GAUR8 - mila leiho zabalik

Eutanasia


Hogei urte bete dira Ramon San Pedro hil zela. Hil egin zen? Bere burua hil zuen? Heriotzara lagundu zuten?…

30 urte eman zituen ohean tetraplegiko eta bereziki borrokatu zuen eutanasiaren alde. Datu aitortua da bikotekideak zianuro potasikoa eman eta hiltzen lagundu zuela, baina garrantzitsuena da kontzientzia berak jarri zuela, erabakia berak hartu zuela.

Erlijioak eta eskuineko pentsaera atzerakoiak badute errurik. Gure bizitza gurea ez eta Jainkoari alokatutakoa dela sinestarazi nahi digute eta bizitzera kondenatu, sufrimenduak erredentzioa baitakar... Horrela, hain katolikoa izan den gizarteak behar larrienetako bat konpondu gabe du.

Baina, hil nahi duena bizitzen jarraitzera behartzea ez al da bizi nahi duenari bizia kentzearen pareko?

Zorionez jendartea aldatu da, ordea. Kasu, espainiarren %84 eritasun sendaezina duen gaixoari borondatezko heriotzara medikuak laguntzearen alde dago. Tokitan dago baina legea, erlijioari lez, naftalina usaina dario eta Estatuko Zigor Kodearen 143. artikuluak delitutzat du eutanasia.

Lasaiago biziko nintzateke heriotzara lagundu lekidakeen Eutanasiaren Lege gizatiar bat izango bagenu. Benetan banaiz nire bizitzaren jabe, gaixo terminala izan ala ez, bizitzari akabera emateko erabakiak nire eta ez beste inoren esku behar luke.

Bizitzaren amaierak beldurtzen gaitu. Sufrimenduz hiltzeak beldurtzen gaitu.

Kirolean lez, jokaldi aparta litzateke hurrengo gertakariari aurre hartzea, heriotzaren zain gelditu gabe bila joatea.

Nola hil erabaki ahalko banu… •