GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Natxo Rodriguez Arkaute
artista eta irakaslea

«Instituzioek lehiakortasuna sustatzeak kultura sektorearen atomizazioa eragiten du»

Arte Ederrak ikasitakoan, teknologia berriekin topo egin zuen. Horiek eta artea uztartzen hasi zen belaunaldikoa da Natxo Rodriguez artista gasteiztar aitzindaria.


Lekeition topatu dugu Natxo Rodriguez eta biharamunerako jarri digu hitzordua, egun ederra iragarrita badago ere, hondartzarako modukoa. Bizkaiko herrian izango da datorren urrian ere, Euskal Zine eta Bideo Bileraren 40. edizioan, EHUko Arte Ederren Fakultateak ekimenean kolaboratzen baitu, batez ere epaimahai lanetan, eta, artista gasteiztarra fakultate horretako irakaslea baita, gaztetan irakaskuntzan jardungo zuenik imajinatzerik ere ez zuen arren. «Gaztetan, institutuan, arterako halako gogoa sortu zitzaidan, edo ikusmina, 16 edo 17 urterekin ez bainekien zertan ibiliko nintzen ere». Orain irakaskuntza lanbide duela, gustura dagoela dirudi: «Dibertigarria da, eta gustuko dudan horretan lan egiten dut. Gainera, unibertsitatean alde batetik irakaslea zara, beste alde batetik ikerkuntzan diharduzu, eta, azkenik, kudeaketan; hori nahiko aberasgarria da».

Arte Ederrak hasterako, marrazkiak eta argazkiak egiten zituen. «Nire aitak ere margotzen zuen, eta gaztetan argazki laborategi bat izan zuen etxean. Beharbada hortik etorri zitzaidan zaletasun hori. Ni ez nintzen marrazkilari bereziki ona, ez nuen gauza gehiegi egiten, baina gogoa nuen. Ondoren fakultateak zeharo aldatzen zaitu. Nerabe sartzen zara eta 23 urterekin atera, heldu. Ni neure olioen maletatxoarekin sartu nintzen, artearen ideia jakin batekin, eta 23 urterekin ideia guztiz desberdin batekin atera nintzen, ikusi eta ikasi nituen gauzengatik eta bertan ezagutu nituen lagunengatik. Izan ere, irakaslegoak, testuinguruak eta ikasketa planek bezala, lagunek ere eragin handia izaten dute zuregan, eta giro horretan sorkuntza, eta sormena, erraztu egiten dira».

Unibertsitate garaian zenbait erakusketa egin zituen. « Erakusketa kolektiboak, lehiaketetan ere parte hartu izan nuen, baita sariren bat irabazi ere. Aspaldi ez dut ezer pintatu».

Teknologia berrien garaia

Izan ere, unibertsitatean ez zuen bere prestakuntza bukatu, eta berehala teknologia berriekin topo egin zuen. «Gasteizko Irudi eta Teknologia Berrien Zentroan hasi nintzen (CINT), ordenagailuak agertzen hasi ziren garaian. Bi urte eman nituen bertan. Zoragarria izan zen hura. Teknologia berriek zabaldu zuten bidetik jo nahi zutenentzako zentroa zen, ikus-entzunezkoen eremuan betiere, zinemagintzan, telebistan edo bideoan jardun nahi zutenentzat. Esan bezala, ni fakultatetik beste ideia batekin atera nintzen, nahiko ideia tradizionala, ohiko bidetik: pintura, eskultura… Kontua da nik CINTen lehen aldiz ordenagailu bat ukitu nuela. Fakultatean badakit Macintosh bat edo beste bazegoela hor nonbait, baina guk ukitu ere ez genuen egin. Eta orduan hasi nintzen irudiak digitalizatzen eta manipulatzen, collageak egiten eta serigrafia bidez mihisera pasatzen. Eta gero bideoak eta infografiak, instalazioak, ikus-entzunezkoak egiten hasi nintzen. Horixe izan zen edizioarekin, ordenagailuekin, kamerekin, infografiarekin… izan nuen lehen harremana. Dena oso oinarrizkoa zen, oso primitiboa, baina bi urte haiek oso emankor eta erabakigarriak izan ziren niretzat».

