JUL. 29 2017 IKUSMIRA BIZITZA OSOA BATEZ BESTEKO TENPERATURAREN GAINETIK Jose Angel Oria Ameriketako Estatu Batuetako NOAA Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak egindako txosten baten arabera, planetaren azken 390 hilabeteotako tenperatura batez bestekoa baino altuagoa izan da. Beraz, 32 urte edo gutxiago dituen irakurleak bere bizitza osoa batez besteko tenperaturen gainetik egin du. Datu horiek erregistratzen hasi zirenetik pilatutako materialarekin egin dute kalkulua NOAAko adituek. 2017ak orain arte eman duena ikusita, badirudi iazko marka hautsi gabe geratuko dela aurten. Aurtengo ekaina, esaterako, iazkoa eta 2015ekoa baino freskoxeagoa izan da, baina batez bestekoa oso atzean utzita (1,48 gradu), hori bai. Gainera, ekaina normalean baino lehorragoa izan da leku askotan, eta horrek sute tragikoak eragin ditu, esaterako, Portugalen (goiko irudian). Zientzialariek nabarmendu dute horrenbesteko beroa “El Niño” izeneko fenomeno meteorologikoa amaituta dagoenean gertatu izanak kezkatzen dituela. Beheko irudiko Atenasko umeei, berriz, bost axola, bai behintzat goitik behera bustitzeko aukera duten bitartean...