GAUR8 - mila leiho zabalik

Ez dadila haria eten


Epikotasunari saltzen gatzaizkio halakoetan, eta hiztegiko sarrera arruntak letra lodiz irudikatzen ditu epikazalearen lumak. Lerrootatik, beraz, aitor dezadan epika horri tanta bat edo beste kentzera noala jarraian: negar egin dudala, alegia, Berri Txarrak taldeak bere ibilbidea etengo duela jakitean.

Nerabea zirudien fan sentimenduak. Nerabea, discmanean play-pause jokoan aritzeak, talde kuttunaren hitzak letra kuttunen koadernoan txukun apuntatzeko. Nerabea zen unibertsitate garaia eta, nerabea, gela berean egonagatik, norbere jainko ateoari miresmena azaltzeko lotsa. Tira, sekula ez dugu plazandre bokaziorik izan; batzuk, beti nerabe.

Eta, paradoxikoki, zahartzen. Beti besteren ahotan entzundakoak guk geuk kontatuko dizkiegulako ondorengoei, Ez Dok Amairuren saio erdiklandestinoak edo Negu Gorriaken azken kontzertua nola. Kontatuko diegu nola aldatu garen, den mundua. Nola, 2003an, «ondokoak baino mugikor txikiago bat» izatea zen, ezarritako arrakastara bidea. Nola jarri diogun aurpegi gaurkotua, “Aspaldian utzitako zelda”-ren hitzen egileari. Nola pentsarazi dezaketen lau akordek, testu liburu zenbaitek baino luzeago. Nola, Ibarrako Gaztetxean, lehen lerroan, belaun-azpiak ubelduz gurtu gen(it)uena(k), txalotu genituen, 2018ko martxoan, makrokontzertu batean. Nola izan zaitezkeen makro, euskaraz. Eta, nola, den-dena ere ez den aldatzen eta, eskola-ordu hiletan bezala jarraitzen dudan, abesti zati miresgarriak etxeko horman berridazten.

Dei nazakete nostalgiko, eta dei diezadatela; ederra da iragandako pozak min ematea. Noizbait, datozen hilabeteak ere bilaka daitezela nostalgia. Eta ez dadila sekula haria eten; epikoa izan da. Ikusi arte. •