Izaga, Xabier
IKUSMIRA

IRUDI BATEK MILA HITZEK BAINO...

Goiko argazkian, Iñigo Cabacas Lizeranzu Athletic taldeko zalea zenaren gurasoak, Manu eta Fina, beren abokatu Jone Goirizelaiarekin, Bilboko Justizia Auzitegira heltzen, euren semearen heriotzaren erantzukizuna argitzeko epaiketa hasi aurretik. Behean, Iñaki Iriondo GARAko kazetaria eta Iñaki Soto egunkari bereko zuzendaria, bertatik bertara epaiketaren berri emateko prest, auzitegiko saioa hasi bitartean Fina Lizeranzuri horrelako egun zailean adore ematen. Aste honetan bertan izan da. Sei urte baino ez dira igaro Iñigo Cabacas Ertzaintzaren gomazko pilota batek hil zuenetik eta polizia gorputz horren eta haren arduradunen kolaborazio bizkor eta arduratsuari esker, auzia epaiaren zain dago. Kanpoaldean, Cabacasentzat justizia eskatzen zuten zenbait lagun elkarretaratu ziren, barru horretan benetan justizia egiten ari ote ziren mesfidati, nonbait... Irudi batek mila hitzek baino balio handiagoa omen du. Baliteke, baina ez du hitzek nekez azal dezaketena azaltzen. Edonola ere, argazkia ez da errealitate makurraren errudun. Xabier Izaga