Gaurtik begiratuta, «historiaurrea» omen da, baina Natxo eta garai hartako artistak aitzindariak izan ziren Euskal Herrian. «Batzuek lanbide ikasketa izan zuten hura, eta beste batzuek gure zoramena gauzatzeko aukera. Handik jende ezagun asko pasatu zen; esate baterako, Francisco Ruiz Infante, Fito Rodriguez, Iñaki Dorronsoro, Juanma Bajo Ulloa, Cristobal Baigorri, Martin Guridi… Hau da, gaur egun Gasteizen ikus-entzunezkoetan dabilen jende mordo bat. Gero desagertu egin zen, pena handia izan zen. Han nengoela, fakultatean nengoenean bezala, tabernetan lan egiten nuen asteburuetan; ondoren, marrazki akademia batean haurrei eskolak ematen hasi nintzen. Hurrengo lanbidea Eskolapioen ikastetxean izan nuen, zenbait urtez irakasle. Euskarazko irakaskuntzan ere ikastetxe hartan hasi nintzen».

Rodriguez Fundazioa eta SEAC

«CINTen Fito [Rodriguez] ezagutu nuen, bera irakasle baitzegoen bertan, Luis Emaldirekin eta Koldo Aginagalderekin batera, Teofilo Mingueza argazkilari arabarraren izena zuen tailer esperimentalean. Fitorekin gauzak egiten hasi nintzen eta Rodriguez Fundazioa sortu genuen. Aldi berean, SEAC (Selección de Euskadi de Arte de Concepto) ere sortu genuen Pepo Salazar, Beni Martinez de Ilarduia, Fito eta laurok. Denon arteko lotura CINT izan zen. 1998ra arte iraun genuen elkarrekin. Rodriguez Fundazioak ibilbide luzeagoa izan zuen, 2012ra arte, hain zuzen».

Rodriguez biak, Fito eta Natxo, halaber, GARAko kolaboratzaileak izan dira –eta oraindik ere badira aldian-aldian–. “Mugalari” kultura eranskinean idatzi ohi zuten. Natxok dioenez, ez zuen euskaraz idazteko ohiturarik. «Eskolak euskaraz ematen nituen, baina ez nengoen horrelako kolaborazioak euskaraz egiten ohituta». Hala ere, erronka polita izan zela dio: «Pila bat ikasi nuen». Izan ere, garai hartan ez zen gauza samurra arteaz eta teknologia berriez euskaraz idaztea.

Dibertigarria iruditzen zaio garai hura gogoratzea, unibertsitateko ordezkapenak, Eskolapioetako eskolak eta Rodriguez Fundazioko eta SEACeko proiektuak uztartzen zituenekoa. «Testuinguru kulturala ez zen gaurkoa. Garai hartan Euskaltel sortu zen, baina artean ez zeuden Guggenheim edo Artium. Guk pintura eta horrelako artea oso goiz utzi genuen alde batera, eta galerien sistema, merkatua eta hori guztia ez zegoen gure perspektiban. Gauza ez-objektualak, bideoa, performancea, bideo instalazioa egiten genituen, eta horretarako ez zegoen lekurik garai hartako arte sisteman. Baina horrek ez gintuen gehiegi kezkatzen. Gainera, gure zereginean bazegoen asmo kritikoa. Merkatuan sekulako gorakada izan zen, garai hartan sortu ziren museo gehienak, dena saltzen zen, dena garesti: ARCO, hitzordu ospetsuak, dena guztiz ofiziala… eta gu kritikoak ginen harekin guztiarekin. Ikuspuntu kontzeptualetik, ‘puretagoak’ ginen, 60ko eta 70eko hamarkadetan abiatutako mugimenduetatik gentozen».

