GAUR8 - mila leiho zabalik
INDIAN ISOLATURIK

«Jainkoaren berri ematera» joandako misiolaria ere berehala garbitzen dute Ipar Sentinel uhartekoek

Sentineldarrek ez dute inor haien uhartean onartzen. Komunitateak oso garbi utzi du erabat isolaturik bizi nahi duela, isolamendu hori beharrezkoa duela bizirauteko. Geziek uhartetarrak «ebanjelizatzeko» asmoarekin hurbildutako estatubatuarra hondartzan hilik utzi zuten iragan azaroan. Ez da tankerako lehendabiziko gertaera.


Ipar Sentinel uhartea Indiako Ozeanoan dago eta administratiboki Indiako parte da, nahiz eta New Delhiko agintariek ez duten bertan inolako eraginik. Ez turistarik, ez militarrik, ez zinemagilerik, ez misiolaririk… ez dute inor onartzen sentineldarrek. Eta norbait bertaratuz gero, garbitu egiten dute beren lantza eta geziak erabilita. 60.000 urte omen dituen herriaren historiak bakar-bakarrik bizitzea komeni zaiela konbentzitu ditu.

Adituek esplikatu dutenez, Afrikatik irtendako gizakiek berenganatu zuten uhartea orain milaka urte. Beltzak eta txikiak direla diote zientzialariek eta horrela baieztatu dute egin zaizkien argazki apurrek. Sua ezagutzen eta menderatzen ez dutelakoan daude ikerlariak. 2004an izandako lurrikara izugarrira arte, uhartearen zabalera 72 kilometro koadrokoa zen, eta punturik garaiena ez zen ehun metroko altuerara iristen. Orain zabalera handiagoa du, hego-ekialdean ia kilometro bat hazi baita irla. Orain hamalau urteko lurrikara iritsi arte esaten zen asko jota laurehunen bat lagun izango zirela sentineldarrak; bada, gaur egun kopuru hori berrehun lagunera jaitsi dute. Kontuan hartu behar da bertakoek ez dutela inoiz onartu kanpotar bat uhartean kokatu eta biztanleak zenbatzen hastea eta, ondorioz, ez dagoela fidatzeko moduko erregistrorik.

“The Daily Mail” egunkariak esplikatu duenez, Indiako Gobernuak egin izan ditu uharteko biztanleekin harremanetan jartzeko ahaleginak, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, baina beti alfer-alferrik. Azkenean sentineldarrak bakean uztea erabaki zuten agintariek. Erabateko burujabetza lortu dutela esan daiteke, nahiz eta horrelako kontzeptuak gizaki horientzat ulertezinak diren antza.

Sentineldarrak «ebanjelizatzea» ideia ona iruditu zitzaion pasa den azaroan John Chau 27 urteko estatubatuarrari. Arrantzale batzuen laguntzarekin hurbildu zen irla ingurura, eta ondoren piragua txiki bat erabili zuen bertako hondartza arriskutsuraino joateko. Lehorrera iritsi baino lehen sentineldarren geziek misiolariaren gorputza zulatuta zuten. Ehunka metrotara –geziak iristen ez ziren leku seguruan– zeuden arrantzaleek kontatu dutenez, soka bat lotu zioten lepoan estatubatuarrari eta arrastaka eraman zuten. Lekuko horiek beldurtu eta etorritako bidetik alde egin zuten berehala. Hurrengo egunean itzuli zirenean, gaztearen gorpua aurkitu zuten hondartzan. Indiako Poliziak zazpi arrantzale atxilotu ditu eta giza hilketa leporatu die.

Ipar Sentinelen tankerako gertaerak izan dira lehenago ere. Komunitateak oso garbi adierazi du erabat isolaturik bizi nahi duela. Ez du harremanik ezta inguruko uharteetako jendearekin ere. Isolamendu hori bera beharrezkoa da bertakoentzat, munduan zabalduta dauden gaixotasun askorekin ez baitute kontakturik izan, eta, izanez gero, defentsarik gabe egongo liratekeelako. Edozein kontaktu tragikoa izan daiteke sentineldarrentzat. Gripea edo elgorria uhartera eramatea, esaterako, nahikoa litzateke herri osoa desagerrarazteko. Horregatik Indiako Gobernuak «segurtasun gerriko» bat ezarri du uhartearen inguruan. Ondoko uharteetan, aldiz, turismoak gora egiten du eta hotelak eta bestelako instalazioak nonahi eraikitzen dituzte.

