Maider Iantzi Goienetxe

Urdina kolore beroa da

Maitasuna urdina da Clementinerentzat. Neska bikote batekin gurutzatu eta ilea urdinez tindatua zuenak irribarre egin zionetik (Clementinek burua jaitsi zuen) dena berria da berarentzat eta deskubritzeko eta ikasteko ilusioz egiten du aitzinera. Laster ile-urdina ezagutzen du, Emma, eta (bigarren) topaketa hagitz berezia da bientzat. Ordutik elkar maitatzen dute, intentsitate handiz, oraindik jendarteak eta Clementinek berak homosexualitateaz dituzten aurreiritzien gainetik. Julie Marohren komikiak “Urdina kolore beroa da” izen aproposa du, ederki transmititzen duelako marrazkiz marrazki sugar hori. “Adeleren bizitza” filmaren inspirazio izan zen liburu grafiko horrekin disfrutatzen ari naizenez, urdinari buruz ikertzeko gogoa piztu zait eta Oskar Gonzalez ikertzaileak “Zientzia Kaiera”-n idatzitako artikulu eder batekin egin dut topo. “Urdinean blai” du izenburua eta kolore hau, zientziaren ikuspuntutik, espektro elektromagnetiko baten tarte bat bertzerik ez dela azaltzen du, 460 eta 495 nanometroen artekoa. Baina txikitasun horretan nahi adina ñabardura sartzen dira. Itsasoaz haraindiko urdina Afganistango meatzeetan sortu eta Italiara iritsi zen Erdi Aroaren bukaeran. Urdin egiptoarra duela 4.000 urte sortu zen eta ezin hobeki ailegatu zaigu. Urdin kobaltoa ere egiptoarrei zor diegu. XVIII. mendean Prusiako urdina aurkitu zuten ezustean, eta 1980an urdin zeruleoa egin zen ezagun. Gonzalezek dioenez, kimikaren historiaren eragile liluragarria da urdina. Erantsiko nuke kimikaren sortzailea ere badela eta itzela dela norberak bere urdina asmatzea. •