GAUR8 - mila leiho zabalik
GASTEIZ MENDEETAN ZEHAR

Historiak Erdi Aroko Gasteizi ez diola justiziarik egin erakusten duen ikerketa

Uste baino askoz garrantzi handiagoa izan zuen Gasteizek Erdi Aroan. VIII mendean Arabako konderriak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parte handi bat biltzen zituen bere baitan. Antso Jakintsuak fundatu zuenerako, hiri oparoa zen. Ismalel Garcia-Gomez hiri haren gaineko tesia egin zuen arkeologoak kontatu digu.


Gasteizko Santa Maria katedralean azken urteetan egindako indusketek denboran atzera, oso atzera egitea lortu lortu zuten. Besteak beste, Gasteizko harresia uste baino zaharragoa dela erakutsi zuten, Antso Jakintsuak 1181. urtean hiriari forua eman baino mende bat lehenagokoa. Garai urrun hartarainoko bidaia egin du GAUR8k “Vitoria-Gasteiz y su hinterland” izeneko doktore tesia idatzi zuen arkeologoaren eskutik.

Ismael Garcia-Gomezek dioenez, harresiari eta kaleen diseinuari dagokienez, pentsatzen genuenaren guztiz alderantzizkoa gertatu zen. Harresia forua baino lehenagokoa da, eta, harresia baino mende bat lehenago, kaleak egin zituzten. Katedraleko indusketetan zoladura aurkitu zuten, oso pabadura zakarra, erromatar galtzadetakoa ez bezalakoa, baina Gasteizko muinoan dauden hiru kaleei dagokiela seinalatzen du. Badago protohirigintza bat, kale batzuk marratzen dira eta denborak aurrera egin ahala inguru horrek gero eta garrantzi handiagoa hartzen du. Horren erakusgarri da kale horiek harresi batekin inguratu zituztela. Horren ondorioa da gauzak oso astiro gertatzen direla, hirigintza mailaka gertatzen dela. «Burutik kendu behar dugu zeharo 1181ean foru bat eman zenez, dena urte hartan edo inguruko urte haietan gertatu zela», dio arkeologo gasteiztarrak.

Santa Maria katedraleko indusketen alderdi interesgarrienetako bat, Garcia-Gomezen ustez, honako hauxe da: karbono 14ko datazioek eta oro har aurkikuntzek, aurreko data okerra bada, beharbada gainerakoa ere oker dagoela pentsarazi izana. Hartara, «hazka» hasi zen, oraingoan arkeologiaren tresnez, dokumentu «ezagunak» arakatzen baizik. Esate baterako, foruaren dokumentua, aurreko historialariek hartu zuten berbera. «Beste perspektiba batez irakurtzen duzunez, konturatzen zara testu berak dioenez, bazela harresi bat, ate bat dagoela baitio, bazirela zerga batzuk, eta nolabait begietan genuen benda erori zaigu. Baina arkeologia indusketei esker kontua ez da iraganeko historialariei errua leporatzea, karbono 14 azterketak egiteko guk dugun teknologiarik gabe indusketa horiek egiterik izan ez zutelako; seguru asko ordura arte jakindakoarekin eta dokumentu horiekin ezinezkoa zen urrunago iristea».

Gasteiz, hiri garrantzitsua

Gasteizen jendea elkartzen zen, baina zergatik zuten muino honetan elkartzeko interesa? Historialari askok esan dute lautada baten erdian dena kontrolpean duzula, eta Arabako Lautada berez komunikaziorako inguru garrantzitsua da, Europa mailan, erromatarren garaitik, eta Euskal Herri mailan. Inbutu moduko bat da, itsasaldetik datozen bideek bat egiten duten lekua, gero enbor bakarrean Iberiar penintsularen erdialdera jarraitzeko, merkataritza bide garrantzitsuak osatuz. «Nolatan ez zion Antso Jakintsuak Gasteizi forua emango, herri harresitua izanda?», dio Garcia-Gomezek, eta azpimarratzen du ez zela herrixka bat Antso VI.ak aurkitzean, Erdi Aroko terminoetan hiria zela, harresia eta merkataritza oparoa izanda.

