GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
LEIRELANDA IROZ
FUTBOLARI OHIA

«Nire belaunak funtzionalak ez direla esan eta taldetik aldendu ninduen Bartzelonak»

2016ko martxoan eskuin belauneko aurreko lotailuko plastia hautsi zuenetik, irundarra zelaietatik at egon da; eta orain, nekatuta, behin betiko erretiratu da.


Azken urtean zelaietatik erabat desagertuta ibili da Leire Landa (1986, Irun). Ez du urte ona igaro, «oso txarra», bere esanetan. Inori ez dio desio berak pasatako une gogorrak igarotzea, horregatik gertatutakoa azaltzea garrantzitsua dela uste du. Bartzelonak taldetik aldendu zuen lesio baten ondorioz, eta ordutik ekainaren 30a heltzea besterik ez zuen nahi, «aske izateko». Kolpeak jasotzera ohituta dagoela esan genezake, 9 urte zituela Burkitt linfoma antzeman eta minbiziari aurre egitea egokitu baitzitzaion; orain sei urte jaso zuen behin betiko alta. Realean 18 urterekin debutatu ostean, Lehen Mailako beste hiru taldetatik ere igaro da (Atletico Madril, Athletic eta Bartzelona). Bere ametsa beteta, Lehen Mailan lehiatu eta Bartzelonaren 23. zenbakidun elastikoa jantzita (Ivan de la Peña oroituz), esan dio agur futbolari, «nazkatuta». Punky ezizenez ezaguna txikitatik, guztia azaltzeko grinatsu eta futbol ibilbidea errepasatzeko prestu agertu da, «denboraldi guztia eman dut isilik-eta».

Ekainaren 30a igarota, jadanik lasaiago?

Urte nahiko gogorra izan da. Eman dut urte guztia ekainaren 30aren zain eta azkenean iritsi da. Orain sentitzen naiz askeago. Nire bidea egin nahi dut futboletik at, orain arte ezin izan dut eta hemendik aurrera gauza berriak egin eta lanean hasteko gogotsu nago.

Zer gertatu zitzaizun zehazki?

Irailean esan zidaten nire belaunak ez direla funtzionalak eta Bartzelonak, nire ustez, ez zuen egoki bideratu gaia. Taldetik aldendu ninduten irailaren 23an, egun batetik bestera. Lesionatuta nengoen, oraindik belaunarekin errenka. Azaroan alta jaso nuen, baina bizitza normala egiteko, kirol munduan etorkizunik gabe.

Ondoren, ez ginen akordio batera iristen kontratua apurtzeko, beraiek eskatzen zidatenaren arabera ni langabeziarik gabe geratzen bainintzen. Eta, zentzu horretan, nik aurrera egin behar nuen, jan egin behar nuen, Bartzelonan bizi... Uste dut nire eskubidea zela langabezia eskatzea. Ez ginen akordio batera iritsi eta pasa dut urte guztia gizarte segurantzatik baja hartuta, ekainaren 30era arte.

Zure belaunak funtzionalak ez direlako hartu zuen Bartzelonak jarrera hori, nahiz eta zuk kontratua eduki?

Inork ez dit azalpenik eman, eta guztiei eskatu diet. Nik hitz egin dut Bartzelonako guztiekin eta inork ez du erantzukizunik hartu nahi izan; inork ez zidan ezer esaten. Ebakuntza egin zidan medikuak esaten zidan berez belauna ondo zegoela, jokatzeko zegoela; Bartzelonako medikuek, ordea, ezetz. Gerora egindako probetan atera zen ez zegoela ondo. Horren aurrean, nik lanerako ezgaitasuna eskatu nuen, Bartzelonak hori lortzen lagunduko zidalakoan. Baina ukatu egin zidaten, ziotenez, ezin zuten hori egin beraien politika zela-eta... Egia esan ez dakit nola gertatu den guztia, nola izan diren gauzak; niri ezer jakin gabe etorri zait dena gainera, ezustean harrapatu nau.

Hainbeste amesten zenuen Bartzelonan jokatzea eta azkenean modu krudelean esan behar izan duzu agur...

Bai, baina ezinbestean gauza positiboekin geratzen naiz. Bartzelonan 23. zenbakiarekin jokatzearekin amesten nuen eta lortu dut. Oso eskertuta nago. Bukaera gogorra izan da, baina, ilusio eta amets hori bete dudala ikusita, oso pozik nago.

Nola kudeatu duzu lesioa?

