GAUR8 - mila leiho zabalik

Liburuak


Literaktum izeneko jardunaldiek irauten duten bitartean Donostiako autobusetan liburu bat irakurriz doazen bidaiariei opari bat emango zaiela entzun nuenetik izututa nabil, ni autobusean edo trenean liburu bat eskuetan duela doan bidaiari estralurtar horietakoa bainaiz. Baita autoan ere. Izan ere, norabait noanean liburu bat eraman ohi dut aldean badaezpada, istripu bat tarteko edo beste edozein arazo medio geldirik egotea egokitzen bazait egonaldia arinduko didalakoan. Gehienetan hiruzpalau liburu hartu ohi ditut, eguneko orduaren arabera ezberdinak irakurtzea gustatzen zaidalako, goizean bermuta, bazkaritan ardoa eta arratsaldean whiskia behar duten alkoholikoen antzera.

Orain, ikastoletan arbel elektronikoak eta ikas-material digitalak erabiltzen direla entzuten dudanean, «akabo!», pentsatu ohi dut, «Gutenbergena itzaltzen ari den galaxia bat da». Badakit tabletak edo ordenagailuak konektatu egiten duela, ez dakit zeri, baina sare bateko partaide egiten zaitu, eta liburuak, kontrakoa, deskonektatu egiten zaitu, deskonexio horri esker zure baitara sartzen bazara ere. Mende bat eraman du nobela garaikideak (Joyce, Proust, Svevo…) gizakiaren barrenera sartu eta bertan zeuden ezkutukiak argitzen. Baina hori bukatu da, iraungitzera doan espezie bateko kide sentitzen naiz.

Horregatik, oso arraroa egiten zait beti Durangoko Azokara joan eta areto ikusgarri hori liburuz eta jendez betea ikustea. Nik Durangon dudan sentipen bertsua izango du kalamu erretzaile batek urtean behin Irungo Ficobako azokara joaten denean.

Garbi dago gurea ere mendekotasuna dela. Beharbada egunen batean gaindituko dut arazoa, baina badakit mendekotasuna gainditu dutenen tristura bertsua izango dudala irribarrean, eta, antsia moduko bat begiradan, badakigulako hartu dugun erabakia mesedegarri izango dela osasunarentzat, baina ez garela haatik zoriontsuago, zerbaiten faltan biziko baikara, barru-barruan zerbait anputatu baligute bezala. •