FEB. 23 2019 GASTEIZEN KLIKA Korrikaren atzeko lana egiten dutenen buruhauste eta harrotasun ikaragarriak Ia urtebete dela hasi ziren Korrikak iraungo dituen 11 egunen prestaketa lanetan. Aurten Gasteizen amaituko denez, Arabako AEK-kideek ardura berezia dute. Bertako arduradunekin eta Korrikako prentsa arduradunarekin hitz egin dugu, antolaketaz, mezuaz, asmoez, eta horrek guztiak eurentzat zer esan nahi duen kontatu digute. Xabier Izaga Gonzalez Ia berrogei urte joan dira AEK-k lehen aldiz Euskal Herria lasterka zeharkatzeko gonbita egin zuenetik. Denbora hori igarota, euskara kalera, mundura jalgitzeko saio horren arrakasta begien bistakoa da. Hala izan zen azkena, eta hala izango da, zalantzarik gabe, hurrengoa, datorren apirilaren 4an Garestik abiatu eta 14an Gasteiza iritsiko den 21. Korrika. Bi aldiz amaitu da Arabako hiriburuan, 1995ean, eta, Mikel Laboa omendu zuen bederatzigarren edizio gogoangarri haren ostean, 2009an. Nori ez zaio oilo ipurdia egin Iruñea, Bilbo zein Baionako kaleetara bildutako jendetzak Euskal Herriko hizkuntzaren aldeko aldarri ozen eta sentitua egitean? Berdin Gasteizen ere, garai batean euskal hiriburuetan erdaldunena izateagatik famatua. Euskararen ezagutza eta haren aldeko jarrera ondo islatu izan da Korrika Gasteiztik igarotzean, beste herrialdeetatik ere jende andana bildu izan dela kontuan izanda, jakina. Aurten Euskal Herri osoan zehar 2.560 kilometro egin eta, euskara batuaren 50. urteurrenean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omenduko du “Klika” lelo duen edizioak. Hilaren 9an estreinatu zuten Kote Camachoren “Txillardegiren klika” dokumentala, Korrikarako berariaz egindakoa, euskararen aldeko konpromisoari klika egiteko eredu ezin hobearen omenez. Joan den astean Korrika Kulturala aurkeztu zuten. Hilabete eta erdian ehunka ekitaldi izango dira, tartean sei estreinaldi. Hori guztia antolatzea, eta 11 egunez jende gehien biltzen duen agerpena koordinatzea esfortzu erraldoia da. Hartara, Korrikaren oinarria elkarlana da, hala AEKren baitan nola koordinakundearen eta beste eragile askoren artean. Parte hartzen duen oro da Korrikako protagonista, baina haietako batzuek dagoeneko ordu asko eman dituzte lasterketaren eta haren aurreko ekitaldien prestaketan. Jaiaren eta koloreen atzekoa Nabarmena da Korrikak edozein hiri zein herritan pizten duen atxikimendua. Ikusgarria lasterketa koloretsuak errepideetan zehar eta herrietan biltzen duen jendetza. Nola bizi dute AEK-kideek, ordea, lasterketa erraldoiaren aurreko lan eskerga? Pentsatzekoa da halako bertigoa ere nabarituko dutela horrelako ekitaldi erraldoi bat antolatzeko ardura dutenek. Haietako zenbaitekin hitz egin du GAUR8k, jaia, kolorea eta giro polita baino ematen ez duen horren atzean zer dagoen jakin nahian. Zain ditugu Arabako arduradunak. Gasteizko Arana Euskaltegian daude Asier Diaz Arnaiz Korrikako Arabako koordinatzailea, Txus Argote edizio honetara arte Asierren ardura izan duena eta Amagoia Gordobil Gasteizko arduraduna. Ilune Basterra azken eguneko arduradunak ez du etortzerik izan. Bai, azken eguneko arduraduna: «Jakina, azken egunekoa ez da txantxetakoa. Atzo Udalarekin bilera izan zuen, gaur beste hainbatekin, eta buruhausteak soberan». Izan ere, arazoak ez dira falta izaten. Iazko udaberrian hasi ziren Korrikaren amaiera prestatzen. Eta