GAUR8 - mila leiho zabalik

Erraietako mina, azalera


Bortxaketa bati emango zaion tratamendu juridikoak, instituzionalak zein hedabideetakoak balio behar du. Baina bortxatzaileei bortxatzeko asmoa burutik kentzeko, ez biktimei salaketa jartzea okerragoa dela pentsarazteko. Egunotan Iruñean izaten ari den epaiketa izenik ez duen muturrera heldu baita.

Eta sartu gara gu ere zurrunbiloan, landu dugu gaia geure hedabideetan. Teorian, beste batzuek hedatu dituzten astakerien ondoan, guk ikuspegi interesgarria eskaini dugu, eta salatu ditugu han eta hemen ikusitakoak. Ohartu gabe, akaso, salatzerako orduan merezi ez duten oihartzuna ere eman diegula. Kasu konkretuari begira itsutzeak indarkeriaren dimentsioaz ahaztera garamatzala dirudi. Izan ere, sanferminetan bost lagunek –horietako bat Guardia Zibila eta beste bat militar ohia omen– neska gazte bat bortxatu, bideoz grabatu eta Whatsappen aldarrikatu izanarekin beste edozer alderatzean, txikikeria irudituko zaigu. Eta bortxatzaileak zigorgabe mantentzen dituen sistemak komeni zaion tokira mugatuko du gure arreta.

Horregatik da interesgarriagoa erraiak azaleratzeko deia. Horregatik salatzen dut, bere gizontasuna baliatuz, bilkura batean isilarazi nauena, eta gauza bera egingo dut Whatsappez mehatxu mezua igorri eta parranda izorratu didalako etxera bidali nauenarekin. Ustez, nik ez daukadan eta berari esleitu zaion boterea baliatu duelako ni zapaltzeko, eta hori delako funtsean emakumeonganako indarkeria. Hedabideetan bolo-bolo eta morbo handiz saltzen duguna, berriz, funts horren errealitate areagotua soilik da, tamalez. •