Gasteizen jatorria VIII. mendean kokatzen du, uste zen baino ia 500 urte lehenago. Garai hartan leku hau, Gasteiz izena bazuen, «eta seguru asko hala zuen», herrixka bat zen agian, baina XII. menderako hazten ari zen hiria zen, eta inguruan ez zen horrelakorik topatuko, Iruñera edo Naiarara joan ezean, gaur egun Euskal Herrian dauden beste herri edo hiri garrantzitsuak artean ez baitziren existitu ere egiten.

Mendebaleko euskara

Zentzu horretan, ikerketen ondorio gisa, uste du egungo historiak Gasteizi, XII. eta XIII. mendeetako Vitoria hari, haren garrantziari, ez diola justiziarik egiten. Horregatik, «eta ez horregatik bakarrik», erakargarriak iruditzen zaizkio zenbait hipotesi, hala nola Koldo Zuazok euskalkien sorreraren gainean zabaldu zuena, «nire ustez hipotesia baino gehiago dena». Ikerketetan ikusi dutenez, Gasteiz kultur fabrika bat zen. «Koldok oso argudio indartsua ematen duela iruditzen zait, lengoaiaren fabrikak, lengoaia aberasten, aldatzen eta forma hartzen dueneko lekuak hiriak dira, hartu-emana dagoen eta hainbat motatako jende gehiago biltzen den lekuak. Jakina, herrixketakoa ere bada, baina hirietan nahaste handiagoa dago». Uste duenez, Gasteizen ikusi dutenak, arkeologiak, guztiz berresten ditu Zuazok mendebaleko euskararen gainean zabaldu dituen hipotesiak. «Euskal Herri osoan ez dago Gasteizen pareko hirigunerik, Iruñea izan ezik».

Norabide bereko datu ugari daude; esate baterako, eta VIII. menderaino joan gabe, XIII. mendean frantziskotar eta domingotar monjeen lehenengo fundazioak Gasteizen egin zituzten, eta horiek ziren beren etxe nagusiak. Gasteiz hiriburua zelako aukeratu zuten, eta zerikusi handia zuen hezkuntzarekin, araututako irakaskuntzarik edo eskolarik ez zegoen mundu hartan erlijio zentroek orduko unibertsitateak baitziren. Hartara, inguruko kulturadun jendea Gasteizera joaten zen ikastera. Ez da kasualitatea beste leku bateko jaun ugari inguru arabar batean bizi izana. «Diego Lopez de Haro, Bilbo fundatu zuena, Oñatiko jauna… non bizi dira?», galdetu du Garcia-Gomezek. Dioenez, ziurtzat jotzen da Bizkaiko jauna Bilbon bizi zela, baina hori ez da dokumentuetan agertzen; hala ere, berak dokumentuak sinatu zituen, non eta Gasteizen beti. «Hori badakigu».

Arabako konderria

Esan bezala, katedraleko indusketetan denboran oso atzera egin zuten, VIII. mendera, hain zuzen. Bisigodoen erresuma erori eta musulmanak itsasartea zeharkatu zuten garaira. Iruñeko, Asturiasko eta Gaztelako erresumak sortu ziren, eta ordurako Arabak bazuen konderri bat, bere baitan Bizkai osoa, Araba eta Gipuzkoako parte handi bat biltzen zituena, Arabako apezpikutegia ahaztu gabe, garai hartan Bizkaia eta Gipuzkoa haren barnean baitzeuden. Haren egoitza Armentian zegoen, Gasteiz ondoan. «Eta horrekin batera Gasteizek eta Lautadak jokatu duten paper hori, funtsezko gune gisa. Arabak oso abiapuntu ona du. Gero Arabak batzuekin eta besteekin egingo ditu bere aliantzak. Ondoren historialariok galdu egin gara, pentsatu dugu eztabaida bakarra Nafarroaren eta Gaztelaren artekoa zela eta lehen zer gertatu zen ahaztu egin zaigu». Baina dokumentuetan dagoen Arabako konderriaz hitz egin behar izan gabe, Garcia-Gomezek Santa Maria katedralean aurkitutakoaren garrantzia azpimarratu du: «Aurkikuntza horiek esaten digute Gasteizek eta Lautadak dokumentuek konderri horretaz hitz egitean adierazten duten garrantzi hori zutela». Hortaz, kontu horien babes arkeologikoa dago.

