GAUR8 - mila leiho zabalik

Lokarria


Ez du inoiz mugikor bat esku artean izan, ezta nahi izan ere. Telefonoa kable bati lotuta ezagutu eta erabili izan du beti. Sare sozialei gutunekin eutsi izan die, lokarri sendoa dira berarentzat, eta dagoeneko erabat ezohikoa zaio senide edo lagunekin batera bazkaldu edo afaltzea. Galdua du ardurarik gabeko mahaiaren bueltan axolagabe egote hori.

Horiek eta gehiago dira luzaroan izan dituen bizipen edo ez-bizipenak, sentsazio edo ez-sentsazioak. Gainontzekoentzat arruntak diren horiek ezezagunak dira jada berarentzat, laino bihurtu dira bere bizipenen atzerako ispiluan, urrunegi daude. Badirudi denboran izoztuta pasa dituela urte hauek. Eta, antza, izugarri aldatu ei da guztia. Bera ere bai, baina ez horrenbeste, ez tamaina berean. Atzean gelditu ote da bera edo, aldiz, balioei eustea lortu du berak eta gainontzekoek ez? Galdera hori behin eta berriro datorkio burura, baina ez du oraindik erantzun erabatekoa aurkitu.

Finean bera ere aldatu da, bai. Luzaroan hotzean pentsatu eta hausnartzeko denbora luzea izan du, arrazoibide eta ondorio sendoak biltzeko oso baliagarria izen dena. Oso argi dauka zerk eraman zuen hona; izan ere, aurretikako garaian ez bezala beste patxada bat hartu ahal izan du azkenaldian eta horrek abantaila eman dio, begirada bestelakoa, pausatua eta ernegatu gabekoa.

Bizitzan egin izandako guztiaren erantzuletzat du bere burua, egin duena badaki zergatik eta nork egin duen, ez du beste alde batera begiratu nahi, baina orain, are eta gehiago, jakitun da bestelako garaiak bizi ditugula, edo, agian, bizi dituztela esan beharko. Oso argi izan zuen erabakia hartzerako orduan eta, orain, irmotasun antzekoaz berretsi egiten du hautu berria. Gaztaroko idealizazioek testuinguru propioa zuten, erreala eta propioa, eta horiei atxikituta zegoen zintzo. Eta ahaleginak lorpen lotesletik zuen bitartean oso balizkotzat zituen.

Gerora, baina, nahiak, lorpenak, atxikimenduak eta emaitzak poliki-poliki lausotzen joan ziren, “erresistentzia” hitzak beste adiera batzuk hartu zituen, zenbait kasutan kontrajarriak, gazitik gehiago zutenak, mingotsak askotan. Luze hausnartu du horretaz. Iparra inoiz galdu gabe, beti presente izanik, bestelako pausoak emateko beharra zegoela konbentzitu eta, inertziei bizkarra emanez, ausarki jokatu zuen, iraganeko erabakiek emandako hauspoarekin oraingoan ere indarra hartuz, ezbairik gabe, egindakoaren eta egingo zuenaren aurrean zuhurtziaz, baina koherentziaz jokatuz.

Norbera eta norbere ekintzak epaitzea, oso gaitza bada ere, ez zen zailena izan, iparra, jatorria eta horien esentzia oso presente izan dituelako beti. Une horretan bertan, une erabakigarrian –eta ondorengoan–, zailtasun nagusiak beste batzuk jarri zituzten eta dituzte; ortzadarraren atzean zegoena ez zen egiazkoa. Bazuen horren susmoa, baina egitate horrek are eta gehiago indartu du hartutako hautua; eta behin hartuta ez dago atzera bueltarik.

Urrunetik ikusten ditu eta maite dituela badaki ere, ez daki erabat ulertzen dituen, ulertuko dituen. Onena nahi du haientzat, urruntasunetik izanda ere bere funtsa baitira.

Nola maite daiteke hainbeste ukitu eta ikusi ezin dena? Nola idealizatu daiteke hainbeste erabat konprenitzen ez dena? •