GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Eider Bernaola eta Mirian Santos
argazkilaria eta musikaria

«Irudi batzuek emakumeen aurkako indarkeria normalizatzen dute»

Eider Bernaola argazkilariak «Emakumeak eta puntu» erakusketa aurkeztu du ARTgia aretoan. Mirian Santosek, «Buffrö»-k, jarri dio musika erakusketari.


Irudien munduan estereotipo patriarkalen aurrean ikusmolde feminista eta jarrera etikoa aldarrikatzea. Hori da “Emakumeak eta puntu” erakusketaren helburu nagusia. Emakume biluzien argazkien bidez, konplexuen gaia lantzen du eta azaroaren 18ra arte Gasteizko ARTgia aretoan ikusi ahal izango da. Inaugurazioa joan den asteko ostiralean egin zuten, eta bertan parte hartu zuten Eider Bernaolak, erakusketa osatzen duten argazkien egileak, eta Miriam Santosek, Buffrök, erakusketari musika jarri dion neskak. Biekin izan da GAUR8, duela bi urte sortutako ekimenaren ondorioa den erakusketa nola gauzatu duten jakiteko.

«Momentu batean galdetu nion neure buruari zergatik ikusten ditugu beti emakumeen argazki berak. Irudi berak agertzen dira telebistan, liburuetan, baita artearen historian ere. Beti ikusten duzu gauza bera, emakumeak antzeko jarreretan. Batak ile horia dauka eta besteak beltza, baina beti daude jarrera berean, kanon estetiko zehatz batean oinarrituta dagoen estereotipo bat zabaltzen», azaldu du Bernaolak. Hala, zerbait gaizki zegoela antzeman zuen: «Ikusi nuen zer-nolako eragina duen ezarritako estereotipoak gure autoestimuan, eta gure gorputzari buruz daukagun ikuspuntuan. Horregatik erabaki nuen proiektu hau martxan jartzea, eta emakumeen gorputzei argazkiak egiten hasi nintzen».

ARTgia aretoko erakusketa honetan 16 emakumeri egindako argazkiak ikus daitezke. «Sare sozialen bidez hasi zen guztia. Iragarki bat zabaldu nuen Facebooken, biluzik posatu nahi zuten emakumeei zuzenduta. Anonimatua gordetzeko konpromisoa hartu nuen, baina ez zegoen bestelako baldintzarik, edozeinek parte har zezakeen. Uste nuen jendea ez zela animatuko, emakume askori lotsa emango ziola, baina erantzun ona izan zuen deialdiak», nabarmendu du argazkilari gasteiztarrak. Animatutako emakumeekin banaka bildu zen: «Elkarrizketetan estereotipoei buruz hitz egiten genuen, eta zer-nolako eragina izan duten estereotipo horiek euren bizitzan. Eta egia esan, eragina izan dute gehiengo zabal baten kasuan, egitasmoan parte hartu duten emakume guztiengan ez bada. Nahiz eta helduak izan konplexu batzuk bazituzten oraindik, gehienak depilazioarekin eta ildaskekin lotutakoak».

Ateratako lehen argazkiekin erakusketa txiki bat egin zuen Iguana tabernan. Erakusketa horri esker elkar ezagutu zuten proiektuan parte hartu duten emakumeek. «Argazkietan gure gorputzak biluzik ikusi genituen, baina ez genuen elkar ezagutzen. Eta beste pertsona bat biluzik ikusten duzunean aurreiritziak baztertzen dituzu. Ez duzu pentsatzen punkia izango den, edo ezkertiarra izango den, ezta ze klase sozialekoa izango den ere. Ez duzu horri buruz pentsatzen eta beste pertsonari hurbiltzen zatzaizkio», azpimarratu du Bernaolak. Dena den, erakusketan anonimoa ez den argazki bat ere agertzen da, Bibiren argazkia.

«Bibirekin lan egiteko aukera zorte handia izan zen. Oso berezia zen Bibi. Aktorea zen eta beste diziplina artistiko batzuk ere lantzen zituen. Ezagutu nuenean minbizia zuen eta tratamendua ez jasotzea erabaki zuen. Bere azkenengo egunak disfrutatu nahi zituen, ez zuen ospitale batean egon nahi. Berari ateratako argazkiekin bakarrik erakusketa bat egin ahalko nuke, argazki indartsuak direlako, Bibik gorputz adierazpena menderatzen zuen. Bere kasuan anonimatua apurtu nuen, berari omenaldi bat egiteko», gaineratu du. Erakusketan ikusi ahal den testu labur batean, Bibiren argazkiaren ondoan dagoen testuan, argazkilariak eskerrak ematen dizkio modeloari: «Eskerrak, elkar ezagutu genuelako eta elkar sortu dugulako. Eskerrak, bere naturaltasunaz eta freskuraz gozatzeko aukera izan dudalako».

Musikaren helburua

Hitz horiek irakurri ez ezik, joan den ostiralean inaugurazioan parte hartu zutenek Buffrök egindako musika ere entzun ahal izan zuten. Bere esanetan, prestatu duen musika desatsegina da, hain zuzen ere, jendearen pentsaera apur bat astintzeko. «Oinarri bat prestatu dut, atzeko musika bezala erabiltzeko. Giroko zarata garrantzitsua da, estereotipoena guztioi eragiten digun arazoa delako, baina inork ez du arazo horri buruz hitz egiten. Eta gero behe-soinuak erabili ditut erakusketa ikustera datozenak egoera desatsegin batean jartzeko. Zenbaiti argazkietan biluzik agertzen diren gorputzak desatseginak iruditzen zaizkielako. Niri ere halako zerbait gertatzen zait, eta prozesu bat egin behar izan dut estereotipoek ezarritako pentsaera desarmatzeko», adierazi du.