Azaroan esan zidaten ez nintzela itzuliko errehabilitazioa klubean bertan egitera, eta nire aldetik ez dut ezer egin. Kontratua nuen unetik, eskubidea nuen bertan aritzeko. Gainera, bertan egin nuen lesioa, laneko istripua izan zen. Nik pentsatzen nuen errehabilitazioa egiteko behintzat laguntza emango zidatela, baina belauna bizitza normala egiteko moduan utzi zidatela zioten. Esaten didate arrisku asko dagoela berriro jokatuz gero, berriz hausteko. Baina erabaki hori, berez, nik hartu beharko nuke, ez beraiek. Nik erabakiko dut arrisku hori hartu edo ez.

Arriskua edukita ere, zu klubeko jokalaria zinen...

Beraiekin hitz egin dut eta onartzen didate gauzak oso gaizki egin direla. Hala ere, beti nik eman dut pausoa hitz egiteko, ez baitzitzaidan normala iruditzen gertatzen ari zena; azalpenak behar nituen. Beraiek ez zuten lehen pausoa ematen eta gero arrazoia ematen zidaten, baina hor gelditzen zen guztia. Inork ez du erantzukizunik hartu, inor ez da sentitzen errudun eta azkenean kaltetua ni naiz.

Harro zoaz?

Bai. Tituluak oso politak dira, edo Munduko Txapelketa bat jokatzea... Ametsak dira. Baina niretzat ametsik handiena Bartzelonan bizkarrean 23. zenbakia neramala jokatzea zen. 9 urte nituenetik nenbilen horren atzetik eta ez nuen imajinatzen lortuko nuenik. Horrekin geratzen naiz, pozik nago, eta, egia esan, harro.

Taldekideen aldetik, eduki duzu babesik?

Egia esan, ez dut babes handirik eduki. Erabakia ostiral batean jakinarazi zidaten, larunbatean taldekideei agur esatera joan nintzen, eta, ordutik, ez dut babes gehiegirik eduki. Jada ez dut gehiegi jakin nahi ere, futboletik nahiko aldenduta nago. Gehiago espero nuen baina ez dakit ze arrazoiengatik horrela izan da, eta kito.

Uste duzu profesionaltasunaren ondorio izan daitekeela?

Ez dut gehiegi ulertzen gertatu dena, baina ez dut uste. Bartzelona orain bizitzen dagoen momentua izugarria da, klubaren babes handia daukate. Suposatzen da profesionaltasunarekin laguntza gehiago izan behar duela jokalariak, babes gehiago, erraztasun gehiago. Nire kasuan ez da hala izan, baina ez dut uste horregatik izan denik.

Denboraldi guztian ezin izan duzu hedabideekin hitz egin.

Bartzelonak politika hori dauka, lesionatuta dagoen jokalariak ezin du kazetariekin hitz egin. Eta nik nahiago izan dut horrela utzi, ez dut polemika piztu nahi izan. Alde batera utzi nahi nuen, baina, aldi berean, kontatzeko gogoa ere banuen, ez dudalako nahi beste jokalari batek horrelako urtea pasatzerik. Ez dugu merezi, ez pertsona bezala, ez jokalari bezala, ez emakume bezala.

Hedabide batzuek diote lesioengatik erretiratu zarela, baina hori izan da benetako arrazoia?

Ez dakit zer esan. Esango dizut baietz, nire belaunak ez direla funtzionalak baitiote eta horrekin baikaude. Une honetan gainera ez nintzake gai izango neurketa bat jokatzeko.

Realera 18 urte zenituela heldu zinen, bost denboraldi eman zenituen bertan.

2003-2004 denboraldian Oiartzunekin igoera fasea jokatu nuen, eta e genuen igoera lortu. 2004an Realak lehen neska taldea atera zuen eta ilusioarekin hartu nuen. Aurreneko bi urteak lurralde mailan eta Bigarren Mailan jokatu genituen, Superligara igo aurretik. Eta une onak bizi izan genituen. Oiartzungo familiatik beste futbol mota batera eman nuen jauzia. Reala bezalako klub batean egoteak esanahi handia dauka eta oso urte onak pasa nituen bertan, asko ikasi nuen, lagun onak egin nituen eta gustura egon nintzen.

Zer suposatu zuen Realak zurekin kontatu izana emakumeen taldea sortzerako orduan?

Gipuzkoako jokalari onenak hartu zituztela suposatzen zen eta izugarrizko ilusio egin zidan. Lehen taldea zen eta Gipuzkoako emakumeen futbolaren berpizkunderako giltzarria. Zoriontsu izan nintzen bertan.

