JUL. 14 2018 Pasahitzak ahaztuta behin eta berriro? Izaskun Etxeberria Uztarroz Donostiako UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea Gaur egun ohikoa da gutako edozeinentzat erabiltzaile-kontu ezberdin asko izatea, eta beste hainbeste pasahitz. Batzuetan, ez dakigu ezta zenbat ditugun ere. Baina, nola pilatu ditugu horrenbeste kontu elektroniko? Oinarrizko zerbitzuen bezero gisa (telefonoa, argindarra, eta abar) ohikoa bilakatu da gure datuak eta kontratuak web bitartez kudeatzea bezero-kontu baten bitartez. Aurrezki kutxek ere aukera ematen digute hainbat eragiketa modu telematikoan egiteko bulegora joan gabe eta, erosotasunagatik, gehienok horrelako kontu elektroniko bat dugu. Posta elektronikorako kontua beste adibide bat da eta ia derrigorrezkoa bilakatu da zenbait harremanetan komunikazioak jasotzeko. Askotan, gainera, bat nahikoa ez eta bi kontu izaten ditugu postarako: bat lan kontuetarako eta bestea “gure” gauzetarako. Sare sozialetan parte hartzeko ere, kontua eta pasahitza behar dira, eta horrelako sareak ugariak dira (Twitter, Facebook, Linkedin...). Era askotako erakundeak zein elkarteak daude Interneten (gobernuz kanpokoak, ikastaroak eskaintzen dituztenak, eta abar), eta, maiz, horien partaide izateko “erregistratu” besterik ez dugu egin behar erabiltzaile-kontu baten eta pasahitz baten bitartez. Web bitartez eskaintzen diren zerbitzuak eta aplikazioak gero eta ugariagoak dira, eta horiek erabiltzeko ere, gehienetan, erregistratu egin behar da. Horien artean dira: datuak biltegiratzeko zerbitzuak (Dropbox, Google Drive...), Internet telefono-sare gisa erabiltzeko aplikazioak (Skype...), jokoetan online aritzekoak, bigarren eskuko salerosketak egiteko plataformak (eBay, Wallapop...), online dendak, eta abar. Ikusten denez, oso erraza da, konturatzerako, erabiltzaile-kontuak zein pasahitzak pilatzea. Horrenbeste ez zirenean, denok antzeko trikimailua erabiltzen genuen: bi edo hiru erabiltzaile-kontu eta pasahitz guztientzat. Gaur egun, ordea, ezinezkoa da horrelakorik egitea: kontu gehiegi dira eta segurtasun minimo bat bermatu beharra dago. Gainera, zenbait kasutan, pasahitzak ezaugarri jakin batzuk bete behar ditu onartua izateko: luzera minimoa; letrak, digituak zein puntuazio-ikurrak erabili beharra, eta abar. Ondorioa garbia da, beraz: nonbait gorde behar ditugu bai kontu-izenak baita horien pasahitzak ere. Non eta nola gorde? Segurtasun minimoa eskaintzen duen modu sinpleren bat ba al dago hori egiteko? Lagun batek aukera egoki bat azaldu zidan orain dela gutxi (200 kontutik gora ditu lagunak!). KeePass izeneko aplikazio irekiak pasahitzak modu seguruan kudeatzeko aukera eskaintzen du. Haren bitartez datu-base batean gorde daitezke pasahitz guztiak, eta datu-base hori pasahitz nagusi baten bitartez babestu. Era horretan, pasahitz bakar bat gogoratu behar da: datua-basea irekitzeko baimena ematen duena. Aplikazioaren orri nagusian diotenez (Keepass.info), datu-basea egun dauden algoritmo onenekin enkriptatzen da segurtasuna bermatzearren. Eta non gorde datu-base hori? Moduren bat dago, adibidez, telefonotik kontsultatu ahal izateko? Erantzuna baiezkoa da. KeePass aplikazioak bertsio bat du Android sistemarako, KeePassDroid izenekoa. Aplikazio horrekin aukera daukagu datu-basea telefonotik irekitzeko. Beraz, datu-basea hodeian gordez gero (Dropbox, Drive...) eta telefonoan hodeia atzitzeko aplikazioa instalatzen badugu, aukera izango dugu gure datu-basea kudeatzeko, bai gure ordenagailutik bai gure telefonotik. Gainera, kontuez eta pasahitzez gain, beste zenbait informazio gorde dezakegu datu-basean: gure telefonoaren PIN eta PUK zenbakiak, txartelen zenbakiak zein segurtasun-kodeak, bizikleta lotzeko giltzarrapoaren konbinazioa... Ideia gustuko baduzu baina aplikazio hori ez, lasai. Pasahitzak kudeatzeko aplikazio gehiago aurkitzea ez da zaila Interneten bilatuta. Artikulu batean diotenez, hauek dira bost kudeatzaile onenak (ordena ez da adierazgarria): KeePass, LastPass, Dashlane, 1Password eta RoboForm 8. Zer, proba egingo al duzu kontuak eta pasahitzak modu seguruan gordetzen? •