DEC. 02 2017 IKUSMIRA SAN SIMON ETA SAN JUDA, ALERTA GORRIA HELDU DA «Katalunian egun on eta Belgikan gabon». Hala dio bertsio modernoak –bertso modernoak, zehatzago–, normaltasun arraro baten adierazle. Betikoak, ordea, uda partean bero eta negu partean hotz egiten duela dio; betiko bertsioak, edo gogoan dugunak behinik behin. Elurra dakar, eta harekin batera alerta egoera. Haizearekin, euriarekin edo beroarekin bezala. Aldaketa kontserbadoreen alerta zela uste nuen nik, baina hedabideak demokratizatzen tematuta dabiltzala dirudi eta, hartara, zirimiria etxetik ez irteteko motibo. «Eguraldi ederra», entzun izan dugu azaroan bertan, mendian literalki hautsak harrotzen ibili garen goiz berean. Hemen dugu, bada, «eguraldi kaskarra», bere alerta eta guzti. Elurra, lehen albiste bihurtua, abendu hasieran. San Simon eta San Juda... sekula halakorik. Zein bizkor egiten garen kontserbadore, Arantzazuko paraje ederrera txangoa egiteko gogoa kentzerainoko kontserbadore. Bota dezala gogotik! Xabier Izaga Gonzalez