lehenengo bilera haren ostean ezin konta ahala gehiago egin dituzte, euren artean eta eragileekin, AEKtik kanpoko jende eta elkarte askok ere parte hartzen baitute prestaketa lan horietan. Norengana jo zezaketen aztertu zuten, nolako indarra izango zuten... Horregatik, lehenengo kontua izan zen zenbat eta zer jende zegoen jakitea, ardura hori har zezaketen ala ez aztertzea. «Jakina, AEK-k bakarrik ezin du dena egin. Esate baterako, Korrika Kulturalerako Elkar dendan ekimen bat egingo da, hainbat tabernatan kontzertuak antolatuko dituzte...», dio Amagoiak. Asierrek nabarmendu nahi du, halaber, eskualdeetan eta herrietan sortzen diren batzordeak, eta auzoetan sortzen direnak. Plangintza kultural bat egiten dutela dio, eta laguntza behar badute, AEK-ko arduradun hauengana jotzen dutela, baina askotan modu autogestionatuan lan egiten dutela; beste batzuetan, menu kulturaletik ekimenen bat kontratatu nahi badute, eurengana jotzen dutela, edo esperientzia handikoek zuzenean artistarengana jotzen dutela. «Egia da gu koordinazio lanetan gabiltzala, baina lortzen duguna herritarrei esker lortzen dugu». Garrantzitsuena, sarea «Hauek hemen hiru lagun dira, eta Euskal Herriko beste zenbait bulegotan beste batzuk daude, baina sarea da benetan garrantzitsua», dio Txusek. Bere herrian, Bilarren, joan den astean bilera bat egin zuten herrikoek Errioxako jaia hartzeko prest zeuden ikusteko, ea gaitasunik eta gogorik zuten. «Han ez zegoen AEK-ko inor. Eurak, herritarrak, bildu ziren. Emakume bat, 70 urteko erdalduna, euskaraz dakien gazte batengana doa eta horrela hasten da sarea osatzen. Sare handi horretan dago Korrikaren indarra». Beste alde batetik, Amagoiak dioenez, kilometro bat hartzen duten horien arteko askok berotu egiten dute giroa Korrika heldu baino lehen, ekitalditxoak eginez, edo ikastetxeetan girotzeko jaitxoak antolatuz, ikastetxea dekoratu egiten dute... «Oraintxe bertan deitu didate Herrandarrenekoek eta Samaniegokoek [ikastetxeak]. Kilometroa elkarrekin hartuko dute eta dekorazio bila etorri behar dute laster girotze ekintzak egiten hasteko». Aurten kilometroen bukaera ere girotuko dute, musikariak eramanez, beste batzuek hamaiketakoak antolatuz... «Guk abisatzen dutenek egiten dituztenen berri dugu, baina badaude beste asko abisatu gabe egiten dituztenak ekitaldiak», dio Amagoiak. Apustu eta aukera polita Argi dago, euren azalpen handirik gabe ere, zer lan eta buruhauste izan behar dituen Korrika antolatzeak. Eta Gasteizen amaitzeak arabarrentzat ardura handiagoa da, jakina. Horregatik dio Asierrek, txantxetan esan ere, Bilbon bukatzea nahiago dutela. Barre egin dute hirurek. Sekulako apustua dela dio Amagoiak, eta Gasteizen irudi polita erakusteko aukera. Iritzi berekoa da Asier: «Gasteizek erdaldun fama izan du, eta azken urteotan ikusten ari gara erabilerak gora egin duela, hala diote azken datu soziolinguistikoek behintzat, gora egin duen hiriburu bakarra izan dela, eta testuinguru horretan aurten polita izan liteke Euskal Herri osoari erakustea Gasteizen badagoela masa euskaldun bat. Jakina, egun horretan leku guztietako euskaldunak izango gara hemen, baina gasteiztarrok ere badugu zer esana eta zer egina». Amagoiaren ustez, «Euskal Herriko jende guztiarentzat eta kanpotik datorrenarentzat ere» zerbait antolatu eta «gurekin partekatzeko aukera» ere