MANADAKOEK LEPOA ESTUTU BALIGUTE BEZALA
Manadako bostek batera lepoa estutuko baligute bezala geratu gara, arnasa justuarekin.
Esaten digute defendatzen ikasi behar dugula eta gure neskatoak bidaltzen ditugu autodefentsa ikastaroetara. Beldurtuta egon arren, ausartarena egiten ikas dezaten; kolpe estrategikoak ematen; oihu ozen egiten... noiz eta beldurrak gorputza harrizko bihurtzen dien une horretan. Esku batek modu zakarrean beren gorputza inbaditzen duen une beldurgarri horretan. Askotxo eskatzea ote den.
Baina, asko eta ondo defendatu arren, gertatu egiten da. Orduan erasotakoari agintzen diogu salatzeko eta salatzeko. Akituta eta txikituta dagoen arren, bere baitara biltzeko indarra baino geratzen ez zaion arren, salatzeko eta salatzeko. Eta salatzen du –inork uste duena baino indartsuagoak garelako emakumeak– eta epailearen aurrera eramaten ditu bere borreroak. Frogatuta dago bortxatu egin zutela, batak besteari txanda emanez, modurik krudelenean eta umiliagarrienean. Baina legearen begietara, ez da hainbesterako izango. Zigorraren pisua ikusi besterik ez dago. Eta, orain, kalean daude, aske. Eta guk lanak ditugu arnasa hartzeko, mezua ez baita txantxetakoa: emakume bat bortxatzea ez da hainbesterako.
Festak hasi dira han eta hemen. Udako gau ederrenak bizitzeko dituzte mundua deskubritzeko duten belaunaldiek. Eta, tamalez, batzuek nahi baino gutxiago gozatuko dute, ausartarena egitea tokatuko zaielako.
Ze nazka eta nolako tristura. Amagoia Mujika Telleria