APR. 07 2018 Pazientearen igurikimena Oier Gorosabel - @Txikillana Fisioterapeuta Aurrerako batean guraso batekin sesioa izan nuen. Ez zait gustatzen inoren etxeko gauzak antolatzea, baina, osagile bezala nire zeregina oztopatzen zuenez, kasu horretan ezin nintzen isilik geratu. Izan ere, batzuetan, gauza deserosoak esatea gure lanaren partea da. Haurra ekarria zuen lesio bat tratatzera; arazo traumatologiko arrunta, ez bereziki larria, baina bistan zen haurrak minari beldur handia ziola. Ez du zentzurik detailetan sartzeak, baina esan dezagun umeari pixkanaka gero eta gehiago mugitzea komeni zitzaiola. Mugimenduak ez zion inolako kalterik ekarriko bere belaunari, kontrara: errekuperazioa eta mina desagertzea bizkortuko zituen. Laster ikusi nuen zergatik zion hainbeste beldur haur horrek minari: mugitzen hasi orduko, gurasoa bere gainean zen «txarto al zaude?», «min al duzu?» galdezka, estu eta larri. Umeak, gurasoaren kezkaz jabetuta, han zerbait larria gertatu behar zela ondorioztatzen zuen; eta, beraz, adi-adi jartzen zen, ager zitekeen edozein min izpiri jaramon handia eginez. Bistan da: minaren igurikitzeak berak mina handitzen zion. Horrelako egoerek goitik behera baldintzatzen dute tratamendua –ez bakarrik fisioterapeutikoa–, eta, beraz, garrantzi handia du lan pedagogikoak. Zorionez, argitaratzen diren ikerketek informazio baliotsua eta fidagarria ematen digute; bada, horiek «kaleko hizkeran» ematea oso erabilgarria izaten da. Adibidez, erizainek milaka pazienteetan egindako neurketen ondorioz dakigu, injekzio bat sartu aurretik «honek min emango dizu» esaten badizute, min gehiago igarriko duzula. Kuriosoa, ezta? Pazientearen igurikimenak eragina du, horixe baietz. Gure kontsultara etorritako haurrarengana itzul gaitezen. Esan dezakegu, pazienteek igartzen dutenaren zati handi bat «sinpatiaz» sentitzen dutela; lehergailuek bezala. Beste modu batera esanda: osagileak galdera gidatuak egiten baditu (bere baitan erantzunaren sujerentzia daramatenak, alegia), gaixoak guri arrazoia emateko joera erakutsiko du. Horretara, «txarto al zaude?» galderaren aurrean, pazienteak txarto dagoela baieztatzera joko du. Eta, arrazoi berarengatik, gure jarduna positiboki gidatzen badugu, «hobeto al zaude?» galdetuz adibidez, gaixoaren joera hoberanzkoa izango da. Sugestio efektuok alde batera utzi nahi baditugu –pazientearen egoera ahal bezain objektiboki neurtzeko–, nahikoa izango da «nola zaude?» galdetzea. Beraz, osagileon erantzukizuna ere bada pazientea bide egokitik bideratzea. Eta ez osagileona bakarrik: gauza berbera esan daiteke senide gaixoa jagoten duen zaintzaileari buruz, edo, kasu honetan legez, mina duen haurraren gurasoaren gainean. Konfiantza dut, tirabira honen ostean, guraso hori jabetuko dela ikuspegi katastrofistak ez diola bere haurraren errekuperazioari laguntzen. Ostera, gure pazienteetan (edo menpeko senideetan) bestelako mezuak indartu behar ditugu: gorputza indartsua dela; eguneroko erasoei eta higadurei aurreko egiteko ahalmen handia duela; osasunaren giltza mugimendua dela, eta hura erabiliz –bakoitzaren neurrian– hobekuntza nabarmena lor dezakegula; eta igurikimena erabiliz, mina molda dezakegula. Gogoratu haginetako mina: zenbat eta berarengan gehiago pentsatu, orduan eta handiagoa da; arreta beste nonbaitera desbideratuz gero, aldiz, askoz ere jasangarriagoa izaten da. • www.abante.eus