GAUR8 - mila leiho zabalik

GAIARI BURUZ HITZ EGITEA ONA DA, BAINA ADI HITZ EGITEKO ERAREKIN


Suizidioari buruz gutxi mintzatzen da, badirudi tabu bat dela, baina adituen arabera positiboa da gaiari buruz hitz egitea arau batzuk jarraituz gero. Frogatuta dago suizidio baten berri ematen denean (are gehiago hil dena famatua baldin bada) Werther Efektua ematen dela, hau da, antzerako suizidio gehiago ematen direla epe laburrean.

Hori gerta daiteke suizidioari buruz ematen den irudi erromantikoarengatik, baina ez da aipatzen heriotza betirako dela, ez dagoela atzera bueltarik, eta kontraz, arazoek badutela beste irtenbiderik.

Hori gertatu omen da “13 reasons why” telesail ospetsuarekin, bertan protagonistak bere buruaz beste egiten duelako. «Neskarekin enpatia sortzen da, gainera, liburu oso arrakastatsu batean dago oinarrituta eta nerabeen artean ospetsua den Selena Gomez da ekoizlea. Kutsu erromantikoa ematen diote heriotzari, eta kezkagarria da telesail osoan inork ez diola laguntzarik eskatzen ez beste irtenbiderik aurkezten», azaldu zuen Isabel Ponce adituak Donostian. Nerabeen artean eman diren suizidio kasuak telesail horren eraginagatik izan direla ezin da frogatu, baina telesaila eskaini zenetik zenbakiek gora egin dute.

Suizidioaren beste aldea, biziraun dutenena edo suizidioa buruan izanik beste aukera baten aldeko apustua egin dutenen istorioa, ez da hedabidetan agertzen. Eta frogatuta dago, era berean, horrelako albiste positiboen berri ematen denean suizidio gutxiago gertatzen direla.

Poncek Madrileko Itxaropenaren Telefonoan egiten du lan eta antropologoa da. EHUko Udako Ikastaroen baitan, sare sozialek (eta hedabideak orokorrean) gai honetan duten eraginari buruzko hitzaldia eskaini zuen Miramar jauregian.

Ponceren esanetan, sare sozialak beti existitu izan dira; denok ditugu sare sozialak, off line baina. On line diren sare sozialek, mundura zabaltzen diren unetik, abantailak eta galerak dituzte. «Sare sozial batean komunikazioa, komunitatea eta kooperazioa izan behar dira. Zentzu horretan, Facebook da sare sozialik famatuena, baina Spotifyk, Youtubek edo edozein egunkariko webgune batek ere baditu sare sozialen ezaugarriak», esan zuen tresna nagusiak aztertzen hasi aurretik.

Twitterrek ematen du hainbat eduki salatzeko aukera (suizidioaren aldeko joerak, esaterako) eta gehiegizko edukiak dituzten kontuak ixten ditu, baina erabiltzaileen papera ezinbestekoa da.

Yahoo Answers ere antzera dabil, eta behin salatuta edukiak aztertu eta ezabatzen ditu. Bestalde, laguntzarako telefonoak eskaintzen ditu. Google berak ere laguntzarako bideak ematen ditu, eduki gaiztoak ezabatzen ditu eta soilik baikorrak mantentzen ditu, ahal duen neurrian. Hala, suizidioaren aldeko blog eta bideoak deuseztatzen ditu.

Facebookek, eta orain baita Instagramek ere, erreminta baliagarrienak eskaintzen ditu. Zuzeneko bideoekin sortu den polemikaz aparte, lan handia ari da egiten suizidioaren prebentzioan. Nola? Adimen artifiziala erabiltzen hasi nahi du pertsona bat une txar batetik pasatzen ari dela sumatzeko. Horrela, bere babesa eskaini ahal izango dio eta lagun eta familiarekin harremanetan jarriko du. Teknologia hori gehiago garatzen duten bitartean, laguntzarako orrialde bat dute, non lasaitzeko gomendioak ematen dituzten eta baita telefono lagungarriak ere. Lagun bati laguntzeko jarraibideak ere agertzen dira. Horien artean, lagunaren edukia sala dezakegu eta Facebook bera harekin harremanetan jarriko da laguntza eskaintzeko.

Sare sozialak pausoak ematen ari badira ere, Ponceren ustez, «gehiago egin beharko lukete gazteen artean duten eragina kontuan izanik».