Atletico Madrilera joan zinen 2009an. Zergatik?

Ikasketak bukatu nituen, Gizarte Hezkuntza ikasi nuen EHUn, eta aldaketa bat nahi nuen. Madrilera joateko kuriositatea sartu zitzaidan eta hara joan nintzen. Oso oroitzapen onak ditut eta asko hazi nintzen bertan.

Ondoren Euskal Herrira itzultzea erabaki zenuen, Athleticera. Arrazoi zehatzik?

Pertsonalki ez nintzen une ona bizitzen ari. Athleticera joateko aukera sortu zen eta horrelako talde batean egoteak ilusioa egiten du. Athletic historia da eta izugarrizko balorea ematen diote emakumeen taldeari. Ez genuen titulurik ospatzerik izan baina bertan bizi izan nituen urteak oso onak izan ziren. Lesio batekin bukatu nuen bertako ibilbidea, baina tira.

Zure ametsa, beraz, lesionatuta hasi zenuen...

Bartzelonak bere hitza bete eta fitxatu egin ninduen. Eta oso eskertuta nago, egia esan. Sei hilabete gogor izan ziren: Bartzelonak fitxatu berri ninduen baina lesionatuta nengoen. Ordu pila bat sartzen nituen errehabilitazioan, goiz eta arratsalde, ahalik eta bizkorren errekuperatzeko eta nire onena emateko. Azkenean lortu nuen bertan jokatzea, hori zen nire ametsa.

Ezker hegalaren jabe egin zinen, 2016ko martxoan lesionatu zinen arte.

Bai, egia esan, jokatu nuen urte horretan oso gustura nenbilen, ondo aritu nintzen eta pozik nengoen. Beste behin ere, ordea, kolpea jaso nuen Valentziako zelaian lesionatuta. Hor bukatu zen guztia.

Bizitza kolpeak ematen joan zaizu. Txikitan Burkitt linfoma antzeman zizuten. Nola aurre egin zenion minbiziari?

9 urte nituen eta ez nintzen guztiz kontziente zer neukan. Ezin nintzen ikastolara joan, lagunekin ezin nuen jolastu, denbora asko pasatzen nuen ospitalean ingresatuta eta horrek, noski, eragina dauka. Eskerrak izugarrizko familia daukadan; eskerrak medikuei ere, sendatzeko aukera izan bainuen. Futbolaren grina horrek ere indarra eman zidan. Ni deseatzen nengoen ospitaletik irten eta Irunera joateko lagunekin futbolean jolastera. Gero agertu zen Ivan de la Peña figura bezala, eta horrek ilusioa areagotu zidan.

Ivan de la Peña Bartzelonako elastikoarekin jokatzen ikusi zenuenetik bera bezala Bartzelonan eta gorengo mailan jokatzearekin amesten zenuen. Gurasoek zer esaten zizuten?

Nire erreferente izan da txikitatik eta, azkenean, beraiena ere bai. Futbolistikoki ez, 9 urterekin ez bainuen futbola gehiegi ulertzen baina berak Bartzelonan debutatzea eta, garrantzitsuago, burusoila izateak, animatu egiten ninduen. «Bera burusoila da, ni ere bai; berak jokatzen baldin badu, nik ere bai», pentsatzen nuen.

Eta gurasoek zer esan zizuten zure ametsa bete zenuenean?

Esan ez didate ezer esan, baina badakit beraiei ere ilusioa egin ziela. Beraiek badakite zer pasatu dudan, eta agian beraiek are okerrago pasatu dute, bai minbiziarekin baita lesioekin ere. Uste dut orain lasaitasun pixka bat hartu dutela futbola laga dudalako &discReturn;[barrezka]. Pozik daude lortu dudan guztiagatik, baina orain lasaitu ederra hartu dute.

Eredugarri izan zara zure borrokan, bai lesioei bai minbiziari aurre egiteko. Asko sufritu duzu bidean?

Minbiziarekin baditut sufritu izanaren oroitzapenak, eta lesioekin berdin. Baina sufrimendua gehiago izan da psikologikoa. Ebakuntzak egiten dizkizute, mina pasatzen duzu, baina gehienbat mentalki sufritzen duzu. Dena ondo doanean, bat-batean horrelako kolpe batek zulora eramaten zaitu; horrekin bai sufritu dut. Orain indartsu nago datorrenari aurre egiteko.