Jatorrizko herrien eskubideen defentsan aritzen den Survival International gobernuz kanpoko erakundeak argi adierazi du: «Ipar Sentineleko tragediak ez luke inoiz gertatu behar». Kanpotarren gaixotasunen aurrean defentsarik ez dutela nabarmentzen du Survivalek: «Inguruetako uharteetako tribuak desagerrarazi egin zituzten britainiarrek leku horiek kolonizatzean eta Ipar Sentinelekoek ez dute gripea edo elgorria bezalako gaixotasunei aurre egin ahal izateko immunitaterik. Gaitz horiek hildako asko eragingo lituzkete».

Legearen arabera, debekatuta dago uhartera joatea. Baina badaude legea bortxatzen dutenak, legez kontrako arrantza egiteko kasu gehienetan. Arrantzale horiek omen dira, adituen arabera, sentineldarrek egun duten mehatxurik larriena. Arrantzale horietako bi hil egin zituzten 2006an. Bertsio batzuen arabera, indiar arrantzaleek lo hartu zuten eta itsasontzia, jitoan zebilela, uharte debekatura hurbildu zen. Bertakoek ez zieten galderarik egin. 2004an ere, Indiako Ozeanoko makina bat leku suntsitu zituen tsunamiaren ondoren, New Delhiko agintariek hegazkin bat bidali zuten, ea sentineldarrak bizirik ote ziren jakin nahian. Hegazkinetik egindako argazki batean gizonezko bat ageri da, abioiari geziak jaurtitzen. Hark ere nahiago zuen bakar-bakarrik segitu.

Gizarte ehiztari-biltzailea osatu dute Ipar Sentinelekoek. Beren beharrak beren ahalmen soilaz betetzen dituzte, ekonomia autarkikoa dute. Horregatik, ez dute sentitzen atzerritarren beharrik. Eta merkataritza beren buruetatik urruti dago. Survival International erakundearen iritziz, munduko herririk isolatuena da uhartekoa.

Historian zehar izan dira uhartea menderatu nahi izan dutenak. Maurice Vidal Portman kanadarrak Britainiar Inperioarentzat egiten zuen lan 1880an. Andaman artxipelagoko beste uharte batzuetako tribuak «baketu» ondoren, zenbait militar hartu eta Ipar Sentinelera joan zen. Bertako pertsonaren bat bahitu nahi zuen, ingelesez irakatsi eta uhartean gertatzen zenaren berri eman ziezaion. Portmanen ontzia handi samarra zen, nonbait, eta indigenek, eraso egin beharrean, oihanean ezkutatzea erabaki zuten. Kanadarrak bere asmoari eutsi eta azkenean sei lagun harrapatzea lortu zuen: edadeko bi lagun eta lau ume. Zaharrak berehala hil ziren eta umeak, hipotesi baten arabera, uharteko hondartzan utzi zituzten berriz. Geroztik zer gertatu zen inork ez daki. Portmanek umeak “arma biologiko” moduan erabili nahi bazituen, ez zuen arrakastarik izan. Ipar Sentinelera joatea hain arriskutsua izanda, ulertzekoa da adituek oraindik ez jakitea zein hizkuntzatan egiten duten paleolitikoan geratutako gizakiok. “National Geographic” aldizkariak lantalde bat bidali zuen uhartera 1974an, bertakoak filmatu nahian. Bisitariak opariz beteta hurbildu ziren, baina irlakoek ez zituzten ondo hartu eta ihes egin behar izan zuten: zuzendaria zaurituta eraman zuten, gezi bat belaunean sartuta zuela. Handik urte batzuetara, 1981ean, “Primrose” izeneko karga-ontzia uhartearen ondoan hondoratu zen. Sentineldarrek ontzia inguratu eta eraso egin zieten bisitariei. Barrukoek astebete egin zuten kanpokoen erasoak saihesten eta azkenean helikoptero batek salbatu zituen. Google Earth aplikazioan ikusi daiteke nola dagoen gaur egun “Primrose” ontzia: gauza asko falta zaizkio, seguru asko uhartekoek gezi eta lantza berriak egiteko pieza batzuk erabili dituztelako.

Survival erakundeko adituen arabera, Ipar Sentineleko biztanleek ez dute inolako harremanik eduki nahi kanpoko jendearekin «bide horretan zer aurkituko duten badakitelako. Guk uste duguna baino askoz ere gehiago dakite munduan gertatzen ari denaz. Oihana beste inork baino hobeto ezagutzen dute eta berehala atzematen dituzte kanpotarrak». Gainera, “Primrose” karga-ontziarekin gertatutakoak erakusten duenez, «ezin da esan herri horiek historiaurrean geratu direnik, eboluziorik izan ez dutenik, aldatzen ari zaien mundura egokitzeko gaitasuna erakutsi baitute».