Babeserako sareak

Izan ere, sare sozialek babeserako sareak osa ditzakete, lagun artean sentitzen garelako beti, baina soilik on line bizitzea ere ez da baikorra. Saretze horregatik gure lagunek zer elkarbanatzen duten aztertu dezakegu eta jakin norbaitek arazo bat ote duen. «Normalean korrika lasterketen inguruko edukiak partekatzen baditu batek eta bere jarduera eten eta triste ikusten badut, komeni da telefonoz deitzea edo berarekin gelditzea, ea ondo dagoen galdetzeko. Agian ez zaio ezer gertatzen, agian atentzioa eman nahian ari da, baina hobe da gaizki ulertu bat izatea beranduegi iristea baino», nabarmendu zuen adituak. Mezu ezkorrak aurkitu ditzakegu, tristura edo amorrua islatzen dutenak, bizitza gustuko ez dutela erakusten dutenak edo agurtzen ari direla diruditenak, eta horiek guztiak kontuan izan behar dira. «Mito asko daude gaiaren inguruan. Adibidez, esan ohi da bere buruaz beste egingo duela esaten duenak, ez duela inoiz egiten. Ez da egia. Norbaitek arazo bat izan dezakeela pentsatzen badugu, hobe da bertan laguntzeko prest gaudela jakinaraztea», esan zuen antropologoak.

Sare sozialek informazioa elkarbanatzeko aukera ematen dute, eta, noski, laguntza telefonoak erraz aurkitu ditzakegu. Bestalde, babeserako taldeak sortzea erraza da, anonimotasunean hitz egiten delako. «Euren lagun eta familia giroan ez dira ausartzen gertatzen ari zaiena kontatzera, askotan mingarria izan daitekeelako senideentzat, baina norbaitekin hitz egitea beharrezko dute. Facebooken lagun anonimoak topa ditzakete, Itxaropenaren Telefonoan bezala».

Sarean euren arazoak konta ditzakete eta trukean egoera hori atzean uzteko gomendioak jaso. «Askotan gertatzen da burutik pasatzen zaiena kontatzen ez duten arte ez direla larritasunaz konturatzen. Suizidioan pentsatzen ari den norbaiti galdetzen badiozu, ‘zerekin nahi duzu amaitu, arazoekin edo zure bizitzarekin?’, beti erantzuten dute arazoarekin amaitu nahi dutela. Behin gertatu zitzaidan gizon batek deitu zuela, eta esan nion suizidioa betirako dela, ezin dela atzera bota, eta esan zidan, ‘beno, horrela ikusita...’», aipatu zuen adibide gisa.

Baina ona izan daitekeen horrek kontrako aurpegia ere izan dezake. Informazioa ona izan daiteke eta txarra ere bai. «Talde toxikoak sortzen dira. Baliteke norbaitek intentzio onarekin okerra den informazio bat ematea, edo intentzio txarrarekin zure buruaz beste egiteko metodoen berri ematea. Adibidez, batek esaten badu zein substantzia nahastu behar diren eta zer proportziotan, suizidioa sustatzen ari da edo adierazpen askatasuna sartzen da tartean?», galdetu zuen.

Gainera, aurretik aipatutako “13 reasons why” telesaila bezalaxe, zerbait fenomeno bihur daiteke sare sozialen bidez. Biral bihurtzen den hori ere ona izan daiteke: «Cristiano Ronaldok suizidioaren kontrako kanpaina bat egiten badu, segituan zabalduko da. Prebentzio kanpainek orain askoz eragin handiagoa dute, are gehiago kontuan hartuta gazteen artean sare sozialak direla euren komunikabide nagusiak», esan zuen adituak.

Baina fenomeno bihurtzeak ere eragin txarra izan dezake, eta adibide bezala Balea Urdina jokoa aipatu zuen. Honakoa mundu osoko nerabeen artean zabaltzen ari den joko bat da. Hainbat proba egin behar dituzte gaztetxoek, horietako bat gorputzean balea bat marraztea zaurien bitartez. Azken pausoa nerabeak bere buruaz beste egitea da. «Talde presioa muturrera eramatean datza. ‘Ez baduzu alkohola edaten babo bat zara’. Bada, kasu honetan, berdina gertatzen da».

Nolabait nerabeak jokoan parte hartzera bultzatuta sentitzen dira, baina denak ez dira jokoan sartzen, denen artean zaurgarrienak direnak baizik. Horregatik, garrantzitsua da nerabeak autoestimuan heztea, suizidioari buruz ikuspegi onetik mintzatzea, eta, heldu bezala, oso argi ibiltzea.