SEACeko kideek Guggenheim nabarmen uzteko zenbait ekintza egin zituzten, esandakoaren paradigma zelako; esate baterako, futbolariz jantzita joan ziren bertara obrak ikustera, «azken batean, gu Euskadiko Selekzioa ginen». Ekintza hura zen beren artelana: bidaia, bisita, mozorroa, langileekiko solasak eta guztiaren argazkiak. Gogoan du Natxok lehen elkarrizketa “Egin” egunkariak egin ziela.

Gustuko gauzak egiten zituzten: bideo artea, net art (Interneterako artea), bideogintza, CD-ROMeko lehendabiziko proiektu artistikoa… «Horrelako euskarriak eta teknologiak interesatzen zitzaizkigun, bide berrien bila. Eta gauza berriak proposatu eta antolatzen hasi ginen, lehenik Gasteizen, Amarika aretoan. 1996 aldera han egin genuen lehen proiektuak ‘Aglutinatzaileak eta disolbatzaileak’ izena zuen. Ez zuen zerikusirik, esaterako, pinturarekin, teknologia berriekin baizik, eta lehen erakusketan CD-ROMak, net art proiektuak eta soinu esperimentala zeuden ikusgai eta entzungai».

Arteleku

Natxoren formakuntzan berebiziko garrantzia izan zuten, halaber, 1994an Artelekun egin zituen bi tailerrek. Lehenengoa, Antoni Muntadasekin; bigarrena, Francesc Torresekin. «Txip aldaketa ikaragarria» izan zen beretzat esperientzia hura. Horrela hasi zen, bestalde, Rodriguez Fundazioaren eta Artelekuren arteko harremana. Artelekuko zuzendaritzak artearen eta teknologia berrien arteko harremanen inguruko ikastaroa egitea proposatu zien Natxori eta Fitori. Teknologia haiek CD-ROMak, Internet, ordenagailuz editatu ziren lehenbiziko bideoak edo digitalizazioaren lehen pausoak –guretzat behintzat– ziren. Proiektu hark bi urte iraun zuen. Deialdi publikoa egin zuten eta hainbat artistak parte hartu zuten, batzuk gaur egun famatuak direnak, hala nola Ibon Saenz de Olazagoitia, Maria Cañas eta Mauro Entrialgo.

Fakultatearekin batera Natxoren formaziorako ezinbestekoak eta erabakigarriak izan diren leku bi, CINT eta Arteleku hain zuzen, desagertu egin dira. «Arte produkziorako baliabide haiek desagertu egin dira eta horren ordez ez da ezer sortu. Sortu den guztia edukitzaile itxiak dira, gauzak erakusteko bakarrik, Guggenheim, Artium eta horrelako egiturak. Beharbada BilbaoArte izan liteke aurreko haien antzekoa. Testuinguru kulturala zeharo aldatu da. Baten batek esan lezake azpiegitura berriak irabazi ditugula, baina azpiegitura horiek ez diete jaramonik egiten zenbait faseri; esate baterako, formakuntzari eta produkzioari. Dena erakustea da. Agian geratzen den gauza bakarra fakultatea da, ez dakit... Fakultatean egunero produzitzen da artea. Ateak zabaltzen diren momentutik jendeak marrazten, idazten, grabatzen edo eskulturak egiten jarduten du. Lehen hori leku gehiagotan gertatzen zen, baina gaur egun edo ekimen pribatuak dira edo, modu publikoan, fakultatean bakarrik egiten da. Museoek eta arte zentroek badituzte programa txiki batzuk, baina ez da gauza bera, paradigma aldaketa egon da. Eta Euskal Herrian hiri ehundura ikaragarria dugu kulturari dagokionez, oso aberatsa. Begira Bilbon, edo Gasteizen. Gasteizen proiektu pila bat dago, batzuk mitikoak: Hala Bedi, Gaztetxea, Hell Dorado... Baita azken boladan agertuz joan direnak ere: Baratza, ZAS, Monstrenka… Hori guztia, gainera, instituzioetatik kanpo. Batzuek, ez guztiek, laguntzak dituzte nonbait, baina azkenean motxila euren bizkarrean dago. Eta Bilbon gauza bera. Giro kulturala pil-pilean dago, baina ez dago kezka instituzional edo ofizialik hori sustatzeko eta horri eusteko.