Gasteizko merkatura hainbat lekutatik heltzen zen jendea produktuak saltzera: Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasaldetik, herrietatik... heltzen ziren, mendiak zeharkatuta. Izan ere, orduan bideak ez ziren gurdibideak, mendiak zeharkatzen zituzten mandazainek erabiltzen zituztenak baizik. «Egungo errepideen ibilbideei jarraituz, nekez iritsiko gara Erdi Aroan zer zegoen jakitera», dio antropologoak. Jende hark harreman gune handi batean lantzen omen zituen euskara, kultura, merkataritza trukea edo politika: Gasteizen. «Horregatik Koldo Zuazoren teoria lehen aldiz entzutean –ondoren haren lanak irakurri ditut eta berarekin hitz egiteko aukera izan dut–, zur eta lur geratu nintzen. Berak dioena bat dator guk indusketetan ikusten genuenarekin, aldez aurretik ados jarri bagina bezala».

Burdinola bat muinoan

Katedralean hasi zen ikerketa, baina handik kanpo ere oso gauza garrantzitsuak topatu zituzten. Katedrala baino lehenagoko Santa Maria elizaren aztarnak XII. mendearen erdialdekoak dira, eta eliza harresiari atxikia dago; harresia eliza baino antzinakoagoa den zantzu bat, alegia. Ondoren karbono 14 &bs;proba egin eta data zehaztu zuten.

Baina, «interesgarriena», urrunago zutoinen zuloak aurkitzean hasi ziren, «etxolez eta han zegoen aitzinako urbanismo hartaz hitz egiten ziguten zuloak». Etxolak ez ziren edonolakoak, nolabaiteko oligarkia batenak baizik; izan ere, botere eta aberastasun zantzuak ikusi zituzten, hala nola bihi metatzearen zantzuak eta, «oso garrantzitsua», burdinola bat, VIII. mendekoa. Ez dago Bizkaiko burdinaren kalitatea eta Arabakoarena alderatzerik, baina Araban ere bazegoen burdina eta Erdi Aroko premietarako beste edozeinek besteko kalitatea zuen. Gasteiz erauzketa lekuetatik urrun zen, eta bertako burdinolara burdina ekartzeak lanak emango zituen. «Zergatik ekartzen zuten hona, landu eta erremintak egiteko? Produktu horiek Gasteizen merkaturatzea errazago eta errentagarriagoa zelako».

 

Ismael Garcia-Gomez

«Hirigintza oso bat aztertu nahi izan dut eraikin batzuen azterketan ardaztuta»

Arkeologoa da, Erdi Aroko Historian doktorea. Gaztea, baina ez eskarmentu gabea. Hamabost urte daramatza Gasteizko Santa Maria katedraleko Plan Zuzentzailearen garapeneko lanetan parte hartzen, EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko kide da, eta Enklabe Enklabe Kooperatiba Sozietate Txikia enpresako bazkide. Iraganeko Gasteiz afizio, lanbide eta ia obsesio du; bere hiriari historiak eman ez dion aitorpenaren bila, beharbada. Badu zer kontatua eta, gainera, ez da harrigarria entzulea berarekin txunditzea, hizlari trebea baita zinez.

 

Gasteiz eta haren «hinterland»-a,

Modu nahiko grafikoan Gasteiz eta haren hinterland delakoaren analisi bat egin dut. Hinterland hitzak gune populatu baten eragin ingurua izendatzen du. Eragin hori elkarren eragin gisa ulertu beharra dago, lurralde historikoaz ari baikara, ez administratiboaz.

 

«Evolución de un sistema urbano entre los siglos XI y XV» da tesiaren azpititulua. Zergatik muga horiek?

