Joxean Agirre

Urteak

Oporretatik itzultzen garen bakoitzean emaztea kexatu egiten da lehen argazkietan ederragoa ateratzen nuelako. Salbuespenenak salbuespen, lehen gazteagoak ginela gogoratu behar izaten diot. «Bizitza abiadura handiko tren bat da tunel ilun batera sartzen», bota diezaioket, zenbat eta umore hobea, orduan eta metafora baldarragoak ateratzen baitzaizkit. Ondo behar denean, noski, Nabokoven «bizitza bi ilunpe infinituren arteko argi izpia da» aipa dezaket.

Auzoko baserritarrak, ez dakit zer mesede tarteko, urtero sasoi honetan oparitzen didan arkumea hozkailuan prest duela esan dit eta ez dela posible erantzun diot, iazkoa orain gutxi jan genuelako. Irribarre maltzur batekin begiratu dit, denboraren misterioaz jakitun balitz bezala.

Duela egun batzuk egin nituen urteak eta, iloba txikienari ilusioa egiten ziolako, ipini genituen tartaren gaineko bi kandelak eta zifra ikusi nuenean gozogilea deskuidatu izango zela pentsatu nuen, hain baitzen esajeratua.

Espazio batean gune batzuek dentsitate gehiago duten bezalaxe (futbol zelai batean area txikia da dentsitate gehien duena), denboran ere badaudela beteagoak diren aroak pentsatzen nuen, gaztaroa esate baterako, eta zahartzaroa betegarririk gabea izango zela. Horregatik erabaki nuen agendak bota eta nire zerak mahai gaineko egutegi batean apuntatzen hastea. Orain, orrialde horietako anabasa begiratzen dudanean Pedro Migel Etxenikek behinola idazten zituen fisikako formulekin gogoratzen naiz, hain baitaude zirriborroz eta geziz beteak. Ia egun bakoitzetik geziren bat ateratzen. Askotan txorakeriak dira. Beste batzuetan enkarguzko lanen baterako hitzorduak. Tarteka manifaren bat. Sendagilerik ez da ageri aspaldian, eskerrak! Hitzordu sentimentalik ere ez. Horrek dentsitatea kentzen dio denborari, baina tira!, ez nuke hirugarren adinean, gaztetan egin ez nuena, nire egutegian geziak eta bihotz erdibituak marrazten hasterik ere nahi. Hutsune hori konpentsatzeko-edo, ekaineko asteburuak bazkariz beteta ikusten ditut: amaginarrebarekin bat, Pariseko ikaskideekin bestea, arkume-jana anai-arrebekin eta koinatuena, azkenik. Bazkalorduak petatuta ditut. Norbaitek nirekin egon nahi balu, afaltzeko beharko luke. •