Emakumeen boto eskubideak mende bat beteta, sufragisten iraultzak ez du etenik
1918. urteko otsailaren 6an onartu zen Britainia Handiko emakumeen boto eskubidea, hauteskundeetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasun formalari bide emanez. Berdintasun erreala, baina, oraindik lortzeke dago. Sufragistak inspirazio, iraultza sakon bat eskatzen du berdintasunak, gizakion sustrai kulturalak lurpetik ateratzea.
Berrogeita hamar urte baino gehiago iraun zuen borroka baten ondoren, biolentzia pairatu, hildakoak jarri eta preso zituztela gose greban zeuden mila emakume baino gehiago bortxaz elikatu ondoren, Britainia Handiko emakumeek, emakumeen %40 batek hobe esanda, herritartasun eskubide osoa irabazi zuten duela mende bat. Ideien borroka zena, azkar bilakatu zen iraultza politiko, genero berdintasunaren eta ordezkaritza politikoaren ideiak gizartean indartu zirenean. Hauteskundeetan emakumeen eta gizonezkoen botoak berdin balio duela aitortu zen duela ehun urte. Mende bat geroago, ordea, emakumeak eta gizonak politikan balio bera dutela erabat aitortzeke dago.
Eta zer esan aberastasunari eta berdintasunari dagokionez? Edo soldatei, etxeko lanei eta jazarpen-sexualari? Berdintasun formala eta erreala ez direla inolaz ere gauza bera.
Mende bat barru genero berdintasunak erronka izaten jarraituko al du? Berdintasun errealak, emakumeen zapalkuntzaren amaiera lortzeko prozesuak, beste ehun urte, beste lau belaunaldi, beharko al ditu? Ez dago jakiterik. Baina historiari buelta emateko erronka ez da sekula gutxietsi behar. Izan ere, emakumeak eta gizonak berdintasun bete eta errealean biziko diren gizarte bat eraikitzeak, inoiz egin den iraultza sakonena, erradikalena, egitea eskatzen du. Ahaztu Errusiako edo Frantziako iraultzak, emakumeen liberazioak gizakion sustrai kulturalak lurpetik ateratzea eskatzen baitu.
«Ekintzak, ez hitzak»
Sufragista britainiarren mugimenduak 30 urte baino gehiago izan eta ondasunen jabe ziren emakumezkoen, edo ondasunen jabe ziren gizonezkoekin ezkondutakoen, boto eskubidea lortu zuen orain dela mendebete. Beste hamar urte pasa behar izan ziren, hala ere, gizonek bezala 21 urtetik aurrera botatu ahal izateko.
Suffragettes izena “Daily Mail” egunkariak 1906an Manchesterren Emmeline Pankhurst ekintzaileak sortuko Women’s Social and Political Union erakundeari egindako txantxa burlati batean du jatorria. Sufragistek, baina, bere egin zuten izengoitia, eta beren buruak ideia bat jarraitzen zuten gerlaritzat hartu zituzten –“ekintzak, ez hitzak”–.
Bazeuden ildo pazifistagoa jarraitzen zuten beste emakume talde batzuk, lobby lana lehenesten zutenak. Sufragistek, baina, beste borroka molde batzuk lehenetsi zituzten: leihoak puskatzea, David Lloyd George lehen ministroaren etxean lehergailu bat jartzea, sare elektrikoen aurkako sabotajeak, preso hartzen zituztenean bortxaz elikatuak izaterainoko gose grebak...
Emmeline Pankhurst bera, pentsa, ez bat, ez bi, baizik eta 11 aldiz espetxeratu zuten. Kontuak kontu, garaiko gizartea guztiz asaldatu zuen erradikaltasuna ekarri zuten sufragistek. Ordena soziala irauli eta mundua aldatu zuen erradikaltasuna.
