GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Miriam Urkia
EUSKALTZAIN OSOA

«Gauza dezente aldatu ditugu, hain zuzen ere gizartea aldatzen ari delako, eta akademia batek egokitu egin behar du horretara derrigor»

Urte asko dira UZEIn «liburuak husten» hasi zela. Euskaltzain oso izendatu baino lehen, Hiztegi Batuaren arduraduna zen. Euskaltzaindiak gizartearen atzetik joan behar duela uste du, baita haren araberako aldaketak egin behar dituela ere.


Otsailaren 23an euskaltzain oso izendatu zituzten Roberto Gonzalez de Viñaspre eta Miriam Urkia, Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituek utzitako aulkiak hartzeko. Euskaltzain urgazleak ziren biak, eta Euskaltzaindiaren ordezkariak Araban eta Gipuzkoan, hurrenez hurren; halaber, Gonzalez de Viñaspre Onomastika Batzordeko burua da eta Urkia Hiztegi Batuaren arduraduna.

Euskaltzaindiak 24 euskaltzain oso ditu, horietatik sei emakumeak. Seigarrena da Miren Urkia eta, besteak beste, horretaz luze hitz egiteko aukera eman digu, adeitsu asko.

Donostian jaio zen, baina gaztetatik Gipuzkoako hiriburuari oso lotuta egon bada ere, goitik behera aretxabaletarra dela dio. «Gaur egun Arrasaten jaiotzen dira aretxabaletarrak, baina aretxabaletarrak dira eta horrela agertzen da dokumentuetan. Ni jaio nintzenean ez zegoen aukera hori», dio.

Unibertsitate ikasketak hasi baino lehen, konbentzituta zegoen Kazetaritza egingo zuela. «Gainera, bi irakasle zoragarri izan nituen, Jesus Garmendia eta Iñaki Mendiguren, idazteko grina piztu zidatenak», baina, azkenean, idazleentzako tresnak prestatzeari ekin zion. Izan ere, Euskal Filologia ikasketak hasi eta berehala, UZEI terminologia eta lexikografia zentrora sartu zen. «Liburuak husten, eskuz husten» hasi zen, eta, 35 urte igarota, hortxe segitzen du.

Lehendik ere bazenituen ardurak Euskaltzaindian. Orain lan desberdina izango duzu?

Ez, lehendik ere hainbat batzordetan sartuta nago, orduan, hori baino askoz gehiago… Nire lanari dagokionez, gehiena ukitzen dut, eta alde horretatik ez; ordezkaritza lanak, berriz, ez dit halako lanik ematen, bileratxoren bat, aurkezpenen batera joatea, ekitaldiren batera, Kilometroetara eta horrelako gauzetara, baina oraingoz behintzat ez dit aparteko lanik eman. Ez dakit orain, urteurrena datorrela-eta gehixeago tokatuko zaidan. Baina oraingoz lasai samar, bai.

Euskaltzaindiaren hiztegian nago, baina hor lantaldea dago, prestalana egiten duena, egitasmoa, erredakzio taldearekin hiztegi forma ematen diona eta batzorde ahaldundua, osoko bilkurara eraman aurretik proposatutakoa nolabait ahalduntzen duena. Horietan eta gainera IKT batzordean egonda, uste dut nahikoa dela.

Mende batean sei emakume hautatu zaituztete euskaltzain oso. Euskaltzaindia gizartea baino kontserbadoreagoa izan al da?

Batetik, erabakiak hartzerakoan gizartearen atzetik joatea tokatzen zaio, hark esaten duena jaso behar duelako, baina, bestetik, izaeraz eta osaeraz, nik uste dut pixka bat gizartearen pareko joan dela, eta denbora askoan ez da emakumerik egon. Gure tradizioan, elizgizonak izan dira batez ere nolabait kultura munduan mugitu direnak, jantzienak. Elizgizonak eta ez mojak, normalean behintzat. Baina Euskaltzaindian bezala arlo guztietan. Ez genuen mediku emakumerik, horrelako karguetan orain dela gutxi hasi da emakumea azaltzen, eta nik uste dut Euskaltzaindian ere hori gertatu dela. Normaltasun osoz hasi gara orain emakumeak sartzen eta horrela jarraituko duela uste dut.

