Maider Iantzi Goienetxe

Ez genuen behar, orain ezin gara bera gabe bizi

Hara hor mutil bat. Gustatzen zait. Bera izanen da? Galdetuko dut. Bera al da?». «Zuzena da». «Nire lehenengo aldia da». «Nirea ere bai» (irribarrez). Eroso nago, mugimendua hasi zait sabelean eta beherago. «Kontsultatuko dugu iraupena?». «Ados. Biek batera, bai?». «Bat, bi eta hiru: 24 ordu! 24 ordu bakarrik?».

Denbora eskasa disfrutatzeko lehenbailehen afaldu eta etxera goaz, bakoitza gure gidaririk gabeko ibilgailuan. Komunean sartu eta galdera: «Posible dut?». «Galdera zabalegia. Zehaztu zertaz ari zaren». «Oheratu gaitezke jada?». «Hori zuen esku dago».

Ohean etzanda gaude biok, gora begira, elkar ukitu gabe, eskua hartu diodanean. Norbaitek ezagutuko zuen agian istorioa. “Black Mirror” telesailaren kapitulu baten hasiera da. Protagonistek mugikor bati egiten dizkiote galderak, aplikazio bati. Honen esku uzten dute bikote perfektua bilatzea eta unea ailegatu artean hainbat harremanetatik pasatu behar dute. «Nola moldatzen ziren sistemaren aitzinetik harremanak izateko?», galdetzen diote batak bertzeari.

Nola moldatzen ginen Whatsapp izan aurretik? Mugikorrik gabe bizi zineten? (gazteenen harridura). Non erakusten zenituzten zuen joan-etorrietako argazkiak? Non ibiltzen zineten txutxu-mutxuka? Sarri idatzi dut gauza bera, baina oraindik harridura eta tristura sortzen dit kalean ingurura begiratu eta jende guztia burumakur ikusteak, traste baten mende. Ez genuen behar, ez zen gure beharrak asetzeko sortu, ez dakigu bertze aldean nor dagoen. Zein mundu ari gara eraikitzen? Etxeko atea irekita uzten zen lehen eta orain alarma jartzen dugu. •