GAUR8 - mila leiho zabalik

Gudak


Lau urtez behin Munduko Futbol Txapelketa bezalako gertakari erraldoiak parada ezin hobea eskaintzen digu gure inguruan gertatzen ari denari begira jarri eta zein mundutan bizi garen ikusi eta datorkigunari errepaso kritikoa egiteko. Ikusteko, nola ia mugarik gabeko mundu globalean gauzatzen diren errealitateak, hain anitzak izanik, guztiak kapitalaren, diruaren eta merkatuaren zerbitzura egikaritzen diren eta nola gu guztiok, ustez futbolari begira gauden bitartean, sakonean, kiroletik harago, merkatuaren inperioa gailentzen den.

Kapitalari bost axola Munduko Kopa nora joango den, horren bidez bilatzen duena irabazien metaketa baita. Merkatuaren guda.

Esan izan ohi da futbola gerra egiteko modu berria dela. Nazio-estatuak gogoz prestatzen dira joko horretarako. Dirutzak jartzen dituzte beren ekipoen mesedetan, guda horretan asko baitute jokoan. Besteak beste, nazio-estatu izatearen aldarria. Ikusi dugu nola ateratzen dituzten beren naziotasunaren elementu identitarioak, koloreak, banderak eta batasun ikurrak. Futbol ekipoak identitate ikur bilakatzen dituzte egun gutxi batzuetarako. Futbolaren aitzakian, zeharka bederen, identitate nazionalista herritarrengan txertatzea dute helburu. Kapitalak ez du nazio eta estaturik baina nazio-estatuei aukera eskaintzen die beren identitate subjektiboa trinkotzeko. Joko-gerra horretan jokalariek bizia joko-zelaian utzi dutela esango digute.

Hau, guzti hau, aberatsen iruditegian ematen den bitartean, bada beste guda bat, une eta toki berean jokatzen dena, errefuxiatuak dituena protagonista eta hil ala bizikoa dena. Errefuxiatuek, bizia, bere zentzurik krudelenean, itsas eremuetan uzten dute.

Mundu beraren ertzak. •