Eta etorkizunari begira, zer?

Futbolarekin nazkatuta bukatu dut, ez dut ezer jakin nahi. Ez daukat asmorik futbolarekin zerikusia duen ezer egiteko. Gizarte hezitzailea naiz eta horrekin nabil. Gogotsu nago lan egiteko. Gizarte hezkuntzan ere lantzen diren nik bizi izan ditudanen antzeko egoerak. Une zailak igarotzen ari den jendea lagundu badezaket, primeran. Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapena ere ikasi nuen eta nire asmoa da gizarte hezkuntza kirolarekin zerikusia duen arloan lantzea.

Eta giza baloreak hauspotu?

Bai, aurten asko ikasi dut. Uste dut pertsonei balioa eman behar zaiela, aukerak eman behar zaizkiela, eta, norbait gaizki pasatzen baldin badabil, laguntzea dela garrantzitsuena, berriz zoriontsu ikusteko. Denok merezi dugu zoriontsu izatea.

Tximist Torneoan omenaldia jaso zenuen.

Jaso nezakeen omenaldirik onena izan zen. Familia zegoen, bat-batean kuadrillakoak ere agertu ziren goizeko seiak arte parrandan ibili ostean... Eta gero futbolean ezagututako lagunak. Benetako lagunez eta merezi duen jendeaz inguratuta horrelako omenaldi bat jasotzea niretzat ikaragarria izan zen.

Futbolak eman dizu lagunik?

Bai, oraindik mantentzen ditudanak eta betiko izango direnak. Ez asko, ez pentsa talde bakoitzetik 24 jokalariak lagunak direnik, baina arazo baten aurrean laguntzeko prest dauden lagunak egin ditut futbolari esker.

Irribarre bat ateratzen dizun horregatik borrokatzeko deia egiten duzu agurreko mezuan. Bizitzarako lema?

Nik hori bizi izan dut, lana eta esfortzuarekin lortu dut guztia. Beste pertsona batek horrelako zerbait bizi badu, ikus dezala nik lortu dudala eta berak ere jarrai dezala lortuko duen ilusioarekin. Ez da bizi lema bat edo horrelako zerbait; hori idatzi nuen nire errealitatea izan delako.

Urte honetan zein izan duzu aholkulari?

Nire amaz eta ahizpaz gain, Marta Torrejon eta Ruth Garcia [Bartzelonako jokalariak] nirekin egon dira urte guztian, eta, egia esan, beraiek gabe ez dakit zer egingo nukeen. Asko lagundu didate eta beraiekin egin dut negar eta barre. Futbolak eman dizkidan lagunak ere bai, adibidez Lucia Jimenez eta Lucia Padilla Luky, Rayo Vallecanoko Natalia Pablos... Eta, nola ez, betiko kuadrilla ezin ahaztu. Urruti bizi naiz baina beti daude nirekin. Adibidez, ’Animo Punky’ izeneko Whatsapp talde bat egin zuten eta egunero animo mezuak bidaltzen zizkidaten.

Eman dizuten aholkurik onena zein da?

Besoak ez jaisteko eta jarraitzeko borrokan, merezi dudana lortzeko borrokatu egin behar dela eta lortu arte jarraitzeko. Badaude uneak ematen duela pilak bukatu zaizkizula; dena pikutara bidaltzeko gogoa piztu izan zait, ezer egin gabe geratzekoa. Baina gauzak ez dira horrela. Jarraitu egin behar da, eskubideen alde borrokatu, zoriontsu izateko borrokatu. Lagunek eskatu bezala, aurrerantz egiten nuen.

Besteek nola gogoratzea nahiko zenuke?

Ez zait gehiegi gustatzen protagonismoa. Besterik gabe, lanaren bidez bere ametsa bete zuen neska bat moduan. Nik kirolari bezala gogor lan egin dut; gauzak lortu ditut lanaren poderioz. Baina ni bezala mila daude. Nik futbolean egin dut eta beste askok egiten dute beste arlo batean; adibidez, biologian sendagai berriren bat aurkitzen dutenean. Ni futbolaria naiz eta nik ematen diot daukan balioa, ez gehiago. Badago benetan jendea gauza garrantzitsuagoak lortzen dituena eta horiei ematen diet benetako balorea, gizartearentzat hobeak diren gauzak lortzen baitituzte.

Erreferente sentitzen zara?

Ez [barrezka]. Ez dakit jendeak zer pentsatzen duen, baina ni ez naiz erreferente sentitzen.