Garai guztietan egindako indusketa guztiez dihardut tesian. Aurkitutakoaren gaineko gogoeta egin eta, dokumentazio asko bilduta, Erdi Aroko Gasteiz berraztertu dut, XI. eta XV. mendeen artean, tesian esaten dudanak marko kronologiko hori gainditzen duen arren. Eraikin bat bere jatorri urrunenetik XX. mendera arte aztertu beharra daukazu, lastoa baztertu eta alea hartzeko. Beraz, hala egin dut Gasteizko Erdi Aroko hirigunea aztertzeko. Gero, analisi bat egin eta ondorio batzuetara iristerakoan, marko kronologiko horretara mugatu dut lana. XI. mendeak Gasteizko harresiaren eraikuntzarekin zerikusia du eta XV.a Erdi Aroaren amaiera da, baketzea edo ordu arte iraun zuen bando arteko borroken amaiera, Gaztelara Errege-erregina Katolikoak iritsi ziren… Hori guztia Gasteizentzat bezala beste leku askorentzat ere aldaketa handia izan zen. Ikerkuntza urte asko dira, 1997an hasita.

 

Tesiak 600 orrialde ditu.

Orain tesiaren beste argitalpen bat prestatzen ari naiz, formatu txikiago batean, dibulgaziorako, gai horiek jendeari hurbiltzeko.

Dibulgazioak ere ardura dizu.

Ni Enklabe Kooperatiba Sozietate Txikian nago. Hiru bazkide gara eta arkeologia ikerketak egiten ditugu, ondarearekin zerikusia duen guztia da gure langaia. Ikerketa eta sozializazioa. Bisita gidatuak ere egiten ditugu, ez turistarentzat pentsatuta, baizik eta hemengo jendearentzat, halako didaktika egiteko, baina noizbehinka turistentzat ere izan daitezke. Edonola ere, gure ideia batez ere historia edo gure historiatik ezagutzen duguna dibulgatzea da.

 

Blog bat ere kudeatzen duzu.

Ikerketa, tesi edo beste argitalpen baterako lan egiteak duen arazoetako bat da denbora asko ematen duzula zeure baitan bilduta, zeure gaian bakartuta, gizartetik aparte, eta pentsatzen duzu nori interesatuko ote zaion idazten ari zarena, eta horrek hainbat urteren buruan halako ezinegon bat eragiten dizu. Azken hamarkadan, Internet izanda, blog bat gauza interesgarria iruditu zait nire gogoetak eta ikerketen gaineko oharrak bertan agertzeko, beti ikuspegi historiko batekin, gai akademikoaren didaktika bat egiteko asmoz, eta, ezagutza zientifikoari dagokionez, maila altuari eusten ahaleginduz. Nire helburua da historialari edo arkeologo baten gogoetak jendearengana lehen eskutik eta modu ulergarrian iristea da, terminologia zurrunik gabe. Jendeari bere historia interesatzen zaio, eta mezu elektronikoak idazten dizkizu, blogean iruzkinak eta galderak egiten ditu… Feedback horrek, sentitzen duzun bakardade horren aurrean, lehen esandakoaren zirkulua ixtearren, adorea ematen dizu ikertzen jarraitzeko, zure lanari zentzua ematen dio.

Zure tesia ez dela historia liburua diozu, esperimentu zientifikoa baizik.

Bai, arkitekturaren arkeologian oinarritua. Arkitekturaren arkeologia ikerlari batzuk geruzak ez daudela lurpean bakarrik konturatu zirenean sortu zen diziplina da. Eraikin historikoek ere, mendeetan zehar izan dituzten eraberritzeak direla-eta, estratigrafia dute, eta eraikinak estratigragia horren arabera aztertzeak gertaera konstruktiboen ordena bat ezartzea errazten digu, data zehatzak ematen ez badizkigu ere. Eta horrek azkenean aztarnategi bat interpretatzeko gakoak ematen dizkizu. Arkitekturaren arkeologiak, beraz, eraikinak aztertzen ditu, eta hori da nik tesiarekin egin nahi izan dudan jauzi metodologikoa, eraikin jakin batzuen azterketan ardaztea. Hirigintza oso bat aztertu nahi izan dut. Eraikin batean erabiltzen diren oinarrizko erremintak beste eskala bateko erabilera baterako egokituta. Horretara ikus daiteke kale batean etxeak baino lehen bidea izan zela, biztanleria bat sortzeko lehenbizikoa jendearen mugimendua dela. Eta jendea leku batera oso maiz joaten denean, bide horren inguruan eraikitzen hasten da: eliza bat, hilerri bat, etxolak, harresiak...