Elizgizonak aipatu dituzu, eta mojak; izan ere, ez dago «elizemakumerik».

Hori da. Eta Eliza Katolikoan, ni están ni se les espera. Eliza horretan beti bigarren mailako papera eduki izan dute, eta formazioa ere askoz txikiagoa eduki dute, edo, behintzat, ez dute argitaratu. Euskaltzaindian elizgizon bat egon da orain arte, Patxi Uribarren; une hau da ehun urtean elizgizonik ez dagoen lehen aldia.

Euskaltzaindia gizartearen atzetik doala diozu, haren hizkera jasotzen duela.

Hiztegian gizarte eredu berriaren arabera aldatu ditugu definizioak-eta; adibidez, familia loturak, behar bati erantzuteko. Familia tradizionalean gurasoak aita eta ama dira, eta orain aita eta ama, aita eta aita, ama eta ama, aita bakarrik, ama bakarrik... Lehen aitaginarreba emaztearen aita zen senarrarentzat, edo senarraren aita emaztearentzat, eta, orain, bikotekidearen aita da. Horrelako gauza dezente aldatu ditugu, hain zuzen ere gizartea aldatzen ari delako, eta akademia batek egokitu egin behar du horretara derrigor. Ezinbestean aldatu behar dira gauza horiek; azken batean, gure lana gizartearen zerbitzurako da, zuk hiztegia egiten duzu gizarteak erabiltzeko, eta gizarteak bizi duenaren kontrako zerbait egiten ari bazara, edo itsututa zaude edo ez duzu ikusi nahi.

Euskaltzaindira sartzerako orduan, pozaz gainera, ez zenuen halako bertigo bat ere sentitu?

Bai, bai. Eta pentsatu nuen nik orain arte egiten nuen lanaz. Euskaltzain osoen bilkuretara joaten nintzenean, lantaldean egiten genituen gauzak proposatzen nituen eta erabakiak haiek hartzen zituzten, eta orain erabakiak hartzen dituztenen artean egotea tokatuko zait. Eta bertigoa ematen dizu, besteak beste, hor dagoen jendea oso jantzia delako, eta nik gainera horietako batzuk irakasle izan ditut. Beraz, bertigoa, alde horretatik, bai, baina bestela ez dut uste aldaketa handia izango denik.

«Liburuak husten» hasi zinen 18 urterekin, eta lan horretan jarraitzen duzu. Ondo ezagutzen duzu, ezta?

Bai, hasi nintzenean paperezko hustuketa egiten genuen eta fitxatan antolatu, fitxak eskuz ordenatuz. Izugarrizko inurri lana zen. Orain corpusak dauzkagu, batetik euskal tradizioa jasotzen duena, Orotariko Euskal Hiztegia, eta, bestetik, XX. mendeko corpusa eta orain lantzen ari garen lexikoaren behatokia. Horrek 2001etik honakoa jasotzen du, XXI. mendeko corpusa izan nahi du; hasieran batez ere komunikabideetako informaziotik jasoa, baina, orain, literatura, administrazio hizkuntza eta beste ere sartu dira. Lehen eskuz egiten genuena orain ordenagailuan sartzen dugu. Material pila daukagu eskura, eta hori da gure lanaren abiapuntua. Hortik maiztasun handieneko hitzak hartzen ditugu, lehendik landuta dauzkagunak, batzuetan beharbada adiera berri bat eman behar zaio forma bati... Horrela hiztegia osatzen eta aberasten joaten gara.

