintzuk behar duten Kataluniarekiko ekimen politikoaren bektore nagusiek; hiru nire irudiko. Batetik elkartasun internazionalista: Katalunian herri anaia baten duintasuna dago jokoan. Hurbil sentitu behar gaituzte 78ko erregimenari desafio gorena egingo dioten ataka historikoan, hori da zor diegun gutxienekoa. Bigarrenik, Katalunian Euskal Herriaren askatasun nazionalak ere badaude jokoan: Estatuaren krisi territorialak zein garabide izango duen datozen hilabeteetan erabaki liteke neurri handi batean. Baina ez hori bakarrik, momentu honetan, Kataluniako prozesu independentista da neoliberalismoaren fraktura linea nagusia europar testuinguruan, iraultza demokratiko bat zentzu guztietan. Eta hori ez da katalanen afera soila, Europako ezkerrak hori ulertuko ez balu bigarrenez sartuko luke hanka denbora gutxian –Greziako batailan Syriza bakarrik utzi ondoren–. Eta hirugarrenez, pentsa dezagun olatuaren bestondoak Euskal Herrian zer ongarri uztea nahiko genukeen.

Azken horri dagokionez bi dira nire ustez ongarri horiek. Batetik euskal jendartean ideia bat hegemonizatzea lortu beharko genuke: ez dago aldebikotasun efektibo baterako interlokutorerik Espainian. Posible da Madrilen negozioak egitea baina horrek ez du zerikusirik euskal herritarron erabakimenarekin –demokraziarekin–, eta erabakimenik gabe ez dago beharrezkoa dugun autogobernuan sakontzerik. Bigarrenik, harrotasun independentista indarrez piztea lortu beharko genuke, begien aurrean ikusiko dugunez, independentismoa baita status quo-a modu efektiboan erradikalki kuestionatzen duen mugimendu politiko bakarra Estatuan.

Badator olatua eta ikusiko dugu bestondoak zer uzten duen, baina guk gureari ekin behar diogu. Izan ere, datozen bi urteen ikusmiran, Euskal Herria martxan jartzeko oinarriak egon badaude. Inteligentzia politiko handia beharko da, talentu handia; arriskuak ere hor daude, zailtasunak ugariak izango dira, asmatu liteke ala ez –beti bezala–, baina nago datozen bi urteak klabeak izan daitezkeela borroka ziklo berri baten irekierarako. Hiru ardatz nagusik trakzionatu lezakete burujabetza prozesua datozen bi urteetan.

Bat: Erabakitze eskubidearen instituzionalizazio prozesuak emango dira. Erkidego Autonomoari dagokionez estatus politikoaren eztabaidak gorpuzten du prozesu hau. Ezin dezakegu bataila hori galdutzat eman, badago partida. Azken urteetan erabakitze eskubidearen alde metatutako kapital soziala gutxietsi dezake EAJk burujabetzaren bideari ateak itxi eta subordinazioaren eskeman jarraitzeko hautua egiten badu. Nafarroan, bestalde, aldaketa nafar burujabetzaren aldeko dekantatu eta estatus politikoaren eztabaida mahaigaineratzea da erronka.

Bi: Ezkerreko subiranismoaren esparru politiko-soziala indarrez aktibatu behar da, konfrontaziorako ardatzak ondo definituz. ELAren eta LABen arteko aliantza estrategikoa azken urteetan desaktibatuta egon den palanka da. EH Bilduk herri hau gobernatzeko alternatiba gisa proiektatu behar du programa politiko zehatz eta argi bat eskainiz. Eta azkenik, uste dut, gazte mugimenduak zeresan handia izan dezakeela ekimen politikoa hartu eta independentismoaren abangoardian jartzen bada.

Hiru: Euskal Herrigintzan –euskal nazioaren eta lurraldearen artikulazioan– jauzi bat emateko aukeran egon gaitezke. Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko kongresua forma hartzen hasia da. Konkretuki, liburu zuriaren idazketa prozesua Euskal Herrigintza dinamika berri baten katalizatzaile izan daiteke. Presta gaitezen garai honek eskatzen duen neurria emateko. •