bada. «Gogoan dut duela hamar urte Gasteizen bukatu zenean haluzinatu genuela, zenbat jende etorri zen, zein pozik zegoen mundu guztia... Eguraldi izugarri ona egin zuen, hori ere egia da, baina kaleak beteta ikusteak ematen duen poza...». Bigarren urtea zuen orduan AEK-n. Txusek dioenez, Korrika oso gertaera maitatua da Euskal Herri osoan. Konparaketarik egin nahi ez badu ere, Gasteizen Korrikarekiko atxikimendu berezia sumatzen duela dio, eta «oso sustraituta» dagoen kontua dela. Pena bat du Amagoiak 2009ko Korrikatik, ez baitzuen ekitaldia ikusterik izan: «Azkenean ez duzu eguna gozatzeko aukerarik, hori da geratzen zaizun pena bakarra. Baina hori antolatzen dabilen edonori gertatzen zaio». Asier artean ez zegoen AEK-n. Parrandarik egin zuen galdetu diote bere lagunek eta ezetz dio, «bai zera!, egun osoa Foru plazan eman nuen, txosnako txanda egiten, ez Korrika noiz iritsi zen ez beste ezertaz ere konturatu gabe». Horra AEK-kide izan gabe ere laguntzeko aukeraren erakusgarria. AEK-k orduan egin zuen balorazioaren arabera, oro har ediziorik arrakastatsuenetakoa izan zen, beharbada jendetsuena, eta Andre Mari Zuriaren plazan izan zuen harrera beroa nabarmendu zuen Edurne Brouard Korrikaren sasoiko arduradunak. Kilometroa hartzen dutenen artean gehientsuak «erabat fidelak» omen dira, beste batzuk bat-batean animatzen dira, eta aurten, Gasteizen amaitzen denez, Euskal Herriko beste lekuetatik datozenak ere badaude. Askok partekatu egin beharko dute kilometroa, azken egunean zailagoa baita kilometro osoa egitea. Jendeari hori azaltzen diotenean, oro har jarrera oso ona dela diote, berehala ulertzen dutela . «Jendeak naturaltasunez partekatzen du kilometroa, eta gainera eskerrak ematen dizkizute», dio Amagoiak. Gogoan du, halaber, duela hamar urteko Korrikan kilometro bereziren bat izan zela; esate baterako, aniztasunarena. Hunkigarria iruditzen zaio duela ez horrenbeste urte hirira iritsi ziren gasteiztar horiek Korrikara hurbiltzea. Kilometro berezi gehiago iragarri ditu aurtengo. Badute zer kontatua, aurreko edizioetako eta honetako hamaika pasadizo eta gertakari gazi-gozo. Maialenena bezalako hainbat istorio. Gasteiztar horrek bere hirian amaitu zen lehenengo Korrikan parte hartu zuen, lau hilabete baino ez zituela, berak gogoan ez badu ere, jakina. Ordutik, edizio guztietan parte hartu izan du, baita, nola ez, 2009ko Gasteizko amaiera hartan ere, orduan 14 urte zituela. Aurtengoa berezia du, Gasteizen amaiera duelako ez ezik, berak AEK-ko irakasle gisa lan batzorde batean biziko duelako ere. Badaki ez duela aurreko edizioak bezala gozatuko, baina bai oso harro, euskararen aldeko agerpen hori posible izan dadin bere ekarpena egiten ari delako. Pozik da, halaber, Korrika barrutik ezagutzeko aukera duelako. Arana Euskaltegian amaitzear daude zenbait talderen eskolak. Gela batera sartu gara eta abegitsu hartu gaituzte Sandra, Diego, Yoli, Olaia, Zuriñe, Jose, Isabel eta haien irakasle Korak. B1 mailakoak dira. Aurtengo Korrikaren gaineko informazio dezente daukate, non hasiko eta, «jakina», non amaituko den. Eurentzat «festa bat» dela diote, «pozgarria», «oso aproposa», «baita ondo pasatzeko ere». Kilometro bat edo beste lasterka egiteko asmoa ere badutela diote. Ondo dakite zein den Korrikaren leloa eta baita haren esanahia ere. Eurek egunero erakusten dute