Aurretik egin zena izan zen oinarri nagusia, Orotariko Euskal Hiztegia, noski, euskarazko formarik oinarrizkoenak eta tradizioko lexikoa jasotzeko. Orain Orotariko Euskal Hiztegiko azpisarrera batzuk berrikusten ari gara, batez ere badaudelako tradiziotik datozen hainbat adierazpen-eta, egungo corpusekin kontrastatzeko. Aspalditik datozen gauzak dira, baina gaur egun ere erabiltzen direnak, eta horien isla jaso nahi dugu hiztegian. Azken batean hiztegia altxorra da, lehendik datorrena eta orain sortzen den berria.

Beraz, hitzen historia aztertzen duzue, nondik datozen, non erabiltzen diren...

Hori da. Guk forma bat proposatzeko, horrek oinarri bat eduki behar du, oinarri idatzia izaten dena. Gerta daiteke hitz bat egon eta lehendik ere, batez ere tradizioko lexikoa aztertzean, 50 aldiz agertzea, baina, aldiz, autore bakar batek erabili izana, eta, autore bakarrak erabili badu, ez da ezeren erakusgarri. Guretzat garrantzitsua da garai desberdinetan, euskalki desberdinetan hainbat autorek erabiltzea, eta orduan, zabalkundea izan duela ikusita, badauka pisua hiztegira pasatzeko. Hiztegian jasotzen dugun guztiak dokumentatua egon behar du. Guk ez dugu ezer asmatzen, ez dago adibide bat bera ere guk asmatua, denak dira autoreengandik jasotakoak. Denak daude dokumentatuta, bai Orotariko Euskal Hiztegian, bai egungo corpusetan. Grafia moldatzen dugu, noski, ulergarriago egiteko, egungo arauen arabera jarrita. Eta adibide guztiak ere lehenago erabilitakoak dira.

Horretan bakarrik nahikoa lan duzue, beraz.

Hiztegiak daukan aberastasun bat justu adibide dezente ematea da, eta adibide horiek, hain zuzen, hitz bat nola idatzi behar den ez ezik, nola erabiltzen den ere ikusteko ematen dira, bere testuinguruan. Horretarako, adibideak hautatuak izaten dira, sintaxi aldetik ere nola erabiltzen den erakusteko. Horregatik, adibide horiek hautatzeko lantxo bat ere badago.

Eta hitz bat baztertu behar duzunean?

Pena ikaragarria ematen dit, batez ere gustuko hitz polita denean. Baina beste batzuk sartzean, pentsatzen dut nik ez ditudala inoiz erabiliko. Norberak bere gustuak dauzka, eta niri gertatu izan zait gure bailara inguruko hitzen batekin. Pentsatu izan dut oso hitz erabilia dela, baina oso erabilia da nire inguruan eta hortik kanpora ez dauka zabalkunderik. Guk geure artean “bebil” esaten dugu, hitz horrek bere ibilbidea egin dezala, eta, gehiago erabiltzen bada, jasoko dugu. Badira beste forma batzuk, euskalki batean oso hedatuak eta gehiago zabaldu direnak, eta nik agian ez ditut hitz horiek erabiliko, baina oso erabiliak dira, dokumentatuta daude... eta barrura! Zorionez, ez dugu eskua sartzerik, bestela gure gustuaren arabera egingo genuke hiztegia. Guk justifikatu egin behar dugu sartzen dugun guztia.

Asko erabiltzen den hitz bat, ez badoa euskal hitzen osaeraren kontra, irizpide lexikologikoen kontra, autore dezentek erabiltzen badute eta bere bidea egiten badu, azkenean sartu egin beharko da. Beste kontu bat da ondo eratua ez egotea, edo forma horrek beste adiera bat izatea... Gauza horiek oso poliki aztertzen dira.

UZEI arduratzen da Hiztegi Batuaz, eta zu, hitz jokoa eginda, ardura horren arduraduna zara.

UZEIri enkargua egiten dio Euskaltzaindiak prestalan hori egiteko, dokumentazio guztia biltzeko; azkenean, Hiztegiaren lantaldearen idazkaritza lanak eta ardura ditu. Eta bai, ni prestalan taldearen eta hiztegiaren arduraduna naiz, eta Andoni Sagarna zuzendaria.