Instituzioen jarrera

Kezka horrek bultzatuta, Gasteizen Arabako Kulturaren Mahai Sektoriala sortu zen iaz. «Bazen horrelako zerbait sortzeko garaia, sortzaileen artean ez baita sekula halakorik egon. Nire lagun batek esaten duenez, badaude sindikatuak maila guztietan, baina sortzaileen artean ezinezkoa izan da zerbait kolektiboa sortzea kezkak eta arazoak bideratzeko. Kolektibo guztiz atomizatua izan da. Horrek sortzailearen egoarekin zerikusia du, beti euren arteko gatazka sortzen da, eta nik uste dut instituzio publikoen estrategia ere izan dela. Azken urteotan izan ditugun diru laguntzek eta kultura programek proiektuak gauzatzeko balio izan dute alde batetik, baina, bestetik, beti lehiakortasuna sustatu dute eta horrek sektorearen atomizazioa eragin du. Orain hainbat mugimendu eta erakunde biltzen dituen zerbait sortzea, Mahaia kasu, oso interesgarria da. Zaila izango da, motela da-eta, baina presentzia bat, indar bat da. Ematen du hori arloaren arazoa dela, baina nik uste dut erakunde publikoek lan egin behar dutela hori errazteko; egituratu, antolatu egin behar da. Guztioi interesatzen zaigu eremu kultural aberats eta bizia. Baina erakundeek ez dute ezer egiten, beti dago plan estrategikoren bat, bata bestearen atzean, baina eragile independenteak ez dira zaintzen. Nekagarria da, horrek jendea desaktibatu besterik ez du egiten. Helburua zein da? Beharbada horixe, jendea desaktibatzea. Noraino den sektorearen akats historiko bat edo noraino den erakunde publikoen estrategia bat, ez dakit. Azkenean, politiken falta politika da».

Ahalegin publikoa, jendartera

Esan bezala, oso gustura dago fakultatean, eta oso inplikatuta. zuzendaritza taldean egon da zazpi urtez. Arantza Lauzirika Arte Ederren Fakultateko dekanoaren taldean gauza interesgarriak egiteko aukera izan omen du. «Fakultatea organismo oso bizia da, egunero ekoizten da kultura, egunero egiten dira gauzak, akademikoak ere bai, jakina. Hala ere, orain dela bi urte honakoa pentsatu genuen: ‘Fakultatean milaka gauza egiten dira. Arlo akademikoa, ikasketa planak, argi daude, baina paraleloki Fakultatean beste hainbat gauza ere egiten dira: erakusketak, mintegiak, hitzaldiak, proiekzioak...’. Kontua da inork ez zekiela zenbat gauza, noiz eta nola egiten ziren, eta motorra gelditu genuen pixka batean, ea zer egiten dugun ikusteko. Hala, modu paraleloan egiten ziren jardueren mapa egiten hasi ginen. Eta gure mapa ofizialaren ondoan, beste mapa bat agertu zitzaigun. Mapa horretako jarduerak ez dira akademikoak, baina fakultateari nortasun propioa ematen diote. Estatuan Arte Ederren hainbat fakultate daude, baina hau berezia da, Bilboko edo herri honetako testuinguru kultural eta sozioekonomikoan dagoelako, ikasketa plan propioa duelako eta haren inguruan hainbat gauza gertatzen direlako, tokiko testuinguruekin zerikusia duten hainbat gauza; Bilbon, Gasteizen, Donostian, herrietan gertatzen denarekin, alegia. Beraz, argazki hori egiten saiatu eta nolabaiteko erretratua atera dugu. Eta hori ikusita, alde ez-akademikoa ere sustatzen saiatu gara, ikasleentzat oso garrantzitsua delako. Oso garrantzitsuak dira irakasgaiak, proiektuak, gradu amaierako lana... baina Bilboko testuinguruan edo Euskal Herriko giro kulturalean zenbait proiekturen bidez parte hartzea are aberatsagoa da ikasleentzat. Eta jendeak kanpotik ikusi egiten du, Madriletik, Sevillatik edo Italiatik hona ikastera datozenek badakite zer dagoen, eta, ez badakite, berehala konturatzen dira. Hori sustatu egin behar da».