euskararekiko konpromisoa, euskaltegian; hala ere, argi daukate konpromiso hori ez dela gela horretan geratu behar. «Hitz egiteko konpromisoa» ere badela dio batek, «kalera ateratzeko konpromisoa», beste batek. «Korrika egitetik harago» Jon Sanchez Altza Korrikako prentsa arduradunak aspaldion Bilbon du operazio-basea, eta bertatik batetik bestera mugitzen da, bilera batera, prentsaurreko batera, atzoko unitate didaktikoaren aurkezpenera... Besteak beste, Korrikaren jarraipena egingo duten hedabideen arteko lankidetza erraztea da bere lana. Azken edizioen errepasoa egin digu. “Euskahaldun!” lelopean, 19. Korrikak euskaldunak ahalduntzeko beharra aldarrikatu zuen, eta aldi berean jendea euskarara erakartzeko saioa izan zen. Orain dela bi urtekoak, “Bat zuk” lelopean, hizkuntza baten alde eta guztien alde egitera deitu zuen. Edizio hartako kilometro oso berezi bat dakar gogora Jonek: Santiago Zubiko kilometroa, hasiera baten kilometroa izan nahi zuelako, elkarlanarena, zubigintzarena. Herritarrak eta euskalgintzako eta euskal instituzioetako ordezkariek batera egin zuten kilometro hura. Eta badirudi zerbaiten hasiera izan zela. Oraindik orain, Euskaraldiak erakutsi du horixe dela bidea egiteko modua. Euskaraldiarekin lotzen du Jonek ere Korrikaren edizio honen zentzua eta, jakina, leloa. «Ikasgelatik kalera, ikastetik erabiltzera, korrika egitetik haragoko pausoa egiteko klika», alegia. Berehala, hilaren 9an Donostian AEK-k eta Korrikak “Jakin” aldizkariarekin eta EHUrekin batera Txillardegiri egin zioten omenaldia dakar hizpide, idazle eta hizkuntzalari handiaren «klika» eredu jartzeko: «Klika pertsonala, erdaratik euskarara, arrazan oinarritutako euskalduntasunetik hizkuntzan oinarritutakora...», literaturan eta beste arlo askotan ere. Baita intelektualaren irudi zurruna apurtuz ere, «militante gisa, herri mugimenduan parte hartzen zuen intelektual handia izan zen, pankartari eusten ziona». Eta Lorea Agirrek 19. Korrikarako egin zuen “Bagara nor” mezua aipatu du: «Kontua ekitea da, plazaren erdigunea hartu, ‘Lokaztu, busti, kutsatu’'». Jonen ustez, Korrikak osasun ona du, eta ez omen daki zergatik; edonola ere, «hunkigarria da, eta beharbada bi urtetik behin egitea epe egokia da. Ez da denbora luzeegia, baina bai iristeko irrikan egoteko modukoa eta, aldi berean, bi urtean gauza asko gertatzen dira; esate baterako, batean gurasoekin doazen gazteak hurrengoan kuadrillarekin joango dira. Transmisioa dago». Lurraldetasuna ere nabarmendu du, eta harrotasuna, beste herrialdeentzako eredu delako. Hunkigarria da Jonentzat, halaber, aurten amaiera Gasteizen izatea. 2007an hasi zen AEKn eta 2009ko edizioa, Gasteizen amaitu zena, azken eguneko arduradun gisa bizi izan zuen. Donostiatik «periferiara» zetorrela uste zuen, «baina orduan ikusi nuen hau ez dela hain periferia, gero eta zentroago dela, eta, bestetik, ni ere 'periferiatik' etorri nintzela, Altzatik, hain zuzen, ez Azpeititik». Horregatik, are hunkigarriagoa da beretzat aurtengo edizioa. Iazko udaberrian hasi ziren Korrikaren amaiera prestatzen. Eta lehenengo bilera haren ostean ezin konta ahala gehiago egin dituzte, euren artean eta eragileekin. Txillardegi dakar hizpide Sanchezek berehala: «Klikaren eredu izan zen, erdaratik euskarara, arrazan oinarritutako euskalduntasunetik hizkuntzan oinarritutakora...»