Lantaldean babestuta sentitzen zarela diozu.

Bai, dudarik gabe. Zeren lantaldean formak proposatzen ditugu, eta bertan leku, erakunde eta euskalki diferenteetako jendea dago. Irizpideak nahiko ondo sustraituta daude eta gure artean adostasun handi batera iristen gara; beraz, hor ni lasai nago. Baina gero hori erredakzio taldera eramaten dugu eta erredakzio taldeko jendea ere txapela kentzekoa da. Andoni Sagarnak eta biok erredaktoreek egiten dutena berrikusten dugu, definizioak eta lan hori, baina lasaitasun handiarekin begiratzen dugu badakigulako oso ondo egina dagoela, eta gero, gainera, Andoni Sagarnak eta biok ikusi dugun hori batzorde ahaldunduak ikusten du, eta hor euskaltzain osoak daude. Hala, osoko bilkurara eramaten denean, normalean gutxi eztabaidatzen da. Egia esan, ia konfiantza osoa ematen digute. Egiten duguna ez da proposamen bat besterik gabe, baizik eta hainbat pertsonak ikusi dute, hainbat espezialitatetakoek.

Euskaldun gehienok oso zintzoak gara Euskaltzaindiaren arauak betetzen, UZEIk egin zuen ikerketa baten arabera. Beste hizkuntzen hiztunak baino zintzoagoak?

Zer gertatzen da, beste hizkuntzetan denek oso ondo idazten dutela? Batetik, ez dakigu nola idazten duten, baina, bestetik, guk euskaraz nolabait alfabetatuta gaudela erakutsi behar hori daukagu. Espainolez edo frantsesez idazten duzunean, inork ez dizu zalantzan jartzen printzipioz ondo idazten duzula; jendeak ondo dakiela suposatzen da, eta, euskaraz, berriz, ikasi egin behar duzula...

Euskaltegietan, besteak beste, sarritan entzuten da Euskaltzaindiaren arauak hitzetik hortzera aldatzen direla.

Ez, ez da egia. Buruan sartuta daukagu Euskaltzaindiak arauak etengabe aldatzen dituela, baina kontua da arauak ematen hasi zela. Zerbait aurpegiratu behar bazaio, arauak lehenago eman ez izana da, baina ez aldatu izana. Denok izan ditugu etxean Hiztegia 80 eta Hiztegia 2000 modukoak, horiekin ikasi genuen eta bere garaian zegoen informazioa kontuan izanda –ez zegoen corpusik eta–, guretzat Euskaltzaindiaren arauak bezala ziren. Horregatik, “eritzi” zetorren hiztegian eta denok hasi ginen “eritzi” erabiltzen, Orotarikoa etorri eta tradizioan “iritzi” esan dela ikusi arte. Orduan Euskaltzaindiak “iritzi” arautu zuen, baina ez aldatu. Gertatzen da araua ez zena arautzat hartzen genuela, “auzoa” edo “ibaia” hatxerekin… Nik ikastolan horrela ikasi nituen, eta desikasi egin behar izan nituen. Behin, Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean, turista talde bat ikusi nuen, gidari batekin, eta honek esan zien: «Hau Euskaltzaindiaren egoitza da, hizkuntza arauak 10 minututik behin aldatzen dituzten lekua». Pentsa. Txantxarako ematen du, kito.

Hiztegi Batua sarean egotearen garrantzia azpimarratu izan duzu.

