MAR. 17 2018 Datuak hodeian gordetzen Ana Arruarte Lasa EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea Gaur egun ohikoa da gure hainbat argazki, bideo, dokumentu eta abar luze bat hodeian gordetzea. Telefono mugikorretatik hasita, tabletek, ordenagailu eramangarriek edota mahai gaineko konputagailuek ere balio izango digute edozein formatutako dokumentuak hodeira igotzeko. Baina, zer da hodeia? Nola da posible horrenbeste datu gordetzeko ahalmena eskaintzea? Zer dago “hodeia” hitzaren esanahi berri horren atzean? Informalki esanda, datuak hodeian gordetzea datuak Interneten gordetzea baino ez da. Eta hori, berez, ez da berria. Interneten datuak transmititzeko abiadura handitzeak, hau da, banda-zabalera handitzeak, azkartu zuen teknologia horren garapena. Aldiz, berria dena da sare sozialen heltzearekin batera etorri den zerbitzuon erabilera esponentziala. Formalago definituta, hainbat enpresak beren prozesamendu-zentroetako zerbitzarietan gure datu informatikoen biltegiratze masiborako eskaintzen duten zerbitzuari esaten zaio hodei-biltegiratzea. Eta hainbat enpresa dago zerbitzu hori eskaintzen duena. Batzuek, dohainik, baina, gehienek, ordainduta. Enpresen biltegiratze-baliabideak fisikoki munduko edozein lekutan kokatuta egon daitezke, Internetera konexio on bat duten bitartean. Baliabide horiek, gehienetan, hainbat zerbitzari fisikotan banatuta egongo dira, eta enpresa bera izango da, beharren arabera, gordetze-ahalmen gehiago erosteaz arduratuko dena. Beraz, erabiltzaile gisa dagokigunez, gordetze-ahalmen infinitua daukagula pentsa genezake. Hodei-biltegiratzearen abantailei erreparatuz gero, hona hemen nagusiak: • Datu-biltegiratze ahalmen “infinitua”. • Datuak edozein une eta kokapen geografikotatik atzi daitezke. • Enpresa, eta ez erabiltzailea, arduratuko da bai software bai hardware zerbitzuak mantentzeaz. • Biltegiratze-sistema eskalagarria da, hau da, hodeian kontratatutako biltegiratze-espazioa erraz alda daiteke bezeroaren beharrak handitu edo gutxitu egiten badira. • Zerbitzua milaka edo milioika erabiltzaileren artean partekatzen denez, ekonomikoki merkeagoa da. Desabantailen artean, honakoak: • Internet-konexiorik gabe ez dago hodeian gordetako datuak atzitzeko aukerarik. • Pribatutasun falta, datuak beste batzuen eskuetan baitaude, munduko edozein tokitan. Informazioa norbere esku ez egoteak, gainera, jabetza intelektualarekin ere arazoak ekar ditzake, lapurretak direla-eta. Bestalde, informazioa munduko edozein tokitan egon daitekeenez, estaldura juridikoa zailtzen du, kasu batzuetan ez baitago oso argi zein herrialdetako legedia aplikatu behar den. • Datuak berme guztiekin ezabatzea ezinezkoa da, datu-sarbidearen gaineko erabateko kontrola ez baitaukagu. Beraz, hodei-biltegiratze zerbitzu bat kontratatzerakoan komeni da zerbitzua hornitzen duen enpresak segurtasun –eta pribatutasun– bermeak eskaintzea, datu-babeserako legedia egoki aplikatzen duen herrialde batean kokatuta egotea eta, azkenik, zerbitzariak herrialde seguru batean kokatuta edukitzea. Enpresa edo zerbitzu erabilienen artean, egun, Dropbox, Google Drive, iCloud edo Onedrive aipatuko genituzke. •