Xabier Mikel Errekondo

Ramon Unanue

Herri guztiak dira ezberdinak. Ezaugarri propioak dituzte eta horrek, hain zuzen, egiten ditu berezi. Pertsonak ere ezberdinak gara guztiok, eta eskerrak. Guztiok berdinak ginatekeen jendarterik irudikatzeko ariketarik ez dut egin nahi… plastikozkoak, klonak, Dolly ardiaren antzera. Tristea eta jasanezina.

Ez naiz beraz nire herria, Usurbil, beste herrien gainetik jartzeko mokokerien lokatzetan eroriko, baina ia lau urte hil zen eta izugarrizko zigilua utzi digun pertsona erraldoi bati aitortza egiteko beharra sentitzen dut une honetan. Bakoitzari berea. Ramon Unanue Matxain. 2013ko azaroan hil zen, eta geroztik zorretan sentitu naiz, beste asko bezala. Nabarmena da utzi duen hutsunea. Ramon ikur bilakatu da 40 urteotan borondatez ehunka herritar artez entrenatzeagatik. Egun esaten dugun eskola integrala aplikatu zuen, artisau lana, eskulan kustomizatua txirrindulariekin, eskubaloian, futbolean, pilotan, kirol egokituan, giza-proban, atletismoan, eta abar. Medio gutxirekin ere aitzindaria zen, pentsa 70eko hamarkada amaieran jada Kalefit egiten zutela emakume helduekin; nire ama bera, egun 83 urte dituena.

Kirola, baina, helburu eta tresna izan ditu une berean. Uzta aparta, eliteko kirolari andana, olinpikoak, paralinpikoak, Estatuko txapeldunak, Europakoak… Baina, batez ere, pertsonak izan ditu jomuga. Dena pack berean, lana, sufritzen jakitea, elkartasuna, irabaztea eta mentalitate heldua. Eta guztia maitasunez eta pasioz, berak bizi bezalaxe. Buztinezkoak bagina bezala, esku erraldoiekin maisuki moldatu dizkigun baloreak. Biderkatuta herrira zabaltzen ahalegintzen garena…

Gogoan dut Joxe Torregarai. Handia bera ere (GAUR8, 2017-01-07).

Biek margotu dituzte kolore biziz Usurbilgo kaleak eta zipriztindu dute usurbildarron izaera marka propioekin. Ez dira bakarrak. Biak ala biak ederki dira islatzen Arrastalu zein Zumetaren artelanetan ere.

Usurbildarra naiz eta harro nago.

Eta Ramon Unanue Matxain Usurbilgo ondare humanoa da. •