Horregatik sortu zuten Zabbaalik! proiektua, fakultatetik ikasleei aurrekontuaren parte bat haiek kudea dezaten egindako proposamena. «Aurrekontuaren zati txiki bat da, baina eurek bakarrik kudeatzeko. Ez da diru laguntza bat soilik: deialdi baten bidez ikasleek proiektuak proposatu ez ezik kudeatu ere egin behar dituzte. Hala ikasleak neurri batean fakultatearen kudeaketan parte hartzen dute, ideia berriak eta formatu berriak ekartzen dituzte, gazteak eta ausartak baitira». Eta ondo atera omen da. «Esandako Euskal Herriko ehundura kultural horretan diharduten asko gure ikasleak izan dira». Argi du Natxok erakunde publikoen zeregina, unibertsitatearena behinik behin. «Publikoa baldin bada, publikoarentzat lan egin behar du, eta nolabait jendarteak egiten duen ahaleginak gizartera itzuli behar du. Askotan, artean behintzat, ez da hori gertatzen, askotan artegintzan egiten den ahalegin publikoa galerietara, ferietara eta horrelako leku pribatuetara joaten da. Hori eremu pribatutik egiten baldin bada, arazorik ez, bere logika dauka, baina ekimen publikotik beti saiatu beharra dago ahalegin publikoa jendartera itzul dadin. Guk fakultatean egiten duguna hortik doala uste dut».

Oporretan dago Natxo, baina etxerako lanak ere baditu. «Nire azken erronka aurten EHUn sortu den Kulturgintza Zuzendaritzaren ingurukoa da. Plan bat proposatzeko lanean gabiltza. Orain arte unibertsitatean kulturgintza hiru campusetan kudeatu da, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, horietan bazegoen kultura zuzendaritza bana; orain, horiekin batera eta maila berean, zuzendaritza berriaren koordinaziopean, guztion artean proposatu behar dugu plan bat, irizpide globalago batekin. Udako etxerako lana dut hori, irailerako egin behar baita proposamena, 18tik aurrera gutxika abian jartzeko».

Errekaleor

Unibertsitatea alde bat utzi eta beste gai bat ekarri dugu hizpide, nolanahi ere, hori ere kulturari loturik: Errekaleor. Proiektu horren aldeko agiria sinatu zutenen artean ageri da Natxo Rodriguez. «Lehen testuinguru lokalaz esan dugunak zerikusi handia du horrekin. Hori Gasteizen gertatu izana ez da funtsik gabea, eta nire ustez hiriaren lorpen bat da. Batzuek arazo bat ikusten dute; nik, berriz, aukera bat. Pentsa hori Kopenhagen, Stockholmen edo Korean gertatu izan balitz, herritarren halako ekimen ikaragarria izango zen, txalotzekoa... eta hemen arazo gisa ikusten dute. Gasteizek izan beharko luke nazioarteko autogestio-ikerketarako kasu bat. Non aurkitzen duzu hemen dagoena? Zergatik gertatzen da hori Gasteizen? 70eko eta 80ko hamarkadetan gertatutako hainbat gauzaren testuinguruan hiria formatu egin delako».