SEP. 29 2018 Armen negozioan ere aldaketak eragin daitezke Isidro Esnaola Ekonomiaren ikuspuntutik armak merkantzia gisa oso bereziak dira. Batzuek inbertsio moduan ikusten dute, baina armek ez dute beste ezer ekoizten. Segurtasuna sortzen omen dute; erabilerak gerra, heriotza eta txikizioak eragiten ditu. Kasu batzuetan lurralde baten konkista ekar dezake gerrak, edo norberaren lurraldearen galera. Finean, ezer produktiborik ez. Gainera, erabiliz gero, azkar higatzen eta hondatzen dira. Beraz, inbertsioa baino kontsumitzeko gaia dirudite armek. Horregatik, armen ekoizpena negozio mamitsua da: erraz kontsumitu eta azkar hondatzen diren merkantziek etekin handiak ematen dituzte. Zentzu horretan, inork gutxi utzi nahi du negozio biribil hori. Are gutxiago, erosteko ahalmen handia duten bezeroak haserrearazi. Horien artean, jakina, Saudi Arabia nabarmentzen da. Stockholm International Peace Research Institute-k (SIPRI) publikatu dituen datuen arabera, munduko bigarren arma inportatzaile handiena da. Bere zatia %10a da. Aurretik India bakarrik kokatzen da, munduko erosketen %12rekin. Eta hurrengoa Egipto da, %4,5arekin. Saltzaileen aldetik, zerrenda interesgarria agertzen da. Amerikako Estatu Batuak dira saltzaile handiena, munduko salmenten %34 kontrolatzen dituzte. Ondoren, Errusia. Bere zatia ere ez da txikia, %22koa. Hurrengoak Estatu frantsesa (%6,7), Alemania (%5,8), Txina (%5,7), Britainia Handia (%4,8) eta zazpigarrena Estatu espainola, Israelekin parekatuta (%2,9). Argazkia ezin adierazgarriagoa da: Estatu garatuenak arma saltzaile nagusiak dira; garapen bidean dauden estatuak, aldiz, erosle nagusiak. Kultura, demokrazia eta balioak aldarrikatzen dituzte estatu horiek, baina gerrarako tresneria zabaltzen dute mundu osoan. Gainera, negozio horretan ez dute atzerapausorik eman nahi. Joan den astean, AEBek Txinaren kontra zigorrak ezarri zituzten, honek Errusiari ehiza-hegazkinak, Su-35 eta S-400 abioien aurkako misilak, erosteagatik. Ematen du AEBek nazioarteko zigorrak, besteak beste, merkatua mantentzeko tresna gisa erabiltzen dituztela. Errusiarrek esaten duten moduan, «vodka ekarri, edateko aitzakia topatuko dugu». Behin armak edukita erabiltzeko aitzakia erraz topatzen da. Eta egindako erosketa kopurua kontuan harturik, Saudi Arabiak laster topatu zuen Yemenen zioa pilatutako armategia gastatzeko. Baina bertan egindako sarraskiak, nahiz eta oihartzun handirik ez izan, iritzi publikoraino iritsi dira. Horrek arma negozioaren gainean presioa sortu du. Presioa bai, baina momentuz ez du eragin handirik izan. Estatu espainoleko Defentsa ministroak 400 bonbaren salmenta bertan behera uztea pentsatu zuen. Kalteak oso handiak izango ziren beldur, ostera, atzera egin zuen. Alemaniak ere hori bera egin du. Joan den astean Merkelen Gobernuak Saudi Arabiarentzako salmenta handi bat onartu zuen, Yemengo gerran aritzen diren estatuei ez zizkiela arma gehiago esportatuko esan eta gero.&hTab; Bada munduan estatu bat Saudi Arabiari armak saltzeari utzi diona: Kanada. Sipri-ren datuen arabera, 2015ean 111 milioi Tiv (arma ezberdinak erkatzeko unitate berezia) saldu zuen, eta 2017an, 2 besterik ez. Presio sozialak eta borondate politikoak eragin dute aldaketa. Beharbada horregatik, aurtengo udan, funts gutxiko aitzakia erabiliz –txio bat–, Kanadarekin zituen harremanak apurtu ditu. Saudi Arabiak ez ditu bazkideak nahi, mendekoak baizik, Estatu espainolaren eta Alemaniaren modukoak. Kanadak beste bide bat aukeratu du. • Errusiarrek esaten duten moduan, «vodka ekarri, edateko aitzakia topatuko dugu». Behin armak edukita erabiltzeko aitzakia erraz topatzen da. Saudi Arabiak laster topatu zuen Yemenen