 

Dokumentu zaharrak berriak ere badira, ezta?

Katedralean egin ditugun ikerketak, erakutsi dizkigun gertaerez gainera, datu basea hutsean jarrarazi digu, ustez irakurrita zeuden dokumentu guztiei dagokienez. Eskura duzun dokumentazio zahar guztia berria balitz bezala irakurtzen baduzu, dokumentu berean gauza gehiago ikusten dituzu.

Foruak badu pasarte bat Antso Jakintsua halako momentuan hona etorri eta Gasteiz izeneko leku baten gainean Victoria izeneko hiri bat fundatu zuela dioena, baina pasarte horretan ez dio, askotan esaten den bezala, Nova Victoria fundatu zuenik, Victoria baizik. Eta iraganean. Hori tesian jasota daukat. Uste dut errege bera izan zela 1181. urtea baino lehen Gasteizi Victoria izena jarri ziona, eta seguru asko foru bat ere eman zion, kontserbatu ez dena. Kontserbatu dugun foruak honela dio aurrerago: «Nik Nova Victoria hau sortzen dut». Forua bere jatorrizko testuinguruan aztertu beharra dago, eta ez dio Nova Victoria guk New York esango genukeen bezala, baizik eta gaur egun Salburua edo Zabalgana auzoez ari bagina bezala; hau da, Victoria haren zabalgune bat aipatzen du.

Joan den asteburua Begoñako Amaren eta Bilboren jatorriaren gaineko liburu bat irakurtzen eman nuen, Mañaricuaren liburu bat. Ez dakit esaten dituen gauza batzuez konturatzen den, bere interesak beste leku batera begira baitzituen, baina hura irakurrita, pentsatu nuen 1300eko foruaren Bilbok bazuela seguruenik beste Bilbo bat, foru bat zuena eta seguru asko beste leku batean zegoena.

 

Beste ikerketa baten berri jakinarazteko moduan zaude?

Tesian idatzi ditudan gauza asko, irakurlearentzat berritasun handiak badira ere, nolabait gaindituta dauzkat. Oraindik katedraleko indusketetan lanean jarraitzen dugu, hondeatu gabe, baina materialak berrikusten eta antolatzen, eta datozen urteetarako berritasun gehiago iragar daitezke. Ezin ditut aurreratu, historia behin eta berriz egiaztatuz eraikitzen baita, askotan berrikusiz, eta ez gauzak aurreratuz. Beraz, ustekabeak izango direla besterik ezin dut esan. Santa Marian bezala, Bilboko San Antonen, Armentian, Legutio inguruko antzinako burdinoletan induskatu genuen, eta horiek guztiak Gasteizko indusketekin bat etor daitezkeela ikusten hasi gara. Orain iraganera begira jarri gara leiho handi samar batetik, Gasteizen egindako indusketetatik, eta orain beste leku horietan bildutako datuak egiaztatzeko momentuan gaude, eta han gauza handiagoak, sendoagoak gertatzen ari dira. Uste handia dudala esan dezakezu, baina jendeak egiazta dezakeen zerbaitetan oinarritutako konfiantza ez ezik, ikusten ari zaren eta oraindik idatzi ez duzun horrek hipotesia baieztatzen duela jakiteak ematen duen ustea ere bada. Ez dira gure lanak bakarrik. Hau guztia talde lana dela uste dut nik. Koldo Zuazo ez da gure taldekoa, baina sintonia berean gaude; hemengo Historia Fakultateko Erdi Aroko Historia Saileko historialariak ere ez dira gure taldekoak, baina sintonia berean gaude, gauza berriak idazten dituzte eta batzuetan esaten didate tesian esan nuen halako gertaera dokumentu batek baieztatu duela.

 

Besterik esan nahi duzu?

Bai, EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldearen lana azpimarratu nahi nuke. Urte hauetan guztietan Santa Maria katedralean indusketak egiten egon garenok osatzen dugu taldea, Agustin Azkarateren zuzendaritzapean. Tesia lan pertsonala da, baina, zure ikerketak eta ideiak baditu ere, arkeologia azken batean talde lana da, ez da lagun batek edo bik egin dezaketen lana, baizik eta lagun askorena eta urte askotakoa.