GAUR8 - mila leiho zabalik

Itzulera


Pasa den larunbatean Orion egon nintzen iheslari eta deportatu politikoen etxeratzea irudikatu zuen Kalera Kalerak antolatutako ekimenean. Ekimen xumea eta beharrezkoa ene iritziz, baina ez oso jendetsua, zoritxarrez, gai hau tratatzen den bakoitzean gertatzen den moduan.

Hala ere, han egon ginenok momentu hunkigarriak bizi izan genituen ikusi genuen eszenografia zela eta. Han egon ez zinetenontzat, guk zubi baten gainetik barku txikiak portura iristen ikusten genituen poliki-poliki. Kaxianoren abestiari buelta eman genion; “itsasontzi baten Euskal Herritik kanpora naramate eta ez dakit nora”. Oraingo honetan, gure senide eta lagunek behartuta egin zuten bide hori alderantziz bizi izan genuen; etxera zetozen itsasontzietan.

Oraindik ere 80 iheslari politiko inguru daude mundu guztian zehar barreiatuta, horietatik 14, deportatu politiko. Horien artean nire aita, uztailaren 20an 30 urte egingo dituena Kuban. Denek edo gehienek bederen, aitak adina urte daramatzate Euskal Herritik kanpo, tortura, errepresioa eta kartzela ekiditearren. Eta horrek beste datu bat jartzen du mahai gainean, askok 60 urte baino gehiago beteak dituztela dagoeneko. Bada garaia gai honi ere behar bezala eusteko eta merezi duen garrantzia emateko. Horretarako, lehenik eta behin, guztion babesa eta lana beharrezkoak dira, presoen auzian bezalaxe, guztion indarrarekin ekarriko baititugu iheslari eta deportatuak bizirik etxera. •