France-Presse
EKUADOR

Galapagoetako lehorreko iguanak irla batetik bestera eramaten ari dira

Euri gutxi egin du azken bolada honetan eta dagoeneko ez dago nahiko janaririk Venecia irlatxoan dauden iguana guztientzat. Galapagoetako Parke Nazionalak animalia horietako batzuk Santa Cruz uharteko Cerro Dragonera eraman ditu, beste ehunen bat aldiz egin izan duen moduan, espezieari eusteko asmoarekin.

Galapagoetako Parke Nazionalak joan den asteartean jakinarazi zuen Venecia izeneko uhartetxoan bizi ziren lehorreko sei iguana (conolophus subcristatus) bertatik atera eta beste uharte batera eraman behar izan dituztela, gosez hiltzeko arrisku bizia baitzuten.

Endemikoa da lehorreko iguana Galapagoetan, hau da, beste inon ez da hazten edo bizitzen. Veneciatik Santa Cruz uharteko Cerro Dragonera eraman dituzte animaliok, lehendik ere lehorreko iguana ugari hartzen dituen puntura alegia. Bisitariak flamenko asko ere ikusiko ditu bertan.

Munduko leku erakargarrienen artean kokatu behar dira Ozeano Bareko uharteak. Bertan gauza guzti-guztiek dute harmonia berezi bat, gizarte modernoak ezartzen duen konplexutasunik gabeak… ipuin batetik ateratakoak izango balira bezala. Galapagoetako uren urdin turkesa kolorea, hondar zuria, etxetxo harrigarriak, edonor liluratzeko moduko lekuak eta eguraldia… animalien munduarekin era orekatuagoan bizitzea posible dela frogatzen duen esperientzia, finean.

«Euri gutxi egin du eta jada ez dago nahiko janaririk Venecia irlatxoan dauden iguana guztientzat», esplikatu du Galapagoetako Parke Nazionalak agiri baten bitartez. Horregatik eraman zituzten Santa Cruz uharteko eremu jakin horretara iguanak. «Animalion biziraupena bermatzeko xedearekin egin dugu tokialdatzea», erantsi dute idatzian.

«Iguana horia» ere esaten diote espezie horri, azalaren koloreagatik. Lehorreko iguanak Cerro Dragonekoak dira berez, baina 1970eko hamarkadan banaka batzuk Venecia uhartetxora eraman zituzten, «beren bizitza arriskuan ipintzen zituzten zakur basatiengatik babesteko», Parke Nazionalak jakinarazi duenez.

Handik hogei urtera iguanen lekualdatzeekin hastea erabaki zuen Parke Nazionalak eta jada ehunen bat aldiz egin dituzte, batez ere lehorte garaietan. Iguanek janaria izatea bermatzea izaten da helburua kasu guztietan. Aldi berean, artxipelagora ekarritako espezie harrapakarien populazioa kontrolpean edukitzen saiatzen dira, bertako ekosistema hauskorrarentzat arriskutsuak izaten baitira.

Itsas Erreserba

Galapago uharteak Ekuadorreko itsasertzetik 1.050 kilometrora daude. Ekuadorreko probintzia bat osatzen dute eta Puerto Baquerizo Moreno da hiriburua. Artxipelagoak 13 sumendi-uharte nagusi ditu, beste 6 uharte txikiago eta 100 uhartetxotik gora, guztiak Ekuatoretik gertu.

Galapago uharteak Charles Darwin naturalista eta biologoaren ikerketei esker egin ziren mundu osoan ezagun. Bertan egindako ikerketei esker, zientzialariak hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoria sortu zuen.

Beste inon aurkituko ez ditugun espezieak izaten dira Galapagoetan. Horregatik orain 32 urte, 1986an, artxipelagoaren inguruko itsasoa Itsas Erreserba bihurtu zen. Lehenago, 1978an, Nazio Batuek gizateriaren ondare izendatu zituen uharteak, eta 2001ean inguruko itsasora hedatu zuen titulua.