GAUR8 - mila leiho zabalik

Zientziak (ere) ez du denborarik galtzen


Oporraldi garaiaren erdi-erdian gaudelarik, ezer baino lehen, «denbora galtzearen» apologia egitea dagokit, edo zehatzagoa izateko, esaera horrekin ulertzen den jarduerarena: aspertzea, ezer ez egitea, egotea. Egiari zor, ez da batere esaera egokia, denbora ez baita galtzen, ez baita galtzerik eskuetan ez dena. Denbora bizi egiten dugu, eta hobeto edo okerrago bizi dezakegu. Denbora galtzearen esaerarekin esan nahi duguna, beraz, txarto bizitzea besterik ez da, txarto jardutea. Ideologia kapitalistak denbora urre dela sinistarazi digunetik, ezer produktiborik egiten ez deneko denborak ezertarako balio ez duela dirudi, galdu egiten dela. Baina ohartzerako, denbora andana ematen dugu eginean, hamaika gauza egiten, egin eta egin, benetan probetxuzko ezer gutxi ateratzeko. Opor egunok balio bezate ondo eta txarto jarduteaz hausnartzeko.

Halaxe egin dute, adibidez, Nobel saria jaso duten hainbat zientzialarik berriki, zientzia jardueraren gainean kritika eginez. Denbora galtze handi bat dela salatuz, zehazki zientzia argitalpen sistema arbuiatzera irten dira, azken urteotan zientzia komunitatean pisua irabazten ari den kezkari ekarpena eginez. Zientzia komunitateak jakintza eraikitzeko argitalpenak erabiltzen ditu, zientzia aldizkarietan argitaratzen diren artikuluak bereziki, eta horiek Inpaktu Faktorea delakoaren bidez ebaluatzen dira. Zientzialarien eta beraien atzean dauden instituzioen xedea da inpaktu handiko aldizkarietan argitaratzea, asko gainera, horrek prestigiatzen baitu ikertzaile bat edota unibertsitate oso bat, eta horren ondorioz heltzen baitira, adibidez, finantzabideak. Duela mende erdi argitalpen nagusienak diskriminatzeko asmatutako Inpaktu Faktorea adierazlea, milioika zientzialariren lana dinamizatzen duen motor bilakatu da egun eta gero eta gehiago dira hori zientzia jardueraren kaltetan jokatzen ari dela salatzen dutenak.

Inoizko ikerlari gehien dauden unean ez dela tamainako zientziarik egiten ari irakurri nion duela gutxi aldizkari prestigiodun bateko zuzendariari. Kezkaturik zegoen bereziki ikerlari gazteekin, etengabe publikatzen aritzeko duten presioarekin, ikerketan zentratu ordez idaztean tematuta daudenak. Presio horren adierazle da, 2012an “Zientzialarien txuletak” artikuluan jasotzen nuen bezala, iruzurtiak direlako susmoaren eraginez aldizkariek baztertzen dituzten artikuluak hamarkoiztu egin zirela urte horietan. Urte horretan bertan San Frantziskoko Adierazpena eman zuten argitara hainbat zientzialarik; ikerketaren ebaluazioaren gainean kritika egin eta gomendio ezberdinak ematen zizkieten jarduera zientifikoan inplikaturiko agenteei. Oro har, adierazle ezberdinak kontuan hartzea zen eskatzen zena, Inpaktu Faktorearen balioa erlatibizatuz. Egiari zor, kantitatearen gaineko neurria ematen du egun adierazle horrek, kalitatearena baino, eta halaxe jarduten du zientzia komunitateak, “gehiago” jarriz “hobeto”-ren aurretik.

Gauzak horrela, zientziak gero eta denbora gutxiago du aspertzeko. Maiz kontatu izan dut nire unibertsitate ibilbidean gehiago ikasi izan dudala liburutegian liburuak jaten eta ariketa andana egiten baino, kafetegian aspertuta beste diziplinetako kideekin solasean. Bizitzako aspektu ezberdinetan bezala zientzian ere oso garrantzitsua da egotea. Aurrerapen zientifiko andana eta aurkikuntza asko asperduraren eta denboraren fruitu izan dira, eta horixe bera da egungo jarduera zientifiko frenetikoak eskaintzen ez duena. Berandu baino lehen berreskuratu beharko genuke jarduteko era egokiago bat, denbora hobeto bizitzeko era bat, hain zuzen ere, helburuak ondo pentsatu eta horiek asebetetzeko moduko lana diseinatu eta gauzatzea. Eta esan dut, baina errepikatu beharrean naiz; zientzian bezala bizitzan oro har egin behar dugula ariketa hori, oporretan egonda ere, ez baitugu denborarik galtzeko! •