Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

GIDATZEKO BAIMENA BAI, BAINA DEBEKUAK ASKO DIRA ORAINDIK

Saudi Arabiako emakumeek hamarkada luzez egindako aldarrikapen bat egia bihurtzea lortu dute: gidatzeko baimena eskuratu ahal izatea eta auto bat gidatzeagatik giltzaperatuak ez izatea. Aurrerapauso handia da eta hala ospatu dute Saudi Arabiako emakume ekintzaileek. Nazioartean ere oihartzun handia izan du Salman erregearen iragarpenak, erreinu ultrakontserbadorearen irudia nolabait zuritzen lagundu duena. Hala ere, oraindik asko dira emakumeek beraien eguneroko bizitzan jasan behar dituzten debekuak. Familiako gizonezko baten baimena derrigorrezkoa dute gauza txikiena ere egiteko. Atzerrira joan nahi badute edo ebakuntza bat egin behar badute, aitaren, anaiaren, senarraren... oniritzia behar dute. Familiakoak diren gizonekin soilik izan dezakete harremana, musulmanak direnekin bakarrik ezkon daitezke, burutik hanketaraino beltzez estalita joan behar dute... Muturreko kode horiek ez errespetatzearen ordaina kartzela da, oraindik ere. Ainara Lertxundi