Isidro Esnaola

Akordiorik gabeko banaketaren kostua

B eti saldu digute katalanek diruari asko begiratzen ziotela eta euskaldunok, aldiz, motibazio nobleak genituela. Egungo egoerak kontrakoa esaten digu hain justu. Jeltzaleak harro dabiltza Madrili lau sos ateratzea lortu izanagatik. Katalanak, ordea, emandako hitza betetzera doaz eta oztopo guztien gainetik autodeterminazio eskubidea egikaritzeko urratsak egiten ari dira. Eta inork ez du diru konturik aipatu. Beharbada, estereotipo horiek espainolek ezarritakoak dira eta denok itsu-itsuan sinetsi ditugu. Kontuak kontu, Madrilek beti egin ditu negozioak batzuekin zein besteekin, beti erosi izan ditu bi herriotako ordezkarien borondateak. Baina krisi ekonomikoarekin batera, borondateak erosteko garaia amaitu zen, batez ere, baliabideak amaitu zirelako. Hortik aurrera, batzuek temati jarraitu dute ohitura zaharrekin, eta, besteek, berriz, beldurrak gainditu eta bide propioa egitea deliberatu dute. Eta estereotipoak apurtu dituzte.

Edozein kasutan, urriaren 1eko erreferendumaren kanpaina hasiera honetan gai ekonomikoak inortxok ere ez aipatzeak atentzioa ematen du. Soilik enpresari elkarteek egin dute hitzen bat edo beste, baina prozesuaren kostuaren inguruan. Antzeko erreferendumak egin izan direnean, Quebec edo Eskozian adibidez, argudio ekonomikoak ahoz aho ibili izan dira. Gainera, independentziaren aurkakoen argudio nagusiak ekonomikoak izan ohi dira. Jendea beldurtzeko independentziak kalte ekonomikoak ekarriko dituela esan ohi dute. Horrela, zorigaitz guztiak iragartzen dituzte: enpresek alde egingo dute; gelditzen direnek merkatuak galduko dituzte; langabezia igoko da eta pobrezia zabaldu... Babes sozialaren gainbehera izaten da ohiko beste mehatxu bat, batik bat pentsioekin lotuta. Estatu independenteak ez omen du diru nahikorik izango pentsioak ordaintzeko; maiz errepikatzen da ideia hori. Eta hala, ekonomiarekin lotutako mehatxuak bat bestearen atzetik sartzen dituzte eztabaida politikoan.

Aldiz, oraingoz Katalunian entzun dugun argudio bakarra Europar Batasunarena izan da. Katalunia, lehen Eskozia bezala, independentzia eskuratuz gero Europar Batasunetik kanpo geldituko dela diote unionistek. Horri gehitzen diote Katalunia eurotik kanpo geldituko dela, merkatu bakarrera sarrera galduko duela, eta abar. Baina Europar Batasunetik kanpo geratzearen argudioa ikuspuntu politiko batetik erabili dute. Unionistek Katalunia nazioen klub garrantzitsu batetik at izango dela azpimarratu nahi izan dute, hau da, galera ekonomikoak baino, independentziak Kataluniari estatus galera bat ekarriko diola irudikatu nahi izan dute.

Eztabaida ekonomikoa baztertzeak ondorio batzuk ditu. Alde batetik, eztabaidari heltzeak praktikan erreferendumaren onarpena ekarriko luke. Erreferenduma ukatzean, baina, katalanak konbentzitzeari ere uko egin diote unionistek. Independentziaren aurkako argudio asko eman beharrik ez dute izan: aurkaria menderatzea da Estatu espainolaren jomuga bakarra. Horretarako argudioak sobera daude, indarra besterik ez da behar. Baina mehatxuek porrot egitean, baliabiderik gabe gelditu dira. Hori horrela izanik, unionistek beraientzat garrantzia duen galera bakarra Espainia zatitzea dela onartu dute praktikan; hau da, beste guztia horren menpe dagoela, kalte ekonomikoak eta ongizate mailako kalteak barne. Kontuan hartu beharreko posizioa independentziaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko etorkizuneko eztabaidetan.

Ekonomia mendeko tokian kokatu dute unionistek, politikaren azpian. Horrela behar du. Hala ere, erabaki politikoen kostua aintzat hartu behar da beti. Ematen du espainolak prest daudela ontzi guztiak galtzeko mendekotasuna mantendu ahal izateko. Baina horrela dena galduko dute. Akordiorik gabeko banaketa emanez gero, aktibo eta pasibo bereizketarik ez da egingo. Estatu espainola geldituko da aktibo guztiekin, Kataluniako lurraldean daudenak salbu, eta pasibo guztiekin, hau da, zor guztiarekin. Eta Moody’s agentziak aste honetan bertan gogoratu du Kataluniak biltzen duela Estatuaren aberastasunaren % 19 eta biztanleriaren % 16. Akordiorik gabe, zorraren zama Estatuaren bizkarrean geratuko da. Baina bizkar estuagoak izango ditu. •