GAUR8 - mila leiho zabalik

Nostalgia pragmatikoa


Aurrera begiratzeko esaten digute. «Bizitza ibilbide bat da, itxi iraganeko oztopoak eta ekin aurrera». Aukeraz irekitzeaz eta etorkizuna eraikitzeaz ari zaizkigu. Azeleragailuan hanka pausatzen dugu. Ametsetako etorkizun horren bila. Horrela gabiltzala, askotan, ibilbide horretan itsututa gaudela, atzera begiratzea ahazten zaigu. Edo, atzera begiratzeak daukan balioari ez diogu garrantzirik ematen.

Nire belaunaldikoei ez ziguten Euskal Herriari buruzko historia gehiegirik erakutsi unibertsitate aurreko urteetan, ez behintzat gai horretan espezializatutako ikastaro edo aukeraren bat ez bagenuen egin. Urte gutxi batzuetan, astean bi ordutara mugatzen ziren klaseak, historiaurretik hasi eta garai modernoraino iristeko, bidean gauza asko utzi beharrean geunden. Horrez gain, orduko testuliburuek zituzten eguneratzeko prozesu aperiodikoekin, urte batzuk aurrerago norbaitek idatzitako hura “perspektiba unibertsaltzat” janzten zuten, eta horrekin ematen genien azken milaka urteei zertzelada azkarra. Horren ondorioa, eta generalizazioak egiteko askatasuna hartuz, gehienon ezagutza sakondu gabeko gertaera batzuetara bakarrik mugatzen zela zen. Azken urteetan, oroimen historikoaren gaiak oihartzun handia izan du eta zalantzarik gabe atzera begira egindako esfortzu horiek guztiek lagundu didate nire ikasketa urteetako zuloak betetzen.

Gaur egun, aldiz, informazio gehiegi (edo desinformazio gehiegi) daukagun garaiotan, zer irakurri eta non irakurri aukeraketa koherenteak egitea askotan inkontzienteki manipulatuta dagoenean, nahiz kanpokoen influentziaz edo gure buruari askotan nahigabe inposatzen dizkiogun aurreiritziekin, askotan ezagutzaren zulo horiek gehiago nabarmentzen dira.

Hala ere, nostalgia pragmatikoa da nirea eta atzera begira egindako pausaldiak laburrak dira. Baina, hainbeste aukeraren artean, historia liburu luze bat edo Twitterreko goiburuen artean, bigarrengoak irabazten du beti, denbora –denbora gabezia– zuzendari duen ibilbide horretan. Kontziente nahiz testuinguru horretan gure fake history bat sortzeko arriskuan gabiltzala, geure historia partikularrak eraikiz. Hala eta guztiz ere, norbaitek gure bertsioa zalantzan jartzen duenean, mesfidati begiratzen diogu: nork erabakitzen du nik Twitter edo Wikipedian irakurri dudana baino informazio iturri hobea dela berak iradokitzen didana?

Hala eta guztiz, nirea nostalgia pragmatikoa da, atzera eta aurrera bietara ezin denean egin, aurrera egitea aukeratzen dut eta nostalgia emozionalari irabazten dio etorkizuna hobetzeko saiakera horretan, nahiz eta zimendu ahul batzuetan (nire ezagutzari dagokienez batez ere) eraikia dagoen.

Norberaren bide indibidualean aurrera jarraitzen dut. Baina, tarteka, “benetako” historiari erreparatzen diogunean, “benetako” gertaeraren batek interesa pizten digulako, edo une konkretu batean sentsibilitate gehiago pizten digun zerbait gertatzen delako, hain ezinbestekoa zaigun iraganera salto bat egiten dugu. “Iragana: lahar eta larrosa” antzezlanak zubilan hori egiteko balio digu. Seguran estreinatu zen herri lana duela bi hilabete eta Euskal Herriko herri askotan ikusgai izango da udazkenean zehar. Primo de Riveraren diktaduraren garaietatik Gerra Zibilaren hasierara eramaten gaitu, 1923tik 1937ra. Euskal Herriko baserri giroan kokatuta, diktadurak eguneroko bizitzetan izan zuen eragina erakutsiz hasten da, Bigarren Errepublikak ekarri zuen itxaropena erakutsiz hurrena eta tamalez 1936ko altxamendu faxistan amaituz, Gernikako bonbardaketaren ostean erbestera joan beharra izan zuten hainbat haur euskaldunen eszena hunkigarrien oroimena oholtza gainean berpiztuz.

Laurogeita hamar minutuz pausa bat egin eta oroimen batzuetara botatako begirada azkarra da, zirrarak azaleratzen dituena, eta, batez ere orduko garaiak bizi izan zituztenak ikusle moduan gure alboan edukita haien erreakzioa gertutik ikustean, zeharka gogorarazten diguna historiako zati horrek Euskal Herrian izan zuen garrantzia. Eta, gure ibilbidean aurrera jarraitzen dugu, zerbait ikasi dugula jakinda. •