Iñaki Altuna

Aurreikuspenak aldatzen direnean

Ez dira aste asko oso bestelako egoera bat genuela. Orduko aurreikuspenak argiak ziren. Alde batetik, ETAren desegitea espero zen, ezker abertzaleak hasitako bidean barrena eta abiarazi beharreko prozesu politikoaren mesedetan. Beste batetik, PPren Gobernuak bere horretan jarraituko zuela pentsatzen genuen, are gehiago EAJk aurrekontuak babestuko zituela gero eta argiago ikusten genuenean. Rajoyri egonkortasuna ematea helburutzat finkatu zuen EAJk, Ciudadanosen mamua uxatzearren. Ezin daiteke esan jelkideek oso helburu handiak zituztenik, ez horixe. Estatuaren zentralizazioa eskatzen duten ahotsak apaltzeko Urkulluk gero eta otzanago agertzeko borondatea erakusten zuen, horretarako Kataluniako prozesuari bizkarra emateraino.

Presoen auzian ere egoera zaila zen. Parisko Gobernua kartzela politika aldatzen hasia zen arren, PPko Gobernua gogor zegoen berean. Are gehiago, ETAren azken erabakiaren ostetik berriro ere bere eskaera maila igo zuen. ETAren desegitea gertatu bezain pronto kartzela politika aldatuko zuela esana zuen, baina egoera hori iritsita Gobernuak hitza jan zuen berriro ere. Gobernuaren jokabide horrek ez zuen, horratik, inor ezustean harrapatuko. Ezta ETA ere, Iñaki Sotok egindako azken elkarrizketa luzea irakurrita ondoriozta daitekeenez.

PPk ez zuen berehala mugitzeko asmorik, urteotako tesi nagusiari eutsiz: gatazkaren ondorioen konponbidea kateatuta edozein prozesu politiko oztopatuko luke. Denborak aurrera egin ahala, aldaketarik etor zitekeen, sortutako egoera berriak indar harremanetan eragina izan baitzezakeen. Izan ere, presoen afera ezker abertzalearen afera baino ez zela zioen tesia ere ez zen hain sinesgarria. Ipar Euskal Herrian Paris mugitzeko sortutako adostasun zabalak, adibidez, oso irakurketa ezberdina eskaintzen zuen.

Nolanahi ere, epe laburrean ez zen eremu horretan mugimendurik espero. EAJk eta Urkulluk Rajoyri emandako babesak ez zuen horrelako ordainik izango. Aurreko urteetan bezala, Rajoyrentzat jelkideak pisu gutxikoak ziren termino politikoetan, ez baitzuten bere norabide estrategikoa baldintzatzeko gaitasunik. 2011tik hona, EAEko lehendakariak Espainiako presidentearekin euskal auziari buruz adostasuna lortzeko mintzaidetzat aurkeztu du bere burua, baina Rajoyk ez dio erantzunik ere eman. Estatuen aurrekontuen gainean lortutako azken akordioak ere gatazka politikoaren muinetik urrun kokatu dira. Dirua baino ez zen izan eztabaidagai Madrilentzat. Ez eskumenen transferentziarik, ez estatus politikoari buruzko elkarrizketarik, ez gatazkaren ondorioei buruzko urratsik… Nonbait, modu ulergarrian esateko, abiadura handiko trenarentzat dirua izan da lehentasuna jelkideentzat, proiektu horri buruzko zalantzak gero eta nabarmenagoak izan arren. Kezka azaltzen azkenekoa Europako Kontu Auzitegia izan da. Lakuako arduradunek hainbeste oharpeni entzungor egiteak zer pentsatu ematen du.

Zentsura-mozioa etorri zen, ordea, eta aitaren batean egoera aldatu da. Rajoy historia da eta Sanchez da Espainiako presidente berria. Hauteskunde giroaren eraginpean, agintaldia ahal bezain beste luzatu eta Gobernua erabili nahiko du bere burua indartzeko. Eta horretarako mugimenduak egiteko beharra du, harreman berriak sortzeko eta egoera batzuk argitzeko. Horrela, euskal presoen gaia ere agendan duela adierazi du. Modu adierazgarrian, aitortu beharra dago.

Maila batean, itxaropena ekarri du iragarpenak, are gehiago PPrekin zeuden aurreikuspenekin alderaketa egiten bada. Mugimendua egotea positiboa da, baina mugimendu horren norabidea eta sakontasuna dira benetan garrantzitsuak. •