GAUR8 - mila leiho zabalik

Opariak


Ordua aldatu zela astebete pasa arren, ez zara oraindik ohitu neguko ordutegira. Ordubete oparitu zizuten lo gehiago egin zenezan, baina betiko orduan jaiki zinen. Zaharrek eta haurrek izaten omen dituzte ordutegi berrira egokitzeko zailtasunak. Baina aspaldi utzi zenion ume izateari edo hori uste duzu behintzat, eta ez, ez zara zaharra. Aldaketek hori dute, egokitu egin behar duzula. Eta opariek ere horixe dute, leku egokia topatu behar diezula ez galtzeko.

Azken asteetan hitz politak oparitu dizkizute. Goxotasuna ikusi omen dute zure begietan eta udazkenaren irribarrea duzula esan dizute. Opari originalak maite dituzu, besteei egin zalea zara. Irribarre egiteko ispiluak, edo lerro artean irakurri beharreko ipuinak oparitu izan dituzu, baina zer gertatzen da zuri horrelakoak egiten dizkizutenean? Lehen kolpean ukatu egiten dituzu, ez dituzula merezi sinestarazi nahi izaten diozu zure buruari. Bigarren kolpean, alboetara begiratzen duzu ea inguruan norbait dagoen ikusteko, eta, hirugarrenean, zuretzat direla ohartzen zara. Ez duzu inoiz jakin opariak hartzen, baduzu ikasteko ordua. Ohitu beharko zenuke, laster da-eta zure urtebetetze eguna.

Kostata bada ere, irribarretsu hartu dituzu azken opari horiek. Eta zin egin diozu zeure buruari neguan ere irribarrea mantenduko duzula. •