GAUR8 - mila leiho zabalik

Alberjinia, milaka kolorez jantzita


Alberjinia edo Solanum melongena udako labore petoa dugu. Solanazeoen familiakoa da; patata, tomatea, piperra edota tabakoaren familiakoa, alegia.

Antzinatik ezaguna da jaki hau: K.a. 2000. urteko idatziak topatu dira alberjiniaren inguruan. Asian du bere jatorria, India, Birmania eta Txina inguruan. Arabiarren eskutik, Iberiar penintsulara iritsi zen Erdi Aroan, eta hortik Europara sartu. Harrezkero, berenjenaren laborantza klima epeleko zonaldeetan barrena zabaldu da batez ere, Mediterraneo inguruko herrialdeetan (Espainia, Grezia, Italia...).

Alberjiniaren milaka barietate daude, milaka kolore! Normalean, azal leun eta distiratsuko fruituak dira, forma luzanga, borobil edota arrautza tankerakoak. Fruituaren kolorea barietatearen arabera alda daiteke, baina oro har kolore deigarriak izaten dituzte. Ohizkoenak moreak, lilak edo zuriak dira, nahiz eta badauden ezezagunagoak egiten zaizkigunak ere: horiak, berdeak, laranjak, gorrixkak... Ia ortzadarraren kolore bizi eta deigarri guztietako alberjiniak topa daitezke!

Askok pentsatzen dutenaren kontra, berenjenak, barazkiak baino, fruituak dira. Horrela, alberjiniak, beste fruta asko bezala, mineral eta bitamina iturri dira. Potasioa da fruituotan kopuru handiago batean topatuko dugun minerala, baina neurri txikiago batean alberjiniek fosforoa, kaltzioa, magnesioa, sodioa edota burdina ere badute. Beste mantenugai batzuei dagokionez, A, B1, B2, B3 eta C bitamina iturri dira berenjenak. Apenas ekarpen kalorikorik baduten, %92 batean ura baitira.

Osasunari egiten dioten ekarpenaz ari garelarik, ematen dizkiguten mineral eta bitaminez gain, alberjiniatan antioxidatzaile fenolikoak ere topatuko ditugula jakin beza irakurleak. Minbiziaren, bihotzeko hainbat gaitzen edota endekapenezko gaixotasunen eragile izan daitezkeen erradikal askeak finkatzerako orduan, molekula indartsuenetarikoak dira fenolak. Halaber, alberjiniek estatinak ere badituzte. Molekula horiek gorputzeko koipe-arazoen tratamendurako erabiltzen dira eta kolesterola murrizten, arterioesklerosia ekiditen edota indize gluzemikoa jaisten laguntzen dute.

Behin hori dena jakinda, bada garaia sukaldera sartu, alberjiniak atera eta berauek prestatzen hasteko. Mediterraneoko dietaren oinarrizko osagaietako bat da zalantzarik gabe alberjinia: katalanen escalivada, Greziako moussaka edota arabiarren baba ghanoush plateren protagonista nagusia.

Horrenbestez, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik eta Ortutik Ahora elkartetik udako egun beroetarako proposamen bat egin nahi dizuegu gaurkoan: alberjinia hummus eta chip eran. Hummus-a Egiptotik ekarritako pate begetala da, normalean txitxirioekin egiten dena (gure kasuan alberjiniak erabiliko ditugu, sasoikoak, tokikoak eta ekologikoak!). Hotz jaten den plater freskagarria eta nutritiboa da. Goazen, bada, sukaldera!

Alberjinia hummus eta chip erara

OSAGAIAK

Hummus eran:

Alberjinia bat, Tahini (sesamo pasta) koilarakada bat, Limoi baten zukua, Oliba olio apur bat, Baratxuri-ale bat, Gatza

Chip eran:Alberjinia, Eztia, Irina

PRESTAKETA: Hasteko, labea berotan jarriko dugu, 180 gradura. Lehenik eta behin hummus-a prestatuko dugu. Alberjinia erditik zatitu ondoren, fruituaren mamian (ez azalean!) ebaki batzuk egingo dizkiogu; gatza gehitu eta labera sartu, bigun geratu arte. Ondoren, koilara batekin mamia aterako dugu eta irabiagailuaren ontzian sartu. Oliba olioa, limoi zukua, tahini koilarakada, gatza eta baratxuria gehitu eta dena ondo txikitu krema bat lortu arte. Hozkailuan sartu eta erreserbatu. Hummus-a prest dago.Alberjinia chip-ak egiteko, fruitua luzetara moztu, xafla fin-finak eginez. Alberjinia xaflak ondu (gatza, pipermina… bota), eta beratzen utzi bi orduz, gutxienez.Amaitzeko, ondo xukatu, irinetik pasa eta 170 gradura dagoen oliba olioan ondo frijitu, xafla kurruskari bat lortu arte. Sukaldeko paper xurgatzailea erabili gehiegizko olia kentzeko.Aurkezteko, plateraren hondoan hummus-a zabaldu eta alberjinia xaflak gainean jarri, zutunik. Ezti apur batekin platera busti eta listo!