1913an sufragistek lehen militante martiria izan zuten: Emily Davison. Derby Epsom zaldi lasterketa ospetsuan, George V.a erregearen zaldiari kausaren aldeko banderola jarri nahian ari zela, lasterketa betean zegoen zaldiaren apatxetara erori eta zanpatuta hil zen. Munduko emakumeen alde eman zuen bizia. Bere hiletetara 100.000 emakume batu ziren eta sufragisten kausaren gaineko interesa mundu osora zabaldu zen.
Sufragista ospetsuenek jatorri burgesa zuten, nahiz eta Emmeline Pankhurstek ehungintzan ziharduten emakume langileak mobilizatzen asmatu zuen. Era berean, egia da sufragisten mugimendua oso anglozentriko irudikatu dela, aitorpen gutxi jaso dutela beste jatorri eta arrazetako emakumeek, orduan Britaniar Inperioko koroaren bitxia zen Indiakoak kasu. Hor dugu, besteak beste, erbesteratutako Maharaja Duleep indiar printzearen alaba eta Victoria erreginaren alaba pontekoa zen Sophia Duleep Singh. “Zergarik ez ordezkaritzarik gabe” lelopean Tax Resistance League mugimenduan aritu zen Pankhurts berarekin eskuz esku.
Mendeurrenaren ospakizun honetan, ez da ahaztu behar emakume langileek jokatu zuten papera. Izan ere, beraien historia azkar ahaztu zen ospe eta klase sozial handiagoko emakumeen mesedetan. Autobiografiak idazteko beharrezko kontaktuak ez zituzten, ezta Londresera bidaiatzeko bitartekorik ere Suffragette Fellowship elkarteko bileretan parte hartzeko (borrokaren memoria gordetzeko militanteen elkartea). Baina beren ogia arriskatu zuten emakume langile, arrunt eta xumeen sakrifizioa gogoratu beharra dago, aberatsak eta famatuagoak ziren beren borroka kideena bezainbeste.
Zoriak ausartak saritzen ditu
Mugimendu bezala ez zuten sekula iritzi publikoaren oniritzia eskuratu. Oso kritikatuak izan ziren sufragistak, baita beste emakume batzuen eskutik ere. Ama eta emazte bezala zegokien eginkizuna traizionatzen zutela pentsatzen zen. Sufragistek emakumeak Jainkoaren begietara berdinak zirela zioten; haien aurkariek, emakumeen tokia etxean zegoela, politikaren mundu arriskutsura aterako balira, berezkoa zuten «natura zaintzailea» galduko zutela. Sufragistek zioten zergak ordaintzen zituztela, eta, aurkariek, ez zutela gerratan borroka egiten. Beste herrialde batzuetan emakumeek jada bazutela boto eskubidea aldarrikatzen zuten sufragista britainiarrek, eta, aurkariek, bozkatzeko eskubidea ematen bazieten, parlamentuan ez zirela emakume jator eta inteligenteenak eseriko erantzuten zieten, «baizik eta sufragista zoro eta biolentoak».
Eragozpenak gaindituz, lezio inspiragarri asko utzi zizkiguten sufragistek, emakumeen botoa herri gehienetan –baina ez denetan– aitortuta dagoen eta iraultza feministak aurrera jarraitzen duen garaiotarako oso baliagarriak. Emakumeek ordezkaritza politiko berdina izateko borrokak indarrean dirau oraindik, lan berberagatik soldata berdina jasotzearena, emakumeen pobreziaren aurkakoa, eraso sexualetik libre izatekoa, gorputzaren gaineko kontrolarena…
Emakumeen boto eskubidea munduan Zeelanda Berrian aitortu zen aurrenekoz, 1893an. Australiak jarraitu zion bederatzi urte geroago, Finlandiak 1906an, Norvegiak 1913an. Sokari 30 herrialde baino gehiago eman zioten jarraipena: Sobietar Batasuna 1917an, Alemania 1918an, Ameriketako Estatu Batuek 1920an, Brasilek eta Thailandiak 1934an… Estatu frantsesean, sufragistak pazifistagoak ziren herrian, emakumeek 1945eko apirilaren 29an bozkatu zuten aurrenekoz eta Suitzan, 1971n.
