MAR. 24 2018 IKUSMIRA BADAKITE, BAINA EZ DUTE ULERTZEN Isabelle MIQUELESTORENA- Aritz LOIOLA| FOKU Xabier Izaga Gonzalez Goian, Baiona: zerbitzu publikoen aldeko manifestazioa. Behean, Bilbo: pentsio duinen aldeko elkarretaratzea. Aste honetako lagin bi besterik ez dira, eta badira azken egunotan beste protesta asko eragin dituzten motibo gehiago ere: diru sarrerak bermatzeko errenta, hezkuntzaren kalitatea, osasungintza... Mobilizazio jendetsuak ikusten ari gara, eta instituzioetako arduradunek aurpegi ulerkorra erakusten dute, baina pentsatzen dute jendeak ez duela ulertzen: «Hauek uste dute daukagun dirua denetarako iristen dela, eta ez dakite zein zaila den dirua banatzea...». Eurek badakite, baina eurak dira ulertzen ez dutenak. Adituak dira, hori ez dut nik ukatuko, baina ez dute ondo egiten. «Dirua eskatu besterik ez dute egiten». Noren dirua, baina? Estatuetako gobernuetako kideena? Lehendakariena? Ahaldun nagusiena? Alkateena? Ez, ez dute eskatzen, eman baizik. Eta modu solidarioan eman duten edo ematen ari diren diru hori, beren dirua, modu solidarioan banatzeko eskatzen dute.