Amazoniako herriak, bizkorrago desagertzeko bidean

Urtea hastearekin bat, urtarrilaren 1ean bertan, Jair Bolsonaro eskuin muturreko politikariak presidente kargua hartu du Brasilian. Herritar askok dituzte kezkatuta egoteko arrazoiak, baina badirudi jatorrizko herriak izango direla egoera negargarrienean geratuko direnak. Adierazi berri du Bolsonarok herrialdean orain arte abian jarritako «politika indigenistak» atzerritarren interesen aldekoak direla, baita berak beste bide bat proposatzen duela ere: «Indioa gizartean integratu, gu bezalakoa izan dadin».

Bolsonaroren arabera, «Brasilek behar diren gauza guztiak ditu herrialde handi bat izan dadin, baina, politika doilor eta diruzaleen eraginez, Brasilek ekonomian irrist egiten jarraitzen du, ingurumena eta kontu indigenista bultzatu baitituzte. Hori aldatu egin behar dugu». Bere diskurtsoa zertxobait zuritu nahian, eskuin muturreko politikariak erantsi du bera «ingurumenaren babesle» dela, baina ez «modu xiitan». Argitu behar da Bolsonarok ekologistak eta indigenistak salatzeko erabiltzen duela “xiita” hitza, ez, noski, xiitek jatorrizko herrien inguruan mezu bereziren bat dutelako. Presidente berriak ez du onartuko Ibama Ingurumenaren Brasilgo Institutua «eskuin-ezker isunak jartzen ibiltzea». Argi eta garbi agindu du: «Festa hori bukatu egingo da».

Brasilgo presidentearen mehatxuak ez dira jatorrizko herriek Amazonian duten arazo larri bakarra. Arro berean dago Peruren zati handi bat ere, herrialdearen %50etik gora. Peruko Amazonian ere badira gainerako gizakiekin harremanik izan nahi ez duten herriak, baina ez dira Ipar Sentinelekoak bezala uharte batean bizi eta beren burua babestea askoz zailago egiten zaie. Narkotrafikatzaileak, meatzariak eta baso-ustiapenen arduradunak beren lurretan sartzen dira, bertakoak arrisku bizian ipiniz. Arma askorekin heltzen dira kanpotarrak, eta indigenei ihes egitea tokatzen zaie. Isolatuta bizi diren hamasei herri daude Peruko Amazonian, hau da, oso jende gutxi bizi den eremu zabalean. Adituek diote 4.500 pertsona bizi direla isolatuta, eta beste 2.500 lagun daude kanpotarrekin oso harreman gutxi izan dutenak, Kultura Ministerioaren arabera.

Baina lehenbailehen aberastu nahi dutenek herritar horiek ez dituzte bakean uzten. Frantzisko aita santuak orain urtebete bisitatu zuen Amazonia, baina bere eskariari, indigenak bakean uzteko alegia, ez diote kasurik egin. Gainera, orain ia urtebete Peruko Kongresuak Amazonian errepideak eraikitzea ahalbidetzen duen legea onartu zuen. Peruko Amazoniak urtean 123.388 hektarea galtzen ditu, datu ofizialen arabera, eta pentsatzekoa da erritmo hori bizkortu egingo dutela errepide berriek.

 

Isolatuta bizi diren herri indigenak munduan zehar

Munduan zehar isolatuta jarraitzen duten 100 bat tribu zenbatu ditu Survival International gobernuz kanpoko erakundeak. Hala ere, adituek diote zenbakiok kontu handiarekin hartu behar direla, isolamendu berak frogak aurkitzea eragozten duelako.

Brasilen, Amazonian hain zuzen, bizi dira isolatuta tribu gehien. Indioaren Nazio Elkargoak 107 topaketen berri eman du eta 30 herri indigena urrutitik kontrolpean ditu. Duela urte batzuk horrelako 10-15 bat tribu baino ez zirela bizi uste zen, baina azken aurkikuntzek datuak gaurkotu dituzte. Perun 15-20 herri indigena isolatu atzeman dituzte, eta Paraguai, Kolonbia, Ekuador eta Bolivian ere badira isolatutako tribu txikiak.

Papua Ginea Berrian badakite isolatuta bizi diren herri indigenak egon badaudela, baina oraingoz ez dakite zenbat diren eta non bizi diren. Izan ere, Indonesiak eskualdea indarrez hartu zuenetik ez dago lurralde haietan sartzerik.

Ipar Sentinelekoa da egun isolatuen bizi den herri indigena, batez ere irla batean bizi delako. Eta John Allen Chau misiolariaren hilketak agerian utzi duen moduan, ez dute inolako asmorik kanpoko mundua ezagutzeko. Besteak beste, edozer tresna ukitzeak soilik kutsatu eta heriotza ekar liezaielako (gripea, malaria, hepatitisa....).