Sufragistek emakumeen ahotsa bilatu, aurkitu eta erabili zuten, iseka eta mehatxuen aurrean beldur barik. Goxotasuna gainbaloratuta zegoela iritzita, iragan mendeko emakume sumiso eta umilaren idealaren aurka altxatu ziren. Pankhurstek argi adierazi zuen: «‘Emakume moduan jokatu’ eta ‘forma onak gorde’ bezalako konbentzionalismoak hankaz gora bota ditugu, eta aurrerantzean gure borroka moldeek galdera bakar honi erantzungo diote: laguntzen al dute?». Orduz geroztik, sumisioa ez da gehiago izan goi mailako bertute noblea.
Esan bezala, inspiratzen duten lezio asko utzi zizkiguten. Gorrotatzen zaituztenetatik indarra hartu behar dela, esate baterako. Winston Churchillek sufragistak “faltsutasunaren iturri oparo” bezala definitu zituen; Sherlock Holmes detektibearen pertsonaia asmatu zuen Arthur Conan Doyle idazleak, berriz, “emakume hooliganak”. Bada, sufragisten erantzuna argia izan zen: erantzun egokiena irainetatik indarra hartzea da.
Onartu, onartu zuten gorrotatzen zituzten asko emakumeak zirela, denetan sufragisten aurkari nabarmenena Victoria erregina bera izan zelarik. Eta ikusi zuten, orduan bezala gaur ere, gizonezko askoren ametsa zein den: emakumeen mugimendua emakumeek beraiek nola txikitzen duten ikustea.
Zoriak ausartak saritzen dituela esan ohi da. Sufragistek mehatxatuak, biolentzia, beraien aurkako ekintza zuzenak jasan zituzten, baina lasai eta determinazioz aurrera egin zuten. Publikoaren arreta bereganatzeko forma berriak asmatu zituzten, amorrua eta umorea uztartuz aurrera jarraitzen. Ez zuten sekula amore eman, eta ehun urte baino gehiago iraun zuen borroka irabazi zuten. Garaipena, garaipena beti eta soilik garaipena defendatu zutelako.
Inspirazioak bizirik dirau
Emakumeen boto eskubidearen aurkako borroka eta egun oso pil-pilean dagoen sexu-jazarpenaren aurkako borroka enbor berekoak dira, norabide berean doaz: biek berdintasuna dute helburu. Gaur egun berdintasun formala legeetan jasota dago, herrialde aberats eta aurreratuetan bazterketa debekatuta eta zigortuta dago formalki. Beste kontu bat da errealitatean horrela den ala ez. Ezberdintasun hori ondo baino hobeto ezagutzen zuten sufragistek, manifestazioetan jasaten zuten jazarpen sexualak irakatsita.
Sufragisten inspirazioak bizirik dirau. Beraiek hasitako lana ez da inondik inora bukatu. Boto eskubidearen aldeko beren borroka sinbolikoa eta praktikoa izan zen. Emakumeak bizitza politikoan eta publikoan sartzea ekarri zuen, herritar berdin bezala onartuak izatea, eta ez bakarrik umezain, garbitzaile, konfort emozional emaile edo sexu langile bezala. Gizaki bezala ikusiak eta onartuak izateko, eta ez jazarriak eta esplotatuak ziren objektu bezala, apustua izan zen sufragistena. Anbizio handiko mugimendua izan zen beraiena, ez zuten soilik ilaran jarrita gizon politikari baten alde botoa ematea aldarrikatzen. Protesta boteretsua dela erakutsi ziguten, mugimendu bat globala izan daitekeela eta borrokak jarraitu egiten duela.