Saioa Iraola

Kolore biziak

Altsasukoak bahituta daude bortxaz eta 20ak –AEB, Europar Batasuna, Kanada, Txina, Errusia, Saudi Arabia eta Indiak parte hartzen dute, besteak beste, eta Espainia parte ez den arren, beti parte hartzen du gonbidatu fin gisa–, berriz, aste honetan, Hanburgon (Alemania), giltzapean daude, ez atxilo daudelako, jakina, mundua “konpontzeko” jaki, edari eta luxu artean besteon bizitzak, herritarron egunerokoa baldintzatuko dituzten erabakiak hartzeko baizik. Demokraziaren izenean, bietan gerra. Munduko estatu boteretsuenak batzen dituen G20 taldearen bilkuran, besteak beste, mintzagai izango dituzte politika antiterrorista, migrazio politikak, ingurumen legediak –Parisko Hitzarmena kasu, Trumpek, agintaldiaren hasieran, AEBek beteko ez zutela iragarri zuena–...

Grisa eta tristea bilakatu nahi dute mundua, enpatia eta elkartasunik gabea. Baina mundutiarrok ez dugu etsiko, grisa koloreztatzen gabiltza, han eta hemen, injustizia eraitsi eta demokrazia birdefinitzeko. Goi bilkura horren atarian, 1.000 zonbik Hanburgoko kaleak hartu dituzte. Elkar gurutzatzen ez diren begiradak eta gorputz programatuak noraezean ibili dira espaloi, bidegurutze eta plazetan. Hori bai, 21.000 poliziaren zaintzapean.

Baina ilunak argia berekin duenez, errefuxiatuoi, langileoi, emakumeoi, bolleroi, etxeko andreoi, indigenoi, transoi, desjabetuoi, prekariooi, etxegabetuoi, euskaldunoi, anarkistoi, sozialistoi, okupoi... etsipenera kondenatu nahi gaituzten arren, “guk argi dugu”. Kolore gabeko mundua, mundu tristea da eta, beraz, tristuraz beteriko mundua, mundu bukatua. Horregatik, kolore biziak daramatzagu soinean, bai Altsasun eta baita Hanburgon ere. •