«Beti esan digute zenbait pertsonak ezin dutela nahi duten arropa jantzi. Lodia egonez gero, esaterako, ezin duzula jantzi arropa probokatzailea, ezin zarela sexya izan eta hori txorakeria hutsa da. Erakusketa honetan ikusiko dituzun emakumeak ezberdinak dira. Lodiak, argalak, ildaskak dituztenak, orbainak... Baina guztiak dira emakumeak, guztiak dira pertsonak, eta sexyak senti daitezke. Nahi duten arropa jantz dezakete eta nahi dutena egin ahal dute», azaldu du. Tamalez, emakume askok estaltzen dute beren gorputza, telebistan eta iragarkietan agertzen direnak bezalakoak ez direla konturatzen direnean. «Estali egiten gara, gure gorputzak lotsaraziko bagintu bezala, eta ez liguke lotsarik eman behar. Baina hori da irakatsi digutena. Esan digute jendeari ez zaiola gustatzen emakume bat ikustea depilatu gabe, esaterako».

Estereotipo horiek matxismoarekin harreman zuzena dute. Sistema patriarkal baten ondorio dira. «Nik nabaritzen dut nire lan eremuan ezberdin tratatzen nautela emakumea eta gaztea izateagatik, atsegin emateagatik. Nire estudiora etorri eta idazkaria naizen galdetu izan didate, eta festibal batean gertatu zait norbaitek nire kamerak nola funtzionatzen duen azaltzea. Halako gauzei esker konturatu naiz oraindik ere zaila dela eremu batzuetan emakumeek egiten duten lana erakustea», esan du Bernaolak, enpresa batzuek eskatzen dituzten katalogoetan emakumeak ez agertzeko eskatzen dutela gaineratuta: «Hori eskatzen dute, beren esanetan, emakumeak ez duelako seriotasuna irudikatzen. Emakumeek enpresaren balioak ez dituztela transmititzen diote multinazionalek, eta horrek ez du zentzurik».

Eta egoera matxistak ez dira lan mundura mugatzen; emakume askok pairatzen dute egunero indarkeria matxista. «Arazo larri baten aurrean gaude. Arazo kultural baten aurrean. Emakumeoi esaten digute lagun batekin itzuli behar dugula etxera, beldurraren kulturan hazi gara, emakumeen aurkako jazarpenak estali egiten dira, eta hori lotsagarria da. Zure lagunekin hitz egiten duzunean konturatzen zara askori gertatu zaiela gauza bera, etxera itzultzean jarraitu egin dietela eta diskoteka batean komunera joatean beldurra pasatu izan dutela. Baina ez dugu horri buruz hitz egiten. Orain Tarantinok esan du bazekiela Hollywoodeko aktore batzuk produktore baten biktimak izan direla, eta esan duen bakarra izan da asko sentitzen duela lehenago ez esateagatik. Berak egindakoa konplizitatea da, baina agian ez dio garrantzirik eman; izan ere, hala hezten gaituzte eta, zoritxarrez, emakume batek zerbait esaten badu, ez diote kasurik egiten. Ezer ez esateko hezi gaituzte», deitoratu du Buffrök. Emakume bat sexu eraso bat salatzera joaten denean poliziek egiten dizkieten galderak jarri ditu horren adibide: «Oraindik ere galdetzen dizute ea nola zindoazen jantzita».

Halako jarrerak publizitatearen munduan ere oso ohikoak dira. Bernaolak ohartarazi duenez, autobus geltokietan eta aldizkarietan ikusten ditugun irudiak ez dira deskuiduan eginak. «Irudiek balio ezberdinak transmititzen dituzte, eta kasu batzuetan ikusten ditugun irudiek emakumeen aurkako indarkeria normalizatzen dute. Argazki askotan agertzen diren emakumeak jarrera otzanean daude. Argazkilari japoniar batek egindako kanpaina batean agertzen ziren emakumeak, esaterako, hilik egongo balira bezala agertzen ziren, eta kanpaina horrek sariak jaso ditu», kritikatu du argazkilariak, sare sozialetan eredu berak errepikatzen direla nabarmenduz. Salatu duenez, estereotipoetan eta alaitasun faltsuan oinarritzen den errealitatea sortzen da Instagram eta beste sare sozial batzuetan.

Egoera honi buelta ematea zaila izango dela adierazi dute Buffrök eta Bernaolak. «Aldaketa global eta sakona jarri behar dugu martxan, eta prozesu luzea izango da. Gaur egun indarrean dauden printzipioak alde batera utzi behar ditugu eta gizonek jakin behar dute hau ez dela bi generoen arteko borroka. Hau emakumeok bigarren mailako gizakiak bagina bezala tratatzen gaituen sistemaren aurkako borroka da, berdintasuna sustatzeko borroka bat. Eta guztion ardura da arazo bat dagoela aitortzea eta horri aurre egitea», esan du Buffrök.

Bernaolaren ustez, aldaketa hezkuntza arlotik bultzatu behar da. «Eskoletan ez dute martxan jarri genero perspektiba kontuan hartzen duen formazioa, ez dago formazio feminista. Eta askotan ez da irakasten emakume sortzaileei buruzko ezer», aipatu du. Berak lanean jarraituko du emakumeen eskubideak defendatzen, eta estereotipoak bazterrean uzten.