Guk hiztegia egunero ukitzen dugu nolabait, barruan. Beti ikusten duzu zerbait moldatu beharra dagoela, adibide egokiagoren bat, errataren bat... Forma berriak aztertzen jarraitzen dugu, eta, euskaltzain osoek onartu ahala, hiztegian txertatzen dira. Hiztegia sei hilabetetik behin sarean eguneratu egiten da, nahiz eta guk barruan gauza gehiago landuta eduki. Paperezkoa ateratzen duzun egunean hor geratzen da betiko. 2006an, aurkezpena egin zen egun berean, sarean jarri zuten, eta aurkezpenetik atera ginenerako, bagenuen mezu bat “hau ez da horrela” esanez, definizio bati buruz. Alde horretatik, oso interesgarria da feedback bat egotea, bakoitzak bere espezialitatetik oharrak egin ahal izatea. Hiztegia hobetzen laguntzen digu. Inork esaten ez baldin badizu, zerbait okerrarekin edo behintzat guztiz zuzena ez denarekin jarraituko duzu.

Egia esan, oso harrera ona izan du hiztegiak eta ikaragarri eskertzen da. Batzuek ez dute pazientzia gehiegi eta esaten digute halako oharra egin zigutela eta ez dugula aldatu, baina baliteke barruan aldatu izana; beraz, itxaron egin beharra dago.

Xuxen zuzentzaile automatikoaren sortzaileetakoa zara. Gaur egun tresna normala iruditzen zaigu, Hobelex bezala. Duela 25 urte erronka handia izango zen, ordea.

Bai. Bukatu genuenean ondo ospatu genuen. Erronka ikaragarria zen. Hasieran Informatika Fakultateko irakasle talde bat hasi zen eta batez ere itzultzaile automatikoa egin nahi zuten. Berehala konturatu ziren itzultzaile automatikoa egiteko gauza asko egin behar zela, analizatzaile morfologiko batetik hasi behar zela eta analizatzaile horren lehenengo produktua zuzentzaile ortografikoa izan zitekeela. Horren inguruan sortu zen Ixa taldea.

Hasierako urteetan Xuxen oso motel zebilen, baina berehala azkartu zen. Nik gaur ez dut imajinatzen zuzentzaile ortografikorik gabe bizitzea. Gero Hobelex egin genuen, zuzentzaile ortografikoaz gain lexikoa duena, eta nik gaur egun ez dut ezer kanporatzen Hobelexetik pasatu gabe. Beti harrapatzen dit zerbait. Askotan erlaxatu egiten gara beharbada, eta ikaragarri laguntzen du Hobelexek.

Artean ikasle zinela sartu zinen talde horretara, beste bekadun batekin batera.

Bai, lehenengo bekadunak izan ginen Eneko Agirre informatikaria eta biok. Tesi bat eman ziguten, suomieraren analizatzaile bati buruzkoa, eta gu arratsaldeetan biltzen ginen hura irakurtzeko, ea zer ulertzen genuen. Gero, tesi hori Informatika Fakultateko irakasle talde bati aurkeztea egokitu zitzaigun. Tesi hura izan zen, hain zuzen, Xuxenen oinarria, euskararako abiapuntua. Hasieran denak ziren informatikariak eta nik, Euskal Filologiako ikaslea nintzela, txistukariak aipatzen nituenean, ia barre egiten zidaten. Eta berdin alderantziz; “bit” esaten zutenean, ni tonto aurpegia jarrita. Baina zorionez, informatika irakasleak ni baino askoz jantziago zeuden hizkuntza kontuetan eta elkarrekin ikasten joan ginen. Hortik atera ziren hainbat produktu, lehenengoa Xuxen. Eta, taldean egin bazen ere, hortik atera ziren, halaber, Iñaki Alegriaren tesia, alderdi informatikoaz, eta nirea, alderdi linguistikoaz. Xuxenen tripak, alegia.

Hainbat laguni agertu diozu zeure esker ona, lankideei, Euskaltzaindiari...

Bai, hainbat jenderi eskerrak eman nahi dizkiot. Eta bereziki Joan Mari Torrealdairi. Joan Marirenak ikaragarri hunkitu nau. Euskaltzain oso sartu eta haren lekua hartzea erronka ikaragarria da, ez da erraza izango haren maila ematea. Ohore handia da.