ENEEK

Nora hoa, marigorringo, amona mantangorri, katalingorri?

EHKO Kolektiboaren marigorringoa Gasteizen iraganen den Bionekaraba azoka ekologikoan ikusten ahalko dugu heldu den urriaren 7an. EHKO Euskal Herriko biobaserritar akroekologiko eta herritarren kolektiboa da. Muga administratiboen gainetik, Euskal Herriko biolaborariak biltzen dituena. Zehatz mehatz definitzea zaila bada ere, agroekologian oinarritzen den nekazaritza eredu bioekologikoa bultzatu nahi du.

EHKOren amona mantangorria agertzen den aldiro, seguru egon begi bistan duzuen hori ekologikoa, bertakoa, etxaldekoa eta herrikoia dela. Eta, hain zuzen, katalingorria erakusten duen identifikatzaile bat sortu du EHKO Kolektiboak, gaur egun Euskal Herriko 64 etxaldek eskuratu ahal izan dutena.

Identifikazio tresna honek laborantza bioekologikoa, bertakoa, etxaldekoa eta herrikoia egiten duten Euskal Herriko biobaserriak identifikatzen eta ezberdintzen ditu. Identifikatzaileak etxaldeak bere osotasunean identifikatzen ditu eta ondorioz ez da produktuari emana zaion label bat.

EHKO zigilu hori eskuratzen duen etxalde oro lan kolektibo baten egitera konprometitzen da, Europako araudi ekologikoari gehitutako arauak errespetatzera, sistema bioindustrialetatik desberdintzeko eta baserritar/herritar harremana ziurtatzeko.

Etxalde batentzat EHKO identifikatzailea eskuratzeko lehen baldintza, Europak proposatzen duen biozigilua lortzea da gutxienez. Eta horren ondoren, EHKO Kolektiboaren barne araudiak agroekologian oinarritutako arau zorrotzagoak eta ainitzagoak gehitzen dizkio. Onarpen komisio bat sortua izan da etxaldeen identifikazio egitasmoa ziurtatzeko. Komisio hori bost lagunek osatzen dute, tartean EHKO Kolektiboko talde eragileko kideak eta baita herritarrak ere. Onarpen komisioak kide laborarien jarraipena egiten du eta zalantzazko kasuak aztertzen ditu.

Baina zer eta nola aztertzen du komisioak? EHKOren identifikatzailea habian jartzeko, konpromisoen agiri bat marraztua izan da nekazarien arteko hainbat bilkura eta gero (arlo ezberdinak bilduak izan dira nekazarien artean). Konpromisoen agirian, etxaldeak EHKOren irizpideak betetzen dituela eta Kolektiboarekiko eskatzen diren konpromisoak hartzen dituela sinatzen du. Orotara zazpi konpromiso eta hazkuntza, agronomia, salmenta eta alde soziala jasotzen dituzten hamabosten bat baldintza biltzen dituen dokumentua da konpromisoen agiria.

Eta EHKO Kolektiboaren lana ez da identifikazio lan horretara soilik mugatzen. Identifikatzaile huts bat baino askoz gehiago da EHKO, gure gizartearen antolaketa itzulipurdikatu nahi duen gogoeta da.

Zeintzuk dira itzulipurdi horren hitz gakoak? Elikadura burujabetza, energi berriztagarrien garapena, nekazari txikien biderkatzea, gure kontsumo ohituren aldaketa, bertako ekoizpena bertakoentzat, baserritar nekazaritza herrikoia.

Gogoeta ildoak ez dira eskas eta agroekologiak bizitzaren arlo anitz kontuan hartzen dituelako erran genezake proiektu politiko bat dela, jendartearen bizi antolaketa proposamen berri bat jorratu nahi duena.

Agroekologiaren aplikazioaren beharra gero eta begi bistakoagoa da, bereziki txirotasuna pairatzen duten herrietan. Funtsezko eztabaida bilakatzen hasi da maila ezberdinetan.

Euskal Herrian bertan ere, saia gaitezen amona mantangorriari bere espazioa eskaintzen!

Hurrengo hitzordua Gasteizen izanen da, urriaren 7an. Izan ere, Bionekaraba merkatu ekologikoak EHKO Kolektiboari bertan izateko gomita luzatu dio.

EHKOrekin batera, Euskal Herriko biharko Basa Herria izan gaitezen!