GAUR8 - mila leiho zabalik

Sotanak


Pio Barojaren utopia hura, apaizik, eulirik eta karabinerorik gabeko Bidasoko errepublika, ari da gauzatzen. Karabineroek hor jarraitzen dute, baina, adituek diotenez, euliak eta xomorroak oro har gutxitzen ari dira eta apaizak zeresanik ez.

John Banvillek, apaizez eta hauen barnetegiez hainbeste idatzi duen idazleak, Dublinetik apaizak desagertzeko zorian daudela komentatu zuen oraindik orain Donostian. Norbait traje beltzarekin eta galtzerdi zuriekin ikusten duenean bakarrik pentsatzen omen du «to! hau apaiza duk». Idazleak dio Elizaren kontrola 50eko hamarkadan Europa Ekialdean alderdi komunistek zutenaren antzekoa zela, eta arrazoi du.

Trikitixaren historiak (orain bi urte Kepa Junkerarentzat liburuxka bat idatzi nuen) erakusten du kontrol horren berri: Mauriziaren senarrari, Karakoli, apaizek aitortzako barkamena ukatzen zioten. Auntxaren amak gutun anonimoak jasotzen zituen semea bakarrik ez, bera ere infernura joango zela iragarriz. Azkoitiko alkate bat elizatik bota zuten plazan baltseoa baimentzeagatik.

Derioko seminarioan bakarrik 649 apaizgai zeuden 1960an. Globo hori kolpetik lehertu zen. Jose Diaz Herrera izeneko kazetari hiperespainiar batek Ardantzaren gobernukoen jatorri erlijiosoa aztertu zuen behinola. Lehendakaria bera Deriotik igarotakoa zen, Chelo Zubizarreta, Jabier Caño, Juan Txurruka Arellano, Felix Ormazabal eta Joseba Arregi apaiz edo jesuita ikasketak eginak ziren. Unibertsitate ezberdinetako buruak (Jabier Berriatua, Goyo Monreal, Aranzadi, Egaña edo Scheifler) sotana motaren batekin ibilitakoak ziren.

Alberto Barandiaran, Iñigo Astiz eta Miren Rubiok sexu jazarpenen lekukotasunak bildu dituzte “Ez duzu abusatuko” liburuan. Irakurri beharreko liburuen zerrendan apuntatu beharreko bat gehiago. •